Aldundiaren eretxiz, BEC-en zorra 2027. urtera arte barriro finantzetako akordioa "bikaina" da

Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapeneko Diputatuak, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centreri (BEC) emon jakon eta denpora gitxi barru hainbat finantza erakundegaz sinatuko dan 150 milioi euroko mailegu sindikatua barriro finantzetako akordioa “bikaina” da.
Pradalesek finantza akordioari buruzko zehaztasunak eskini ditu gaur Batzar Nagusietako Ekonomia eta Finantzetako batzordean, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak erregistrautako agerraldi eskaereari erantzunez. Sozialistek gai horri buruzko informazino gehiago eskatu dabe, diputatuak berak maiatzaren 12an egindako osoko bilkuran aurreratutakoaz aparte.
Holan, Imanol Pradalesek, datorren ekainean amaitzen dan 150 milioi euroko kreditua bi partetan finantzauko dala barriro, eta, aurreikuspenen arabera, horreetako azkena 2027ko bagilaren 15ean amaituko dala azaldu dau. Lehenengo partea finantzetako, 10 urterako altxorraren bonoa erabiliko da erreferentzia moduan, oinarrizko 40 puntuko diferentzialagaz, eta bigarrenaren erreferentzia 6 hilebeteko euriborra izango da, oinarrizko 190 eta 200 puntu arteko diferentzialagaz.
Ganera, Ekonomiaren Sustapeneko Diputatuak batzordean adierazo dauenez, “eragiketa horri buruzko informazino guztia BEC-eko Administrazino Kontseiluko kideen esku dago joan dan maiatzaren 15etik”. BEC-eko Administrazino Kontseiluak horren barri izatea, Josu Arteta EAJ-PNV-ko bozeroaleak be azpimarratu dauen gauzea izan da. Oso modu positiboan balorau dau barriro finantzetako lortu dan akordioa.
Imanol Pradales baikor agertu da Barakaldoko BEC-en etorkizunari jagokonez, eta aurrera atera ahal izateko martxan jarri dan planak emon dituan emaitza onak azpimarratu ditu, egitura eta langile arloetako gastuak murrizteko neurriak, beste batzuen artean. “2013an lortutako zifra positiboak” be azpimarratu ditu. Datu horreen artean, igaz BEC-eko instalazinoetan egin ziran 167 ekitaldiak aitatu ditu. Instalazino horreek urteko 236 egunetan okupauta egon dira, eta 280.000 bisita erregistrau ditue. “BEC erreferentziazko azpiegiturea eta aktibo handia da Bizkaiarentzat”, azpimarratu dau diputatuak. Ganera, “ekonomiaren gorakadak azoka eta kongresu jarduerea bultzatuko dauela” uste dauela esan dau, eta “denpora gitxi barru, barruti horretan joko daben musika talde barrien izenak ezagutuko dirala” be aurreratu dau.
Oposizinoko taldeak, baina, euren zalantzak erakutsi ditue BEC-en funtzionamenduaren eta errentagarritasunaren aurrean, orokorrean, eta barriro finantzetako iragarri dan akordioaren ondorioei buruz. Esther Martínez Bizkaiko Talde Popularraren (PP) ustez, “BEC, 10 urte aukerak galtzen daroazan azoka handia da. Denpora asko daroe azokaren gauza onei buruz berbetan, eta esne saltzailearen ipuina gogoratzen dau”.
Joseba Gezuraga EH Bilduko ordezko bozeroaleak, bere aldetik, “BEC egiteko gastau ziran 625 milioi euroak”, “finantza kostu handiak” eta “bertan egon zan aurreko kontseilari eskuordetuak jaso izan eban soldata galanta” gogoratu ditu. Kargu hori desagertuta dago une honetan.
APARKALEKUKO BONOAK
BEC-egaz erlazionauta, baita be, Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako arauz besteko proposamena onartu dau, EAJ-PNV eta PSE taldeen aldeko botoagaz, Barakaldoko azokan egingo dan munduko saskibaloi txapelketarako aparkalekuetarako bonoak egiteko. Ekimen horren helburua, Esther Martínezen berbetan, abuztuaren 30etik irailaren 4ra ospatuko dan “kirol ikuskizun handi hori ikusteko bertara gerturatuko diran milaka eta milaka zaletuei iristea eta mobidutea erraztea da”. EH Bildu proposamenaren kontra agertu da, talde horren ustez neurriak ibilgailu pribaduaren erabilerea sustauko dauelako, garraio publikoen kaltetan.
IBARZAHARRA
Beste alde batetik, batzordeak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztutako arauz besteko proposamena, Aldundiak, Ibarzaharra industriguneko gerente izan zanari, Juan Cruz Nievesi, jasotako diru-kopuruak itzultzeko eskatu deion “karguaren erantzukizunak ez ebazalako bete”. EAJ-PNV, PP eta PSE-EE taldeen eretxiz, “goizegi da” neurri hori eskatzeko, kasua Lan Ikuskaritzaren eskuetan dagoalako, eta erakunde horrek ez dauelako oraindino horri buruzko eretxirik emon.