Aurreko Albisteak

2017an Trapagan mendekotasuna daukien pertsona nagusientzako egoitzea martxan jarteko agindua emon deutsie Batzar Nagusiek Aldundiari

batzordea

Bilbon, 2014ko maiatzaren 29an.

Gaur Bilbon alkartu dan Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordeak aho batez onartu dau Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztu dauen arauz besteko proposamena, Foru Aldundiari “hiru urteko epean gehienez, mendekotasuna daukien pertsona nagusientzako egoitzea eregi eta martxan jarri daian eskatzeko, Trapagako udalerrian”, 2011ko otsailean meategi inguruko udalaren eta Aldundiaren artean sinatu zan hitzarmenean oinarrituta.

Batzarretako talde guztiak bat etorri dira egoitza hori zabaltzeko beharrean. Udalerria aspalditik egiten ari dan eskaria, eta, akordio horretan oinarrituta, Aldundiak eregi behar dau. Halanda be, gizarte azpiegitura horren eraikuntza ez da oraindino hasi, eta hori “zalantzak” ari da sortzen Trapagan, Eduardo Andrés Ricoy PP-ko bozeroaleak adierazo dauenez.

Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak be “gardentasun eta bizkortasun handiagoa” eskatu deutso Aldundiari, egoitza barriak adostutako epeetan zabaldu ahal daizan bere ateak. “Ni gaztea naz, eta itxaron daiket, baina mendekotasuna daukien pertsona nagusiek ezin dabe itxaron”, azpimarratu dau.

Ana Esther Furundarena EAJ-PNV-ko bozeroaleak, bere aldetik, oposizinoko taldeak nasaitu gura izan ditu, “Aldundiak aurreikusitako epeak beteteko konpromisoa hartu dauelako eta 2017an egoitzea bukatuta eta martxan egongo dalako”. Furundarenak ziurtatu dauenez, proiektua eraikina altxauko dan lurretan beharrak egiteko fasean dago eta “azterlanak egiten eta lizentziak eta obra baimenak eskatzen” ari dira.


MENDEKOTASUNA DAUKIEN PERTSONEN ZAINKETEA

Beste alde batetik, Batzordeak atzera bota dau, EAJ-PNV eta PP taldeen kontrako botoakaz, EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat. Proposamen horretan eskaerea egiten jakon Foru Aldundiari, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazinoen eta Zerbitzuen Karterako Dekretuan Eusko Jaurlaritzak proponidu dauenaren kontra agertu daiten Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organuan. Eusko Jaurlaritzak proponidu dauena, Etxeko Ingurunean Zainketak jasotzeko Prestazino Ekonomikoa eskuratu aurretik urtebete zainketak jaso izan beharra da.

Gai hori Batzarretan eztabaidatu da, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak egindako agerraldi eskariaren ostean. Talde horrek Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuaren presentzia eskatu eban maiatzaren 15ean, aurreko egunean komunikabideetan agertutako albistea azaldu eian. Barri horretan esaten zanez, Eusko Jaurlaritzak Foru Aldundien esku ixten ebazan etxeko zaintzaileek bete beharreko eskakizunak erabagiteko eskumena.

Pilar Ardanzak adierazo dauenez, “Espainiako Gobernuak ez bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak ez dau inolako murrizketarik aplikauko gure lurraldeko 11.000 pertsona inguruk jasoten dituen mendekotasunerako laguntzen arloan, eta gure lurraldeko zerbitzuak eta prestazinoak ahalik eta formula onenakaz eskintzen jarraituko dau”,

“Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazinoen eta Zerbitzuen Karterako Dekretua prestetan ari dala” gogoratu ostean, Jon Larrea EAJ-PNV-ko ordezkariak diputatuak esandakoa berretsi dau, eta ziurtatu dau “Aldundiak ez dauela urtebete aurretik alkarregaz bizi izateko beharra eskatuko Etxeko Ingurunean Zainketak jasotzeko Prestazino Ekonomikoa eskuratu ahal izateko”. “Ez dakidana ganerako Aldundiek zer egingo daben da”, esan dau.

Amaia Agirresarobe EH Bilduko batzarkideak adierazo dauenez, “Gipuzkoako Aldundiak jente aurrean azaldu ditu dagoaneko Kartera Dekretu horren zirriborroaren aurrean aurkeztu dituan alegazinoak”, eta ez dau konfiantzarik erakutsi Bizkaiko Aldundiak hartuko dauen jarrera dala eta, “eta gehiago oraindino EAJ-PNV taldea gure taldeak Batzorde honetan gaur aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren kontra agertu dala ikusi eta gero”. PSE-EE taldea proposamenaren alde agertu da. Juan Otermin bozeroaleak azpimarratu dauenez “mendekotasuna daukien pertsonen eskubideek lehentasuna euki behar dabe beti”.