Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU BIZKAIKO EGOITZEN IKERKETA "OROKORRA" EGITEA

  • Bizkaiko Batzarrek atzera bota dabe Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat, egoitzen kudeaketan egindako ardurabakokeriengaitik erantzukizunak argitzeko.

  • Foru Gobernua babesten daben Batzarretako Taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– uste dabe Aldundiak egunero kontroletan dauela adinekoen 154 egoitzen egoerea, bere ikuskaritza-zerbitzuen bidez.

  • Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu bigarren olatuko agerraldirik gogorrenetako bat izan eban Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzako kudeatzaileari kontratua bertan behera izteko eskatzea.

(Bilbon, 2021eko otsailaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe urtarrilaren 25ean, covid-19ak eragindako hirugarren olatuaren une “gorenean”, aurkeztutako Elkarrekin Bizkaiaren proposamen bat, Aldundiak Bizkaiko adinekoentzako egoitza-sarearen egungo egoeraren ikerketa “orokorra” egin eian, “osasuneko araudia eta protokoloaren ez beteteak identifiketako, eta ardurabakokeriarik egon ezkero erantzukizunak argitzeko”. Ekimenak EH Bilduren eta Talde Berezia-PPBren babesa izan dau, eta Batzarretan gehiengoa daukien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako ordezkarien kontrako botoa jaso dau.

Egoitza batzuen kudeaketaren kalidadea “zalantzan” geratu da, “aurreikuspen faltagaitik, axolagabekeriagaitik edo ezintasun materialagaitik”, talde moreko Hector Fernandezen esanetan. Pandemiaren ondorioetarako hain kalteberak diran leku horreetan “kontrol bako” egoerea gertatzeko arriskua dagonez, Bizkaiko adinekoentzako egoitza-sarearen “preminazko diagnostiko bat egitea beharrezkotzat joten dogu”, gertatzen ari diran “akatsak” eta “ez-beteteak” dimentsionetako. “Autortzen dogu ikuskapenek, pedagogiari jagokonez, ondo funtzionetan dabela, baina zentro batzuk behin baino gehiagotan bisitau behar dira araudia bete daien”, “gitxienak diran” arren, ohartu arazo dau. “Egoitza berak izan daitekezala sumatzen dogu”, esan dau, alderdiak batutako datuetan oinarrituta.

Ekimenak Foru Gobernua babesten daben Batzarretako taldeen ezezkoagaz egin dau topo, izan be, ez dabe beharrezko ikusten lurraldeko egoitza guztien ikerketa globala egitea, “egunero” egiten ari dan lana dalako. Celia Gomez jeltzaleak uste dau Aldundiak badaukala Ikuskaritza zerbitzua, eta zerbitzu horrek egiten dauen jarraipena “etenbakoa” dala, araudia beteten dan egiaztetako eta zerbitzuaren kalidadea bermatzeko. Zentzu horretan, pandemia hasi zanetik egin diran “365 ikuskapenak, 1.419 bisita, 1.500 dei eta 530 elkarrizketa indibidual” aitatu ditu Gomezek, “jagokezan txostenakaz eta aktakaz”. “Beharrezkoa ez dan alarmarik ez sortzea eta balizko irregulartasunak ez orokortzea” eskatu deutse oposizinoko taldeei.

Ildo horretan, Ana Berta Campo sozialistak uste dau ez dala beharrezkoa “gizarte zerbitzuetan estres gehiago sortzea”, eta Gizarte Ekintza Sailak, espedienteak zabalduz, zigorrak jarriz eta Fiskaltzari jakinarazpenak edegiz egin dauen lana defendidu dau, baina, oraingoz, Ministerio Publikoak ez dauka “kasurik edegita”, Gomezen berbetan. Aldundiak egoitzetako senideei egindako azken galdeketea mahai gainean jarri dau jeltzaleak. Egoitzetako arretaren balorazinoa “8,06koa” izan da, eta Aldundiaren kudeaketarena “oso ondo altua”.

Alderdi morearen ekimenak oposizinoko beste talde bien babesa jaso dau. Zuzenketa-eske baten bitartez, PPk ikerketea “hilebete batean” osatzea proponidu dau, Aldundiak egin dituan beste txosten batzuen epeak laburtzeko. Abenduan aurkeztutakoa berandu iritsi zan, EH Bilduren eretxiz, baina “egoitzei arlo publikotik laguntzea, jarraipena egitea eta laguntzea” proponiduten eban, Izaskun Duquek esan dauenez, eta hori arauz besteko proposamen honen ildotik doa. Ganera, pandemia honetan “egoitza bakotxean batez beste ikuskapen bi egitea” balantze “eskasa” dala kritikau dau.

Gizarte Ekintzako batzordean Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko beste proposamen bat eztabaidatu da, Aldundiak Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzea eta eguneko zentroa kudeatzeaz arduratzen dan Urbi Hiru ABEEagaz daukan kontratua bertan behera itzi daian, bigarren olatuaren agerraldirik “ikaragarrienetako” bat jasan ebalako. Hector Fernandezen berbetan, 97 egoiliarretatik “88” kutsatu ziran, eta hori oso datu “garrantzitsua” da. “Frogauta geratu da kudeatzaileek ez daukiela kutsatzeari eusteko eta Ikuskaritzaren gomendioak jarraitzeko gaitasunik”. “Zer gertatu behar da Aldundiak kontratu bat birplanteetako?”, galdetu dau.

Foru Gobernua babesten daben taldeek Foru Aldundiaren eta, batez be, bere ikuskaritza zerbitzuen lanean konfiantzea erakutsi dabe. Foru Aldundiak kasu honetan “aurrekaririk bako” hedapena egin dauela azpimarratu ostean, Celia Gomez jeltzaleak “gurata edo zabarkeriaz egindako ez-beteteak” gertatu dirala erakusten daben “zantzurik edo frogarik” ez dagola esan dau, alderdi moreak defendidu dauen moduan. “Egiazkoak badira, ekimen honetatik harago jardun behar dozue”, iradoki deutso alderdi moreko ordezkariari, baina “guk dakigunez Fiskaltzak ez dau jardun”. Azkenean, proposamena atzera bota dabe, kontrako 10 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia) eta aldeko 5 botogaz (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu).

GALLARTAKO EGOITZAKO LANTALDEA

Bizkaiko Batzarrek atzera bota dabe, baita, Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat, Aldundiari Gallartako egoitzan “24 orduko erizaintzako eta fisioterapiako zerbitzuekin” jarraitzeko eskatzeko, adinekoek erabiltzaile moduan jarraitzen daben bitartean, gitxienez; izan be, zentro hori urritasunen bat daukien personak artatzeko zentro bihurtuko da.

Elkarrekin Bizkaiaren babesa izan dauen proposamena atzera bota dabe euzko abertzaleak eta euskal sozialistak taldeek, eta proposamena egin dauen taldeak onartu ez dauen zuzenketa-eske baten bitartez argi itzi dabe “erizaintza-zerbitzua modu egokian dimentsionetearen alde” dagozala, “adineko erabiltzaileen kopuruak eta hareen laguntza-beharrek halan eskatzen daben bitartean”, azaldu dau Asier Lopez de la Fuente jeltzaleak. Abstenidu egin dan EH Bildurentzat, horrek behargin kopurua murriztea ekarri daike, adineko egoiliarrak desagertu ahala.

TXERTAKETA PROZESUA OROZKON

Azkenik, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak azaldu dauenez, bere sailak ez dau erantzukizunik Osakidetzak Aldundiaren esku dagozan egoitzetako beharginei egindako txertaketa prozesuan. “Gure ekarpen bakarra egoitzaren izena emotea izan da”, esan dau. Holan erantzun deutse Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk egindako ahozko erantzun-eskeei. Erantzun-eske horreetan azalpenak eskatu deutsiez, ESK sindikatuak salatu dauenez, Jesús María de Orozko (Grupo Norte) urritasun-zentroko arduradun bati modu irregularrean jarri eutsielako txertoa. Talde biek Foru Aldundiak egoitza horretako kudeatzaileen aurrean egoerea “argitu” daiala eta neurriak har daizala eskatu dabe.