REMENTERIAK UKO EGIN DEUTSO DEFIZITA GEHIAGO HANDITZEARI, ETORKIZUNEKO BELAUNALDIAK EZ KONPROMETIDUTEKO
- Bizkaiko Ahaldun Nagusiak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, taldeei 2020ko bilketaren itxieraren barri emoteko.
- Gogoratuazo dau lurraldeak zergen bidez lortutako diru-sarrerak aurreikusitakoa baino gitxiago jaitsi zirala, “% 10,9”, eta uko egin deutso gastu gehiago egiteko ekitaldi bitan zorpetzea ia 600 milioi euro handitzeari.
- Oposizinoaren ustez, Bizkaiak beste lurralde biek baino diru gitxiago batu eban, eta erreforma fiskala eta udal finantzaketa eredua eta Ekarpenen Legea aldatzea eskatu dau.
(Bilbon, 2021eko zezeilaren 18an). Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak agerraldia egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, Herri Dirubideen Euskal Kontsejuak zezeilaren 12an egindako bileraren eukia azaltzeko. Bilera horretan, hiru lurralde historikoetako diru-sarreren 2020ko likidazinoaren itxieraren barri emon zan. Covid 19aren inpaktuaren ondorioz Diru-bilketaren beherakadea “% 10,9koa” izan zan Bizkaian, orain hilebete batzuk aurreikusitakoa baino beherakada txikiagoa.
Aldundiak diru-sarrera gitxiagogaz aurre egin behar deutse daborduko konprometituta egozan gastuei eta pandemiak Bizkaiko ekonomian izan dituan ondorioei; hori dala eta, Aldundiak aurreikusi bako “ia 300 milioiko” zorpetzea sartu eban 2020ko kontuetan, eta beste horrenbeste, aurreikuspenak beteten badira datorren eguaztenean Gernikan onartuko diran aurtongo aurrekontuetan. Hori bai, Rementeriak ohartuarazo dau ez dagozala “etorkizuneko belaunaldien kontura” defizit hori gehiago handitzeko prest, Elkarrekin Bizkaiari erantzunez, “defizitari hutsean eusteko ahalegin horregaitik” talde horren kritikak jaso ostean.
Azkenik, Foru Aldundien zerga itunduen bilketa finkatua 13.949 milioi eurokoa izan zan 2020an, hau da, 2019an baino 1.520 milioi euro gitxiago, eta urte arteko beherakadea % 9,8koa izan zan EAEn (% 10,9 Bizkaian). Holan, 537,7 milioi euro gehiago bildu ebezan, urriaren 15ean onartutako itxierarako aurreikuspenagaz alderatuta. Rementeriak azpimarratu dauenez, erkidegoaren zerga bidezko diru-sarrera gordinen “ia % 60” (% 59,30) Bizkaian batzen da, eta horrek erakusten dau “ez gagozala txarto” beste lurraldeakaz alderatuta, “kontrakoa esango neuke”, esan dau, Bizkaiak erakunde komunei egindako ekarpenaren % 50,39ko koefizientea daukala aitatuz.
Pandemiaren eragina desbardina izan zan zerga batzuen eta besteen bilketari jagokonez. Zigorrik handiena Soziedadeenak jasan eban, % 22,2 jaitsi zan eta. Eta beste puntan PFEZaren % 3,2ko beherakada egon zan. BEZari, euskal erakundeen finantzaketaren oinarri dan beste hanka handiari, jagokonez, % 14,4 jaitsi zan. Azkenik, Bizkaiko Ogasunak 7.122 milioi euro jaso ebazan, 2019ko likidazinoan baino 873 milioi gitxiago.
Beherakada hori hor dagon arren, “eusten ari gara”, esan dau; izan be, hasierako aurreikuspena “okerragoa” zan. Ahaldun nagusiak ohartuarazo dauenez, “zalantzak” dagoz oraindino pandemiaren bilakaerea dala eta, baina “ziurtasunak” be badagoz, “ekonomiari lagunduko deutsolako garrantzitsua dan” txertaketa prozesua, edo Europako funtsen etorrerea, beste batzuen artean.
Oposizinoko taldeek azpimarratu dabenez, bilketa gehiago jaitsi da Bizkaian, gainerako lurraldeetan baino. Euskal Autonomia Erkidegoko “batez bestekoaren azpitik dago”, adierazo dau Amaya Fernandez popularrak, eta Ekarpenen Legea aldatzeko prozesua aitatu dau oposizinoko ganerako taldeakaz batera, “hamarkada bateko atzerapena daroalako”.
Batutako dirua ikusita, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldearen bozeroaleak pisu gehien industrian daukan eredu ekonomikoa aldatzea eskatu dau, eta baita zerga arloko erreforma bat egitea be, “aurrezkia eta kapital-errentak horrenbeste bultzatuko ez dituan eta diru-sarrerak beharginen klaseen ganean ez egotea ahalbidetuko dauen fiskalidade progresibo bat izateko”; izan be, PFEZren diru-sarrerak “% 3,2” baino ez dira jaitsi, eta Soziedadeen ganeko Zergea % 22 baino gehiago. Gai horretan, Rementeriak “gauzak ez nahasteko” eskatu dau, PFEZ “guztion artean ordaintzen dalako” eta Soziedadeen ganeko Zergak enpresen irabaziak zergapetzen ditualako.
Juan Otermin sozialisten bozeroalea pozik agertu da diru-bilketaren aurreikuspenak “egokiak” izan diralako eta, datuak ikusita, “egonezin gitxiago” izan daikegulako, “oso une gogorrean sistemak funtzionau dauelako”. Bere taldearen “kezka” pandemiak PFEZaren hurrengo kanpainan izango dauen eragina da. Otermin, erreforma fiskal biak urte amaieran ebaluatzearen alde agertu da, edozein aldaketa egin aurretik.
Bestalde, EH Bilduko Arantza Urkaregik azpimarratu dau zerga-bilketaren jaitsierea ez dala “hain handia” izan PFEZaren eta, batez be, lan-errenten portaera onari esker, eta, horregaitik, zerga arloko aldaketak egitearen alde agertu da. “Zerga zuzenek zeharkako zergek baino pisu handiagoa euki behar dabe”, esan dau Urkaregik, aberastasuna gehiago zergapetzeko, eta udalei egindako ekarpena “% 15,02” jaitsi izana be kritikau dau, ekarpen hori bilketaren jaitsierea baino gehiago jaitsi dalako, eta horrek udal finantziazino eredua aldatzeko beharra dagola berresten dau.
Jesus Lekerikabeaskoa Eusko Abertzaleak taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, abalak “likidauta” dagoz, doikuntzarako funtsa “ez da osorik erabili behar izan”, eta funts bereziak “ez dira agortu”. Jeltzaleak pandemiaren testuinguruan kokatu ditu datu ekonomikoak. Horrek diru-bilketaren beherakada “historikoa” ekarri dau, “zorionez” orain hamar hilebete egindako aurreikuspena baino txikiagoa. Udalkutxari jagokonez, Batzar Nagusietako EAJren bozeroaleak udalek diru gitxiago itzuli beharko dabela azpimarratu dau. Hasierako aurreikuspenaren 60 milioiak 46 milioi (45.965.000) bihurtu dira, ahaldun nagusiak Finantzen Lurralde Kontsejuaren bilera egin aurretik aurreratu dauenaren arabera, eta hori “albiste ona da”.
Taldeei emondako erantzunean, Rementeriak esan dau Bizkaiko interesak datuakaz defendiduko dituala, Ekarpenen Legearen onarpenari jagokonez, zirriborro aurreratua daukalako, Ogasun sailburuak FEKren bileraren ostean iragarri ebanez. Modu berean, talde bereziari erantzunez, ahaldun nagusiak esan dau ez dauela aurreikusten hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak “barriro aztertu behar izango diranik”. Eta, azkenik, “epe laburrean” Eudelegaz batzorde parekidea sortzearen aldeko apustua egin dau, udal finantziazinoa lantzen joateko.