ALDUNDIAK AURREIKUSI DAUENEZ "2022KO HIRUGARREN HIRUHILEKOAN" EKARRIKO DAU ERREPIDEEN PLAN BARRIA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETARA
- Aldundiaren asmoa Bizkaiko Batzarretan “ahalik eta adostasun handiena” lortzea da, Bizkaiko Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialaren Foru Araua onartzeko.
- Oposizinoak “lanerako mahaiak” sortzeko eskatu dau, dokumentuan ideak gehitu ahal izateko.
- 13 kilometrorainoko ibilbide laburretan motordun ibilgailuakaz egiten diran 900.000 bidaia baino gehiagoetatik Aldundiak egunero 155.000 bidaia bizikletara aldatzea dauka helburu moduan.
(Bilbon, 2021eko zezeilaren 17an). Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak Bizkaiko Errepideen II. Lurralde Plan Sektorialak Bizkaiko Batzar Nagusietan onartzeko egin behar dituan izapideak azaldu ditu gaur. Aldundiaren asmoa Bizkaiko Batzarretan “ahalik eta adostasun handiena” lortzea da, “2022ko hirugarren hiruhilekoan” hasiko dan eztabaida prozesuan. Oposizinoak “lanerako mahaiak” sortzeko eskatu dau, Batzarretako taldeek euren ideak azken dokumentuan sartu ahal izateko.
Onartu aurretik, foru-araua onartzeko izapideak 8 fase bete beharko ditu. Lehenengo biak daborduko gauzatu dira, planaren aurrerapena eta parte-hartze prozesua, hain zuzen be. Azken hori abenduaren 17an amaitu zan, Bizkaiko eskualde guztietan egin ziran “8 topaketa birtualen” bitartez, “100 persona baino gehiagoren” parte-hartzeagaz eta “200 iradokizun baino gehiagoren” ekarpenagaz. Hemendik aurrera, datozan urteetan, beharrezkoa izango da aurreproiektu bat eta ingurumen-azterlan estrategiko bat egitea (2021eko udan), jente aurrean jartea (2021eko uztaila-urrian), planaren behin betiko proiektua egitea (2022ko urtarrilean), Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egitea (2022ko garagarrilean), Euskadiko Garraio Agintaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordearen derrigorrezko txostenak egitea eta, azkenik, foru arauaren eztabaidea eta onespena Batzar Nagusietan lantzea. Prozesu hori 2022ko hirugarren hiruhilekotik aurrera hasiko da, Gobernu Kontsejuan onartu ostean.
Pradalesek azaldu dauenez, 1999an indarrean egoana ordeztuko dauen plan hau, mobikortasun iraunkorraren erronkari erantzuteko Bizkaiko errepideetan hurrengo bosturtekoetan sartuko diran xedapenak, helburuak, lehentasunak eta hobekuntzak ezarten dituan plangintzarako tresnea da. Klima larrialdiko egungo egoeran, mobikortasunaren inguruko “paradigmea aldatzea derrigorrezkoa” dala esan dau, denpora guztian ibilgailu pribadua erabilteko joerak joera zentzuzkoagoetara bideratuz.
Pradalesek prozesuan parte hartzeko gonbitea egin deutse Batzarretako Taldeei, herritarrak garraiobide jasangarriagoetara “bideratzeko”, bizikletara, besteak beste. Helburua “bihurguneari bueltea emotea” eta “2035ean gaur egun dagon motordun mobikortasun bolumen bera lortzea” da. Horretarako, Aldundiak “egunero 135.000 bidaia” bizikletarantz aldatu gura ditu, orain motordun ibilgailuakaz egiten diran 8 kilometrorainoko ibilbide laburretan. Eta beste “20.000”, zortzi eta hamahiru kilometro arteko joan-etorrietan. Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Sailaren datuen arabera, egunero, Bizkaian, ibilgailu pribaduan egiten dira zortzi kilometrotik beherako 685.000 bidaia, eta zortzi eta hamahiru kilometro bitarteko 220.000.
ERAIKINAK ERAISTEA GETXO ERDIALDEA EREGITEKO
Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, Pradalesek xehetasun batzuk emon ditu, daborduko Azpiegiturak soziedade publikoaren ardurapean dagon Getxoko belaunaldien arteko zentroa zelangoa izango dan azaltzeko. Aurreproiektuak eraikinak eraistea eta bloke barri bat eregitea aurreikusten dau. Bloke barri horrek sotoa, beheko solairua, 4 solairu eta teilatupe bat eukiko ditu, gazteak eta adinekoak alkarregaz biziko diran espazio komunen bitartez bereizita. Aldundiak adinekoentzako 100 plaza prestauko ditu, banakako 76 logelatan eta 12 logela bikotxetan, eta alokairuko 40 apartamentu gazteentzat. Inbertsinoa 13 milioi eurokoa izango da.
Pradalesen kalkuluen arabera, Erromon, auzoari edegita egongo dan zentro “barritzaile eta aitzindaria” “2022ko udabarrian” eregiten hasi ahal izango da, aurreikusitako epeak bete ezkero; halanda be, aurretik, lehendik dagozan eraikin biak eraisteko proiektuak, eraikuntza-proiektua eta obra-zuzendaritza lizitau beharko dira. Diputatuak aurreikusten dauenez, esleipenduna “3 edo 4 hilebete barru” hasiko da behin betiko proiektuan beharrean, eta horrek urte amaieran eraisteko fasea hastea erraztuko leuke. Aldundiak darabilen kronogramak erakusten dauenez, 9.000 metro karratuko azalerea izango dauen zentroa “2024ko udabarrian” edegiko da, 24 hilebeteko lanen ostean.
BIDESARIAK EGUNERATZEA ETA BASAURI-ETXEBARRI BIDEGORRIA
Horrez gain, diputatuak, bere ekimenez, Foru Aldundiaren Foru Dekretuaren barri emoteko agerraldia egin dau; horren bitartez, bide-azpiegitura sareko hainbat tarteren ganeko bidesariaren zenbatekoak eguneratzen dira 2021erako, eta baita azpiegitura horreen erabiltzaileentzako gehieneko gastu-mugea be. Azken kasu horretan, Bidesaria programari atxikitako bizkaitarrek gehienez 33,45 euro ordainduko ditue hilean ordainpeko hiru foru bideetan (AP-8, Supersur eta Artxandako tunelak) egindako ibilbideengaitik. Horrez gain, lurralde arteko gastuaren mugea hilean 48,93 eurokoa izango da Gipuzkoan eta Araban ordaindutako bidesarietarako. Aurkeztutako tarifek “ibilbide bakotxeko 4 zentimoko igoera” dakarre, Eduardo Andrade ahaldunak gogoratuazo dauenez.
Pradalesek Bizkaian dagon bidesari sistemea defendidu dau, berarentzat “gizarte arloko ezkutua” dalako. Azkenengo datuek erakusten dabenez, “21.300 ibilgailuk” erabilten dabe bidesari-bono hori, eta hilean, batez beste, 50,6 euro itzultzen jakez. Sistema martxan jarri zanetik, Aldundiak “25 milioi euro” bideratu ditu horretara.
Diputatuak azaldu dauenez, pandemiak arrastoa itzi dau diru-sarreretan. 2020an trafikoa % 27,1 jaitsi zanez, “19,9 milioi euro gitxiago” bildu dira autobideetako bidesari moduan. Halanda be, ez dira “zentimo bakar bat be murriztu” Bizkaiko errepideak mantentzeko eta kontserbetako konpromisoak eta inbertsinoak, hori, “ekonomia batera jausten ari dan garaian elementu kontraziklikoa dalako”.
Beste alde batetik, EH Bilduren galderei erantzunez, Pradalesek esan dau “2022. urtearen amaieran” Aldundia Etxebarri eta Basauri arteko bidegorria eregiteko lanak “lizitetako moduan” egongo litzatekela. Une honetan, Aldundia lurraren gaineko azterketa topografikoak eta geologikoak egiten, eta tranbia zaharraren tunelaren egoera aztertzen ari da; aldi berean, udalen erantzunaren zain dago, gas-kanalizazino batek eragindako tarteei jagokenez.