Aurreko Albisteak

ERREKLAMAZINOEN BATZORDEAK URTEKO TXOSTENA AURKEZTU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Maria Barrena buru dauen batzordeak 7 erreklamazino ebatzi ebazan, eta 71 informazino-eskaera jaso ebazan herritarren aldetik.

  • Oposizinoko Batzarretako taldeek 2016an sortutako organu hori “gehiago zabaltzea” eskatu dabe, informazinoa ukatzeagaitik herritarrek aurkeztutako erreklamazinoak ebazteko.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 16an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak 2020ko ekitaldiko Erreklamazinoen Batzordearen urteko jarduera-memoria aurkeztu dau gaur. Igaz, batzorde horrek 6 erreklamazino eta 3 salaketa aztertu ebazan. Horreetatik, zazpi ebatzi ziran, eta bi onartezinak zirala adierazo zan. Aurton, Foru Aldundiak informazinoa ukatzeagaitik herritarrek egindako erreklamazinoak ebazteko ardura dauen organo horrek beste erreklamazino bi ebatziko ditu, Maria Barrena batzordeko presidenteak Batzarretako taldeen aurrean egindako agerraldian azaldu dauenez.

Gardentasunari buruzko Foru Arauaren arabera, batzordeak urtero aurkeztu behar dau Bizkaiko Batzar Nagusietan informazino publikoa eskuratzeko eskaeren ganeko datuak be jasoten dituan urteko balantze hori. Erreklamazino kopurua “txikia” bada be, Barredak azaldu dau urtetik urtera informazino eskaerak “handitzen” ari dirala. 2019an “40” jaso ziran, igaz “71” izan ziran, eta horreetatik “58 onartu ziran, 3 onartezinak zirala adierazo zan, 2 ezetsi egin ziran eta 8 eskatzailek atzera egin eben”, txostenean jasoten danez.

Barredak sisteman “arazo bat” dagola onartu dau; izan be, herritarrei “gaitza egiten jake zein bide erabili erabagitea” Aldundiaren erantzunak bilatzeko, arazoaren arabera. Horregaitik, batzordeak aldaketak egin ditu erakunde horren funtzionamentua azaltzeko eta errazago ulertzeko. Barredak azaldu dauenez, salaketarako inprimaki espezifiko bat sartu da, erreklamazino-formularioak egokitu dira eta webguneko salaketen eta erreklamazinoen ganeko informazinoa argitu da, baita egoitza elektronikoaren administrazino-prozeduren katalogoan jasotakoa be.

Oposizinoko Batzarretako taldeek (Talde Berezia-PPB, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) deitoratu egin dabe herritarren artean batzorde horren inguruan dagon “ezjakintasuna”, eta “gehiago zabaltzea” eskatu dabe, organua “erabilgarriagoa” izan daiten. Foru Gobernua eusten daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) erakundearen lana autortu dabe, eta egindako aldaketek bere lana “zabaltzeko” balio izatea gurako leukie, horrek “zerbitzua hobetzea ekarriko dauelako”.

UGAO-MIRABALLES ETA ARRANKUDIAGA-ZOLLO

Beste alde batetik, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak Ugao-Miraballesko armarri heraldikoa aldatzeko proposamena onartu dau, Udaleko osoko bilkurak hartutako erabagiagaz bat etorriz. Armarriaren ezaugarri barrien artean, “urrezko zelai baten gainean, gul-torre bat dago, sable galdara batez trebatua”. Osoko bilkurak berretsi beharko ditu aldaketa horreek, indarrean jar daitezan.

Gai-zerrendan, Arrankudiagako udalerriaren izenaren aldaketea be sartu da, Zollo izena gehitzeko. Aldundiak proponiduta, batzordeak, Batzarretako taldeen baiespenagaz, udalaren proposamena baztertzea erabagi dau, proposamenean izen barria zehatz zein izan behar zan argi ez egoala ikusita. Euskaltzaindiaren gomendioetan oinarrituta, udalerri barriak “Arrankudiaga-Zollo” izena izan beharko leuke, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak azaldu dauenez.