Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2021EKO AURREKONTUEN ZUZENKETA PARTZIALEN EZTABAIDEA ITXI DABE

Bilbao

  • Ogasun eta Finantzetako Batzordeak kontu publikoen erespena aurkeztuko dau, datorren eguaztenean, zezeilaren 24an, Gernikan egingo dan osoko bilkuran kontu horreek berretsi daitezan.

  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek sei eztabaida-jardunaldietako zuzenketa-eske bakarra onartu dabe batzordean, 2021ean Interbiak-ek “45 milioi euroko” zorpetze-marjina euki daian.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 15an). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur itxi ditue 2021eko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuari egindako zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko joan dan astelehenean, zezeilaren 8an hasi ziran sei jardunaldiak. Ogasun eta Finantzetako Batzordeak txostena aurkeztuko dau orain, datorren eguaztenean, zezeilaren 24an, Gernikan egingo dan bilkuran lurraldeko kontuak onartzeko.

Gaur, Bizkaiko Batzarretako taldeek Ogasun eta Finantzetako sailaren aurrekontuari eta testu artikulauari aurkeztutako 50 zuzenketa-eske baino gehiago aztertu dira. Bilkuran, osoko bilkurara iritsiko dan aurrekontu-aldaketa bakarra adostu da. Aldaketa hori Foru Gobernua eusten daben Batzarretako talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) proponidu dabe, eta Interbiak foru-soziedadeari 45 milioi euroko merkataritzako zorpetzea gehitzea barne hartzen dau.

Onartutako zuzenketa-eskeak Aurrekontuen 29. artikulua aldatuko dau. Pandemiak eragindako inpaktua dala-eta, soziedade horrek diru-sarreren arloko aurreikuspenak beteten ez dituanez, zor hori barriro planteauko da, “finantzaketa-kontratuetatik eta abian dituan jarduketak gauzatzetik eratorritako ordainketa-betebeharrei erantzun ahal izateko”. Jeltzaleek eta sozialistek sinatutako zuzenketa-eskean adierazoten danez, zorpetzeko marjina bat aurreikusteak “zuhurra” emoten dau.

Oposizinoko hiru taldeek (Talde Berezia-PPB, Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) proposamenaren eta 29. artikuluaren kontra bozkau dabe. Artikulu horrek, 2021eko abenduaren 31n, ia 90 milioitan izten dau soziedade horren eta beste hiru merkataritza-soziedaderen epe luzeko zorpetze-bolumena. Beste 17 milioi euro Azpiegiturak erakundearentzat izango litzatekez; 4.923.000 euro Sestao Bairentzat; eta 22.727.000 euro Garbikerrentzat.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldearen bozeroaleak, zuzenketa-eskearen kontrako txandan, Interbiaken proiektuak “ahalik eta azkarren barrikustea” eskatu dau. Eta Arantza Urkaregi EH bilduko ordezkariak uko egin deutso zorpetze hori babesteari, soziedade horrek, “gure lehentasunen artean ez dagozan” azpiegitura “erraldoiak” planteetan ditualako. Talde Bereziko bozeroaleak ez dau botoa azaltzeko txandan parte hartu.

Jose Maria Iruarrizagak zuzentzen dauen sailaren kontuei jagokenez, Gernikara aldaketa barik iritsiko dira. Ogasun eta Finantzetako Sailak 54,4 milioi euroko aurrekontua izango dau, Aldundi osoak izango dauen 1.358,8 milioi euroko aurrekontuaren barruan. Guztira 7.970,8 milioi euroko gastu eta sarrerak aurreikusten dituen 2021erako Bizkaiko Kontuek, 294,3 milioi euroko zorpetzea sartuko dabe urte honetan.