Aurreko Albisteak

GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BAT LANDATU DA GASTEIZEN, ESTADIO FUNDAZIOAREN 60. URTEURRENA DELA ETA

  • Ekitaldiaren buru Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Vital Fundazinoetako Presidentea izan dira.

(Vitoria-Gasteizen, 2021eko zezeilaren 12an). Gasteizko kirol-jarduna sustatzeko eta zabaltzeko erreferentzia garrantzitsua dan Estadio Fundazinoak, amaierea emon deutse bariku honetan bere 60. urteurreneko ospakizunei, Agora Plazan, kirol-instalazinoen ondoan, Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatuta eta horma-irudi bat jarrita.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Jon Urresti Vital Fundazinoetako presidentea, José Ángel de Lacalle Estadio Fundazinoko lantaldearen ordezkaria, eta Teresa Breda, 20.000 abonatu ingururen ordezkaria, izan dira Agora plazan sustraiak botako dituan 16 urteko haretx gazteari lehenengo lur-paladak botateaz arduratu diranak. Ekitaldian izan dira, ganera, Bingen Zupiria Kultura sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, Pedro Elosegui Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea.

Horren ostean, “Gernika site” horma-irudia aurkeztu da. Kafetegiaren azpian dago eta Pedro Maria Moraza artistak sortu dau beren-beregi okasino honetarako. Egileak azaldu dauenez, lana euskal herriaren eta bere balioen alegoria bat da, Gernikako Arbolak irudikatzen dituan jatorri demokratikoei eta Gernikako bonbardaketak Gerra Zibilean eragindako sufrimentua gainditzeari ohore eginez.

Bizkaiko Batzarretako lehendakaria pozik agertu da, “arabarren eskaerei eta beharrei jarraituta hazten eta garatzen joan dan” Arabako fundazinoak, “Euskal Herriaren ikur unibersalena” aukeratu dauelako 60 urte bete dituala ospatzeko; “gure demokraziaren, gure Eskubide Historikoen eta herri honek bakea lortzeko daukan nahiaren” sinboloa da, “Gernika site” horma-irudiak jasotzen dauen moduan. Otaduiren berbetan, pandemiaren garaiotan “Itxaropenaren ikur” bihurtu da, eta “guztion ahaleginagaz eta energiagaz egoera honetatik urtengo dogula” espero dauela azpimarratu dau.