BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GARRAIO ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN FORU SAILEKO AURREKONTUA ONARTU DABE BATZORDEAN

- Bizkaiko 2021eko Aurrekontuen proiektuaren zuzenketa-eske parzialen eztabaidea astelehen honetan amaituko da.
(Bilbon, 2021eko zezeilaren 12an). Aurreko lau jardunaldietan gertatu dan moduan, Foru Gobernua eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, atzera bota ditue Ogasun eta Finantzetako Batzordean eztabaidatu diran oposizinoko taldeen zuzenketa-eske guztiak. EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PPBk 28 zuzenketa-eske parzial aurkeztu ebezan Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Sailaren kontuen aurrean.
Osoko bilkurak berretsi ezkero, Miguel Ángel Gómez Viarrek zuzentzen dauen sailak 167,4 milioi euroko aurrekontua izango dau aurten –Gizarte Ekintzaren eta Azpiegituren ostean Aldunditik gehien gastauko dauen hirugarrena izango da–, eta gaur goizean onartu diran sailaren 6 programen artean banatuko da, ezelango aldaketa barik. Bilkura berean, Aparkabisa foru soziedadearentzat erreserbautako zenbatekoa onartu da.
Foru Gobernuaren lana eusten daben taldeek ez ditue onartu EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak goi-kargudunen soldatea murrizteko behin eta barriro egin dituen ahaleginak, ezta talde moreak Lantik eta Zugaztel soziedadeen partidak kentzeko eta erakunde horreek Herri Administrazioko sailean sartzeko erakutsitako asmoa be.
Garraio publikoari jagokonez, Batzarrek ez ditue onartu hainbat eskualdetan Bizkaibuseko lineen maiztasuna areagotzeko oposizinoak egindako zuzenketa-eske guztiak, eta gauza bera gertatu da Bizkaibuseko autobusetan kutsatzeak prebenitzeko neurriak ezarteko partida guztiakaz be. Elkarrekin Bizkaiak 2 milioi euroko partida sartu gura eban horretarako. Gobernua babesten daben taldeek uste dabe aurrekontuak, idatzita dagozan moduan, “nahikoak” dirala zerbitzuaren funtzionamentu egokia bermatzeko.
Talde moreak, EH Bilduren eta Talde Berezia-PPBren babesagaz, Uribe Kosta-Ezkerraldea, Lea Artibai, Ezkerraldea-Meatzaldea eta Mungialdea-Urdulizko Ospitalea lineetan zerbitzua indartzeko beharra defendidu dau.
Horrez gain, metroaren sarea luzatzeko planak be eztabaidatu dira. Ildo horretan, hainbat taldek Foru Gobernuak metroa luzatzeko planak azkartzea eskatu dabe. EH Bilduk, ETSra milioi bat euroko transferentzia egitea eskatu dau, metroa Errekaldera eta Galdakaora eroateko eraikuntza proiektuak arintzeko. Talde Bereziak 3 milioi euroko partida bikotxa eskatu dau aurton metroaren 4. eta 5. lineak eregiten hasteko, baina asmo horrek Elkarrekin Bizkaiaren babesa baino ez dau izan. Popularrek 600.000 euroko beste partida bat eskatu dabe Meatzaldea metroaren sareagaz lotzen dauen 6. linea bat aztertzen hasteko. “Pandemiaren erdian ez dauka zentzu handirik”, esan dau Raúl Mendez EH Bilduko ordezkariak, eta gitxiago alderdi horrek Meatzaldea zeharkatzen dauen aldiriko linea “hilten itzi” dauela kontuan izanda.
Kopuru ekonomiko txikiagoko beste gai batzuen artean, Bizkaiko Batzarrek atzera bota dabe Aparkabisaren aurrekontua murrizteko Talde Bereziak egin dauen proposamena, edo Bizkaibusen markesina eta panel informatibo gehiago instaletako zenbatekoa handitzea. Gauza bera gertatu da garraio publikoan gazteentzat eta epe luzeko lanbakoentzat hilean 20 euroko bonoa jarteko eskariagaz. Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak bizikletentzako euskarriak eskatu ditu BIZKAIBUSen. Eta EH Bilduk Uribe Kostako eta Ezkerraldeko lineak “publifiketako” azterlan bat eta herritarren artean lurraldeko bidegorriak ezagutuarazoteko beste bat eskatu ditu.