Aurreko Albisteak

EZ DIRA ONARTU KULTURAREN ETA ADMINISTRAZINO PUBLIKOAREN AURREKONTUEI EGINDAKO ZUZENKETA-ESKEAK

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak 2021eko kontuei jarritako 150 zuzenketa-eske parzial eztabaidatu ditu gaur.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusiek aurrera jarraitzen dabe beharrean, zezeila amaitu baino lehen lurraldeak aurrekontuak izan daizan. Gaur, Ogasun eta Finantzetako Batzordean egin dan zuzenketa-eske parzialen eztabaidaren laugarren egunean, 144 zuzenketa-eske parzial jarri dira mahai gainean, Euskara, Kultura eta Kiroletako, eta Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetako foru sailetako kontuen testu arauemoileak txukuntzeko. Halanda be, oposizinoaren zuzenketa-eske guztiak bertan behera geratu dira, Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabelako.

Osoko bilkurak berretsi ezkero, aurton 49,7 milioi euroko aurrekontua izango dau Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, eta gaur goizean onartu diran 13 programen artean banatuko dira, ezelango aldaketa barik. Batzarretako taldeek 65 zuzenketa-eske aztertu ditue lehenengo saioan: 13, Talde Bereziarenak; 36, Elkarrekin Bizkaiarenak; eta 16, EH Bildurenak. Saio berean, Bizkaikoa eta Euskalduna Jauregia foru-erakundeentzat eta Azkue, Bizkaialde eta Juan Crisostomo de Arriaga fundazinoentzat erreserbautako zenbateko ekonomikoak onartu dira.

Ibone Bengoetxeak zuzentzen dauen sailak, barriz, 70,8 milioi euro mobiduko ditu guztira. Ogasun eta Finantzetako Batzordearen bigarren saioan, 17 programatan banatutako kontu horreek be Batzarren iragazkia igaro dabe, eta ez da oposizinoko taldeek erregistrautako 79 zuzenketa-eskeetako bakar bat be onartu. Talde Berezia-PPBk osoko bilkurarako gorde ditu bere 6 zuzenketa-eskeak. Elkarrekin Bizkiak gauza bera egin dau Administrazino Publikoaren eta Harreman Instituzionalen aurrekontuari aurkeztutako 46 zuzenketa-eskeakaz, eta baita EH Bilduk be bere 27 aldaketa proposamenakaz. Bizkaiko Batzarrek ez ditue onartu udal finantziazinoa aldatzeko 6 zuzenketa-eskeak, eta Lantiken, Zugaztelen eta Biscaytik Fundazinoaren aurrekontuak onartu ditue.