Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ONTZAT EMON DITUE EKONOMIA SUSTAPENEKO ETA AZPIEGITURA ETA LURRALDE GARAPENEKO SAILEN AURREKONTUAK

Bilbao

  • Ogasun eta Finantzetako Batzordeak 155 zuzenketa-eske parzial eztabaidatu ditu gaur saio bietan.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 10ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek 2021eko Aurrekontuen zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko eta bozkatzeko hirugarren jardunaldia egin dabe gaur. Saio bietan, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak 155 zuzenketa-eske landu ditu, Ekonomia Sustapeneko eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko sailetako kontuen alderdiren bat aldatzeko. Azkenean, aurrekontu horreek aldaketa barik iritsiko dira osoko bilkurara; izan be, aurreko bi jardunaldietan gertatu zan moduan, Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota ditue oposizinoaren zuzenketa-eske guztiak.

Ekonomia Sustapeneko sailaren aurrekontua 65 milioi eurokoa izango da 2021ean, eta aurton Aldundiko sail guztien arteko zuzenketa-eske kopuru handiena jaso dau. Batzarretako taldeek 111 zuzenketa-eske aztertu ditue lehenengo saioan (39 Talde Bereziarenak, 55 Elkarrekin Bizkaiarenak eta 17 EH Bildurenak). Bilkuran, Beaz, Crowdfunding Bizkaia, Seed Capital eta Seed Capital Mikro foru-erakundeentzat eta programentzat erreserbautako zenbateko ekonomikoak onartu dira.

Beste alde batetik, Gizarte Ekintzaren ostean eskuragarri dagon diruari jagokonez bigarren lekuan dagon eta Imanol Pradalesek zuzentzen dauen saileko kontuek (238,3 milioi euro mobiduko ditue guztira), ezelango aldaketa barik igaro dabe 44 zuzenketa-eskeen Batzarretako eztabaidea. Azkenean, atzera bota dira Talde Berezia-PPk aurkeztutako 11 zuzenketa-eskeak, EH Bilduk aurkeztutako 11k eta Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako beste 22ak. Bizkaiko Batzar Nagusiek argi berdea emon deutse Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko sailaren esku dagozan Azpiegiturak, Interbiak eta Sestao Bai merkataritzako soziedadeen aurrekontuei.