Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BATZORDEAN PUNTU BAKAR BAT ALDATU BARIK ONARTU DABE GIZARTE-EKINTZA SAILAREN AURREKONTUA

  • Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek oposizinoaren 92 zuzenketa-eske parzialak baztertu ditue.

  • Aldundiaren sailetarako dagozan 1.358,8 milioi euroetatik, Gizarte Ekintzak % 43 kudeatuko dau.

  • 2021eko aurrekontuen eztabaidak bihar jarraituko dau, Ekonomia Sustapen, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko sailen kontuen eztabaideagaz.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 8an). 2021eko Bizkaiko Aurrekontuen zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko bigarren jardunaldia egin da gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Batzarretako taldeek 92 zuzenketa-eske bideratu ditue Ogasun eta Finantza Batzordera, Gizarte Ekintza Sailaren kontuen alderdiren bat aldatzeko asmoz. Atzo gertatu zan moduan, Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota ditue oposizinoaren (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PPB) zuzenketa-eske guztiak.

Oposizinoko hiru taldeek aurkeztutako zuzenketa-eske askotan, lurraldeak igaz bizi izan eban, eta Sergio Murillok zuzentzen dauen taldearen jarduketaren hainbat ildo markauko dituan pandemiaren egoerea aztertu da. Zainketa espezializatuagorako trantsizino soziosanitarioak 10,2 milioi euro mobilizauko ditu, eta horreen artean Etxetic zentroen sarea nabarmentzen da. Ardatz horretan sartzen dira, baita be, Urduliz torrean Nagusi Intelligence Center edegiteko partidak edo arlo soziosanitarioko zaintzaileak prestetako plana, Foru Gobernua babesten daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) adierazo dabenez.

Ogasun eta Finantzetako Batzordean, oposizinoko hiru taldeek saileko ikuskaritza eta kontrol taldea indartzea eskatu dabe. Modu berean, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia bat etorri dira hainbat gizarte-zerbitzutako plazak handitzeko eta Gizarte Urgazpeneko Foru Erakundeko (GUFE) beharginen kopurua gehitzeko ahalegina egin behar dala esatean.

Batzarretako Talde Berezia-PPB taldeak 22 zuzenketa-eske defendidu ditu. Besteak beste, Bizkaiko irisgarritasuneko puntu baltzen azterketa bat egitea eskatu dabe, eta Ermuan eguneko zentro bat eta Trapagan adinekoentzako zentro bat eregitea. Partida gehiago eskatu ditue Bizkaiko zentroak “osasunaren ikuspegitik” hobetzeko (3 milioi euro), eguneko zentroetarako (600.000 euro), pandemiaren ondorioz egoitzei baliabideak gehitzeko (350.000) eta arreta goiztiarra hobetzeko (600.000). Azkenik, partida barriak proponidu ditue hirugarren sektoreko alkarteentzat, Fekoorrentzat, Avifesentzat eta zaintzaileentzako atsedenerako programa lantzen daben erakundeentzat.

Beste alde batetik, aurkeztu dituan 49 zuzenketa-eskeen artean Elkarrekin Bizkaiak Getxoko belaunaldien arteko zentrorako eta Nagusi Inteligence Centerrerako partidak kentzea eta proiektu barri batzuk egitea proponidu dau, gizarte-politiken eta adinbakoenganako politiken eraginkortasuna neurtzeko azterlan bana egitea, eta baita zainketen eta eredu horren aldaketaren ganeko partaidetzazko alkarrizketa-sare bat be, beste batzuen artean. Talde moreak Egoitza Harrerako unidadeko lantaldea handitzea be eskatu dau, eta gauza bera GUFEn, azken horretan 12,6 milioiko aparteko ekarpenagaz. Aldi berean, Etxetic-en aurrekontua murriztea eskatu dabe, eredu hori zabaldu aurretik “ebaluazinoa egin behar dalako”. Azkenik, ezintasunaren balorazinoa eta ebaluazinoa “publiko egitea” eskatu dabe, zerbitzuan behargin gehiago sartuz.

Urritasunaren arloan, talde moreak plaza publiko gehiago eskatu ditu, eta baita familia-ingurunean zaintzeko baliabide gehiago be (12 milioi). Horrez gain laguntzaile pertsonalaren proiektua (6 milioi) eta arnas programa handitzea eskatu dau. Modu berean, herritarren alegazinoa aurkeztu eban Hirukide Bizkaiari emoten jakon diru-laguntzea berreskuratzea eskatu dabe, eta Down Sindromea alkartearentzat partida berezi bat egokitzea, erakunde horrek kanpoko beste alegazino batean eskatu eban moduan. EH Bilduk be bat egin dau horregaz, beste zuzenketa-eske baten bitartez. Talde moreak, ganera, eten digitalari aurre egiteko diru-laguntzen programa bat egitea eskatu dau.

EH Bilduk 21 zuzenketa-eske parzial egin deutsaz Gizarte Ekintzako aurrekontuari. Koalizino abertzaleak gizarte-larrialdietarako zerbitzuak birmoldatzea eta lurraldeko egoitza-zentroetan eta GUFEn plaza publiko gehiago sortzea eskatu dau, Gallartako egoitza ixtea saihestuz eta behargin gehiago sartuz, LAB sindikatuak be herritarren alegazino batean egiten eban moduan. Modu berean, GUFEko zentroak “modulu txikiagoetara” egokitzearen alde egin dabe, eta baita “pribatizauta” dagozan zerbitzuen “publifikazinoaren” alde be. Azken horreen artean Balorazinorako eta Orientazinorako zerbitzuak dagoz. Koalizino abertzaleak zaintzaileak prestetako programa bat eskatu dau.

Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek Gizarte Ekintzako aurrekontuko testuaren eukia defendidu dabe. Foru Aldundi guztien artetik gastu gehien izango dauen saila izango da, 585 milioi euro gastauko ditualako, 2020an baino 20,1 milioi gehiago. Osoko bilkuran behin betiko onartu ostean, Gizarte Ekintza Sailak Foru Aldundian erabilgarri dagon zenbatekoaren % 43 kudeatuko dau.