Aurreko Albisteak

IRAUNKORTASUN ETA ENPLEGU ARLOETAKO AURREKONTUEK ALDAKETA BARIK IGARO DABE ZUZENKETA-ESKE PARZIALEN BATZARRETAKO IZAPIDEA

  • Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek uko egin deutsee Elena Unzuetak eta Teresa Laespadak kudeatuko dituen kontuen alderdiren bat aldatzeko oposizinoak egindako zuzenketa-eske guztiei.

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak 2021eko Aurrekontuen 600 zuzenketa-eske parzial baino gehiago eztabaidatuko ditu datorren astelehenera, zezeilaren 15era, arte.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 8an). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur hasi dabe, Ogasun eta Finantzetako Batzordearen barruan, Batzarretako taldeek 2021eko Bizkaiko aurrekontuen proiektuari aurkeztutako 600 zuzenketa-eske parzial baino gehiagoren eztabaidea. Lehenengo saio bietan, Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek uko egin deutsee Iraunkortasun eta Ingurune Natural eta Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun sailetako aurrekontuen testuen alderdiren bat aldatzeko oposizinoak aurkeztutako zuzenketa-eske guztiei.

Elena Unzuetak kudeatuko dituan kontuei jagokenez, erespena aldaketa barik iritsiko da osoko bilkurara; izan be, Foru Gobernua eusten daben indar politikoek atzera bota ditue arau-proiektuaren 9 programetako batean sartuta dagozan puntuen arteko bat aldatzeko egindako 63 zuzenketa-eskeak. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak ez dagoz ados aldaketei aurre egiteko behar diran partidak lortzeko moduagaz. Alderdi biek ez dabe onartu partidak kentzea Administrazinoaren digitalizazinotik, Foru Plan Informatikotik, Interbiakek gauzatzen dituan azpiegitura-proiektuetatik, foru-karguen ordainsariak murriztetik edo Nagusi Intelligence Centerri edo belaunaldien arteko Getxoko zentroari ekiteko gizarte-ekintzan erreserbautako partidetatik.

Bere bolumenarengaitik, 12 zuzenketa-eske defendidu dituan Talde Berezia-PPBk, Gaztelugatxeko San Joanerako aurrekontuak handitzea, Gobela errekan ibai-pasealeku bat eregitea, foru-brigaden prestakuntzea eta ekipamenduak handitzea eta Karrantzako ur-hornidura hobetzea planteau dau.

Elkarrekin Bizkaia taldeak proponidutako 25 zuzenketa-eskeen artean, honeek nabarmendu ditue: Agenda 2021erako 2 milioi euroko igoerea; energia-eraginkortasuneko jardunbideak diruz laguntzeko 6 milioi; gure basoetan espezie autoktonoen aldeko apustua egiteko 600.000 euro; eta Karrantzako araztegia eregiteko 9 milioi euro. Talde moreak, ganera, Zugaztel eta Lantik enpresak kentzea proponidu dau, Aldundiaren egituran integretako, eta 22 plaza deitzea basozaintza indartzeko.

Beste alde batetik, EH Bilduk, 26 zuzenketa-eskeren bidez, klima-aldaketaren kontra burruka egiteko partida ekonomikoei eustea edo handitzea defendidu dau. Atal horretan 2 milioi euro eskatu ditue energia-eraginkortasuneko politiketarako. Modu berean, eurena egin dabe El Karpin zentrorako laguntza handitzeko herritarren alegazinoa, eta baita nekazaritzako ustiategien jasangarritasunari laguntzeko 3 milioiko partida bat eta Bizkaiko baso dibersifikauak bultzatzeko beste txikiago bat be. Proposamen horretan, Bizkaiko ustiategietan energia-kontsumoa murriztea adostea jasoten zan. 45 milioi euro proponiduten ebezan, eta EAJ eta PSE-EE taldeek, barriz, 3 milioi, Iratxe Arriola batzordekideak argitu dauenez. Onartu ez dan beste partida bat Ur Partzuergotik kanpo dagozan toki-erakundeei 8,5 milioi euro transferidutea eskatzen ebana izan da. Eta ordainsarien atalean, diputatuarentzat eta bere bi zuzendarientzat soldatea % 25 jeistea gura eben. Azkenengo neurri hori goi mailako Aldundiko kargu guztiei zabaltzea eskatu dabe. Arlo horretan, Elkarrekin Bizkaiak goi kargudunei soldatak % 15 murriztea proponidu dau.

ENPLEGUA, GIZARTERATZEA ETA BERDINTASUNA

Eguneko bigarren saioan, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak beste 66 zuzenketa-eske eukazan gai-zerrendan, kasu honetan Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun sailaren Aurrekontuari egindakoak. Barriro ere, oposizinoko hiru taldeek Bizkaiko Batzarretan gehiengoa osatzen daben eta Foru Gobernua babesten daben alderdi bien kontrako eretxia aurkitu dabe, Teresa Laespadak zuzentzen dauen saileko 7 programak idatzita egozan bezela onartu dituelako.

Talde Berezia-PPBk aurkeztutako zuzenketa-eske gehienen helburua Enplegu eta Ekintzailetza Programaren hainbat alderdi aldatzea zan. Bizkaiko enplegagarritasuna hobetzeko eta enpleoaren eta ekintzailetzaren kalidadea hobetzeko diru gehiago eskatu dabe Popularrek, baina Begoña Gil Sozialistak esan dauenez, alderdi horreek daborduko jasota dagoz kontuetan.

Elkarrekin Bizkaia taldeak Gizarteratzerako, Lankidetzarako eta Aniztasunaren Kudeaketarako programetan zentrau ditu bere zuzenketa-eskeak, Habitat programako, Koopera sistemako, errefuxiatuei laguntzeko Goihabe programako eta gazteen artean ekonomia zirkularra sustatzeko partidak indartuz. Horrez gain, indarkeria matxistea jasan daben emakumeei eta adinbakoei laguntzeko baliabide gehiago proponidu ditu, egoitzetan eta pisuetan plaza kopuruak handituz, eta Lankidetzarako eta Garapenerako partidea 1,5 milioi igotea, % 0,7ra hurbiltzeko. EH Bilduk bat egin dau helburu horregaz.

Beste alde batetik, koalizino abertzaleak Enplegu eta Ekintzailetza programan 600.000 euro gehitzea defendidu dau, Behargintzen lekua indartzeko eta zenbateko bereko beste partida bat gazteen enpleoa bultzatzeko. Koalizino abertzaleak Habitat eta Hasi programen indartzean eta emakumeen ahalduntzerako udal espazioen faltan jarri dau arretea.

Euzko abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek defendidu dabenez, Aldundiak ahalegin berezia egin dau Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailean, “% 5eko” igoera globalagaz, oposizinoko taldeek aurrekontuetan egin gura ebezan hobekuntzei aurre egiteko.