Aurreko Albisteak

ABELETXE EGOITZAKO EGOILIARREN SENIDEEK VITALITASEN ETA ALDUNDIAREN KUDEAKETEA KRITIKAU DABE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Ermuko Abeletxe egoitzan hildako egoiliarren familien ordezkariek pandemian zehar erabiltzaileen “ia erdia” galdu izana eta kudeatzaileen “profesionaltasun faltea” salatu dabe gaur Eskaeretarako eta Herritarrakazko Harremanetarako Batzordean, eta zaintza sisteman hobekuntzak eskatu ditue.

  • Batzarretako taldeek, Vitalitasen zentroan pandemiak eragin dituan hildakoen datuak jasoko dituan txosten bat Aldundiari eskatzea erabagi dabe aho batez.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 5ean). Ermuko Abeletxe egoitza pribaduan hildakoen hiru senide Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri dira gaur, “erantzun bila”, eta personen biziei jagokenez COVID-19ak zelango eragina izan dauen azaldu deutsee batzarretako taldeei. Eskaeretarako eta Herritarrakazko Harremanetarako Batzordean egindako agerraldian, Maria Jesus Beitia bozeroaleak, erantzukizunak euren gain hartzeko eskatu deutse Vitalitas enpresa pribaduari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, itundutako plazak diruz laguntzen ditu-eta.

Familia horreek adierazo dabenez, pandemia hasi zanetik Ermuko egoitzan “guztira 50 persona” hil dira; horreetako “31” 10 eguneko epe laburrean. Martitik, zentro horretako egoiliarren “ia erdia” hil da, neurri handi batean egoitzaren zuzendaritzaren kudeaketa “txarraren” ondorioz, eta erantzukizunak eskatu deutsiez. “Kudeaketa onagaz egoiliar batzuek bizirik jarraituko leukie”, esan dau Beitiak.

Senideen eretxiz, arreta zerbitzuen “pribatizazinoak heriotza dakar” eta adinekoen zainketea “funts putreen” negozio bihurtu dala salatu dabe.

Bizkaiko ordezkari politikoen aurrean, familiek ohartuarazo dabe “erantzun bila” joan dirala Batzarretara. Erantzunak bilatzen ari dira jakiteko kutsatzeak zergaitik ezkutau ziran, medikuen txostenak zergaitik ez etozan bat egoitzan esaten zanagaz, edo gaixorik egozan senideak zergaitik iritsi ziran “egoera tamalgarrian, deshidratauta eta desnutrizino egoeran” osasun zentroetara.

Erantzukizunak bilatzeko ez ezik, egoitzan eta zaintza sisteman “hobekuntzak” eskatzeko be etorri dira senideak. Pandemia “inflexino puntu bat” izatea gurako leukie, “aldez aurretik jakinarazo barik” ikuskapenak egiteko, gerokultoreen ratioa handitzeko, ikerketa bat edegiteko eta azalpenak emoteko, egoitzetako baldintza orokorrak hobetzeko eta beharginakaz komuniketako kanalak sortzeko, “bildurra dala eta isilik dagozalako”. Senideek esker oneko berbak izan ditue beharginentzat, gure senideengaitik “dana emon dabelako”. “Ez jake maitasuna eta gizatasuna falta izan”.

Zentzu horretan, beharginak kontratetako orduan inplikazino handiagoa izatea eskatu dabe, “oso inplikauta dagozan eta euren narrua izten daben personak dagozalako”, baina badagozalako “profesionaltasun falta handia” daukienak be. Gerokultoreen eskasia “errealidadea da”; izan be, “onartu ezin diran ratioak” egoten jarraitzen dabe, eta horrek “eragin handia dauka covid-19aren garai honetan emoten dan arretan”.

Zentroko zuzendaritzari eta, hedaduraz, Aldundiari, txosten bat eskatu deutsee Abeletxe egoitzan izandako heriotzen kopurua benetan argitzeko; izan be, bertaratu diran personek hasieran emon dituen datuak inplikautako familien eta eskelen bitartez batu dira.

Batzarretako taldeek euren “doluminik eta alkartasunik handiena” erakutsi deutse Maria Pilar Docampo Martinezi, Maria del Puerto Escalera Fuerteri eta Maria Jesus Beitia Aranari, eta Batzarretara etorri izana eskertu dabe, eta baita “esperientzia gizatiarragoak partekatzeko” erakutsi daben interesa be; izan be, Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak azaldu dauenez, Bizkaiko Batzarretako eztabaidak “teknikoagoak” izaten dira.

Biktimen senideen eskaerea ez da hutsean geratu; izan be, taldeek, aho batez, eta Talde Berezia/PPBren ekimenez, pandemiak Abeletxe egoitzan eragin dituan heriotzen kopurua jasoko dauen txosten bat Aldundiari eskatzea erabagi dabe.