BALIABIDERIK EZ DAUKIEN ETA GENERO-INDARKERIAREN BIKTIMA IZAN DIRAN PERSONAK 12 EUROAK ORDAINTZETIK SALBUETSITA EGONGO DIRA ALDUNDIAREN LAN-ESKAINTZETAN

- Aldundiko eta haren erakunde autonomoetako beharginak hautatzeko prozesuetan 12 euroko tasea ezartea onartu dau Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak.
- Urritasunen bat daukien personak, familia ugarietako kideak eta guraso bakarreko familietakoak be salbuetsita egongo dira.
(Gernikan, 2021eko zezeilaren 3an). Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak aho batez onartu dau Foru Aldundiko eta haren erakunde autonomoetako beharginak hautatzeko hurrengo deialdietara aurkezten diran hautagaientzat 12 euroko tasea ezarten dauen Foru Arau proiektua. Aldez aurreko akordioaren ostean, batzarretako taldeek, zuzenketa-eske transakzional baten bidez, gizarteko beste kolektibo batzuei zuzendutako ordaintzeko salbuespenak sartu ditue. % 33ko edo gehiagoko urritasun-mailea daukien eta familia ugarietako kide diran personei eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentea edo Bizitzako Gitxieneko Diru-sarrerea jasoten dabenei, genero-indarkeriaren biktimak eta guraso bakarreko familiak be batuko jakez.
Orain arte, Foru Aldundiak ez eukan ezarrita beharginak hautatzeko prozeduretatik eratorritako gastuei aurre egiteko kontraprestazino ekonomikorik; izan be, gastu horreek guztiak aurrekontu propioagaz finantzetan ziran. Testuinguru horretan, arauak tasa bat ezarri dau, “etorkizunean beharginak hautatzeko egingo diran prozesuetan eskaintzaren eta eskariaren arteko doikuntza hobea lortzeko”. Prozesu horreek jentetsuak izan dira orain arte, eta tasa horrek hautaketa-prozesu horreen “parte bat” ordaintzeko balioko dau.
Salbuespenei jagokenez, jatorrizko testuak kolektibo biren salbuespena jasoten eban tasa horren ordainketan: % 33ko edo gehiagoko urritasun-mailea daukien personak eta familia ugarietako kideak. Batzarretako talde guztiek, Talde Berezia-PPBk izan ezik, lortutako akordioari esker, lehen aitatutako beste hiru kolektiboak sartu dira. Popularrek, 6 hilebeteko antxinatasuna daukien enpleo-eskatzaileak sartu gura ebezan salbuetsitako kolektiboen artean, ordaindu beharreko kuotaren % 50eko murrizketeagaz.
ESTADUKO ARAUDIAREN ETA EUROPAKO ZUZENTARAUAREN TRANSPOSIZINOA
Beste alde batetik, osoko bilkurak, Bizkaiko zerga arauak erregimen komuneko arauetara eta EBko zuzentarau batera egokitzea onartu dau. Ildo horretan, pandemiari aurre egiteko beharrezkoa dan hainbat osasun-materialaren BEZa aldatu da, beste batzuen artean, erabili eta botateko maskara kirurgikoak, % 21eko tasatik % 4ra bajatu dira eta. Modu berean, Batzar Nagusiek 2017ko maiatzaren 29ko Europako 2017/952 Zuzentarauaren transposizinoa onartu dabe. Zuzentarau horrek “asimetria hibridoen”, hau da, ingeniaritza fiskala deitutakoaren bidez zerga gitxiago ordaindu gura daben enpresa multinazionalen elusino fiskalaren, kontra burrukatzeko arauak jasoten ditu.
ZERGA-ALDAKETEA
Osoko bilkurak ez dau aintzat hartu Elkarrekin Bizkaia taldeak proponidutako erreforma fiskal “sakona” eta “asmo handikoa”, “aberastasunaren birbanaketan oinarritutakoa”, Foru Arauaren ganeko lau proposamenen bitartez. Horrek aldaketak ekarriko leukez Ez-egoiliarren Zergan, PFEZn, eta Soziedadeen eta Ondarearen ganeko Zergan. Aldaketa horrek “450 milioi euro” gehiago jasotea ekarriko leuke, Eneritz de Madariagak azaldu dauenez.
Errentaren Ganeko Zergan, talde moreak pentsino-planetarako salbuespenak kentzea eta laneko errenten eta aurrezkietako errenten tratamentua bardintzea proponidu dau. Ondareari jagokonez, helburuetako bat salbuetsitako gitxienekoa 600.000 eurotan iztea zan. Eta, ganera, Soziedadeen ganeko Zergaren karga orokorra % 25ean ixteko aldaketak proponidu dira.
Erreformea Elkarrekin Bizkaia taldearen arauzko lau proposamenetan bildu da, eta proposamen horreek EH Bilduren babesa baino ez dabe izan. Ekimen horreek aurkezteko “unerik txarrena” aukeratu dabe, “hirugarren olatuaren puntu gorenean”, esan dau Amaya Fernandez Talde Berezia-PPBko bozeroaleak, eta “ziur” dagola neurri horreekaz, denporea igarota, “diru-bilketa txikiagoa izango geunkela eta Bizkaiak krisialditik askoz be pobreago urtengo leukela”. Talde moreak planteeten dauena “pobretzeko iraultza da”, esan dau.
Juan Otermin sozialistak esan dau aldaketa horreek “ezagutzen ez doguzan ondorioak” eragin daikiezala. Bere eretxiz, erreformea “ez da egokia ez denporan ez forman”, eta “ez dakigu” neurrien eragina zelan kuantifikau dan. Euskadin “danok alkarregaz egiteko” Zerga Koordinazinorako Organuan harmonizazinorik planteau ez izana kritikau dau. Oterminek azken urteetako erreforma fiskalak ebaluetako denporea eskatu dau. “Presino fiskal handiagoak ez dau diru gehiago biltzea esan gura, ezta justizia sozial handiagoa egongo danik be”, esan dau Oterminek.
Halanda be, EH Bildu eztabaidea edegitearen alde agertu da, erreforma fiskal “sakon” baten eta preminazko beste neurri batzuen aldekoa dalako. Horreen artean, talde horrek “Covid tasa” bat ezartea proponidu dau, diru-sarrerak “preminaz” handitzeko helburuagaz. Koalizino abertzaleak baiezkoa emon deutso zerga-erreformari ekiteko beharraren ganean eztabaidatzeari. “Beharrezko” eztabaida da, Ondarearen ganeko Zergan batez be, hesi fiskal bat dagolako eta ez dagolako hiru lurraldeetan harmonizauta. Arantza Urkaregik “36 milioi eurotan” kalkulau dau Bizkaiko ondare handiek ordaintzen ez dabena.
Euzko Abertzaleak taldearen eretxiz, proponidutako aldaketak “azterketa ez oso sendoa daukien baliozko juizioetan” dagoz oinarrituta. Oscar Arana jeltzaleak “datuetan oinarritutako hausnarketa sakona” egiteko eskatu deutse batzarkideei, eta, osoko bilkurak udagoienean onartutakoagaz bat etorrita, 2014ko eta 2018ko zerga-erreformaren prozesua “garatzeko eta amaitzeko”, eta erreforma horreen eta krisi ekonomikoaren ondorioak “ebaluetako” denporea izteko eskatu deutse. Aranak gogoratuazo dauenez, Batzarraren agindu horretan GJHakaz lerrokatutako eredu fiskal bat eregiteko eta Eudelegaz udal-finantzaketea hobetzeko azterketa bat egiteko aukerea ezarri zan.
Azkenik, osoko bilkurak ezetsi egin dau, emaitza beragaz –Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PPB taldeen kontrako 35 boto eta EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko 14 boto–, talde moreak jokoari jagokonez planteetan ebazan erreforma bi aintzat hartzea, gero eta joko-areto edo online joko gehiago egotearen ondorioz “gazteen belaunaldi bat galtzea” saihesteko. Xabier Benitok azaldu dauenez, Bizkaiko jokoaren ganeko Zergea arautzen dauen martiaren 10eko 3/2005 Foru Araua eta joko-jardueren ganeko zergari buruzko bagilaren 11ko 7/2014 Foru Araua aldatzearen helburua “ez da gehiago biltzea, negozio horreei pizgarriak kentzea baino”. Grabamen tasea igotzea be planteau dau.