Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKOAK ATZERA BOTA DITU EH BILDU ETA ELKARREKIN TALDEEK 2021EKO AURREKONTUEI EGINDAKO OSOKO ZUZENKETA-ESKEAK

Gernika

  • Bizkaiko Kontuen ganeko Batzarretako izapideak datorren astean jarraituko dau Ogasun eta Finantzetako Batzordean, zezeilaren 8tik, astelehenetik, 15era, hurrengo astelehenera, 600 zuzenketa-eske parzial baino gehiago eztabaidatuta.

(Gernikan, 2021eko zezeilaren 3an). 2021eko Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arauaren proiektua datorren astean jarraituko da izapidetzen batzordean, gaur, Gernikan egindako Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak batzarretako EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeen eskaera bikotxa atzera bota ostean. Foru Gobernua eusten daben indar politikoen –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– batura nahikoa izan da aurrekontuak itzultzeko ekimen biak baztertzeko. Kontrako botoak 35 izan dira, eta Talde Berezia-PPBko ordezkari biek bat egin dabe jarrera horregaz. Horreen aurrean, koalizino abertzalearen baiezko 14 botoak eta Elkarrekin Bizkaia taldearen aldeko 6 botoak egon dira.

Holan, datorren astelehenetik aurrera, lurraldeko Kontuek batzordean jarraituko dabe Batzarretako ibilbidea, eta taldeek aurkeztutako 600 zuzenketa-eske parzial baino gehiagoren eztabaidea hasiko da, Mahaiak zuzenketa-eske horreen eukia onartu ostean. Aldundia babesten daben alderdi biek zuzenketa-eske bakarra defendiduko dabe. EH Bilduk, barriz, 160 zuzenketa-eske defendiduko ditu; Elkarrekin Bizkaiak, 325; eta PPk, 135. Zuzenketa horreek zezeilaren 8tik, astelehenetik, 15era, hurrengo astelehenera, bitartean eztabaidatu ostean, Batzarretako taldeek erreserbautako zuzenketa-eske parzialak onartzeko edo atzera botateko Ogasun eta Finantza Batzordean zezeilaren 24an egingo dan azkenengo osoko bilkura bategaz amaituko da aurrekontuen izapidea.

2021eko Aurrekontuen proiektuak “7.970,8 milioi euro” jasoten ditu guztira, eta horreetatik “1.595,5 milioi” Bizkaiko Foru Aldundirako dira, Elena Unzueta bozeroale eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak azaldu dauenez. Kontu horreek “ezin dira igazkoakaz alderatu” covid-19aren inpaktuagaitik. Aurkeztutako kontuak igazkoak baino “% 6” txikiagoak dira, neurri handi batean, itundutako diru-sarrerak “% 9,8” jeitsi diralako. Zorra “294,3 milioi” igon da.

Arauzko testuari jagokonez, Batzarretako taldeek zuzenketa-eske sorta bat prestau dabe, gobernuaren ekintzaren oinarri dan zenbateko horren norakoa aldatzeko. Zuzenketetarako eskari gehien jasoten dituen sailak honeek dira: Ekonomia Sustapena (110 zuzenketa-eske), Gizarte Ekintza eta Administrazio Publikoa eta Erakunde Harremanak (78 zuzenketa-eske), eta Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna (77 zuzenketa-eske). Ganera, Euskara eta Kultura foru arloak 66 zuzenketa-eske jaso ditu; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeak, 62; Azpiegiturak eta Lurralde Garapenak, 43; Ogasuna eta Finantzak, 27; eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarriak, 28. Beste alde batetik, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) 14 zuzenketa-eske jaso ditu, eta 36 proposamenek Foru Arauaren Proiektuaren alderdi artikulaturen bat aldatzea bilatzen dabe. Sei zuzenketa-eskek aldaketak eskatzen ditue Udal Finantzaketan eta batek Zor Publikoaren ganeko testuan.

ZUZENKETA-ESKEEN EZTABAIDEA

Foru Gobernua babesten daben taldeek etorkizuneko diru-sarreren norakoa defendidu dabe. Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak esan dauenez, aurrekontuak “oinarri sendoetan” oinarritzen dira, pandemiaren ondoriozko egoera “larriari” erantzuna emoteko. Aurreikuspenek erakusten dabenez, Bizkaiak “urte bitan” berreskuratuko dau bere ekonomia; izan be, orain “7.600 lanbako gehiago daukaguz, eta 16.900 persona dagoz ERTEan. Bozeroale jeltzaleak azpimarratu dauenez, “873 milioi” gitxiago jaso diran arren, sailek erabili daikien zenbatekoak “% 5,9” egingo dau gora. Egoera horretan, gizarte zerbitzuek “lehentasuna izaten jarraituko dabe” Aldundiarentzat. “Hobetu” daitekez, baina 2021. urteak, Etxetic eredua ezarten hasteagaz batera, “maila bat igoteko” balioko dau. Lekerikabeaskoak Osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen talde bien estrategia politikoa kritikau dau. Zuzenketa-eske parzialak be aurkeztea “kontraesana” da.

Ildo horretan, Juan Otermin bozeroale sozialistak esan dau “etsigarria” dala EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Bizkaian babesten ez dabena Madrilen zelan babesten daben ikustea. “Aldundiaren plan eta ardatz estrategikoagaz bat datoz”, eta, halanda be, bere eretxiz, “preminazko egoerari eta foru egitura indartu beharrari” erantzuteko “errealistak diran eta egiaztatu dagozan” aurrekontuak osorik zuzentzea erabagi dabe. Unzuetak nabarmendu dauenez, aurrekontu horreek trantsizinoko lau ardatzetan dagoz zentrauta: gizarte eta osasun arloko trantsizinoa, mobikortasun iraunkorragora doan trantsizinoa, eta trantsizino digitala eta energetikoa. Oterminen berbetan, zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen talde biek Europar Batasunaren gobernu-ekintzagaz bat datozan aurrekontuen “izaera soziala eta hedakorra ukatzen dabe”.

Halanda be, EH Bildu “akordio zabala” eregiten saiatu da, pandemiak lurraldean daukan eraginak halan eskatzen dauelako, eta hori “ez da posible izan”, esan dau Arantza Urkaregi ahaldunak. Une “berezi” honek “politika publikoak barriro pentsetara eta lehentasunak aldatzera” behartzen gaituela azaldu dau. Koalizino abertzaleak aurtengo aurrekontuak “zerbitzu sozial publikoak indartzera, trantsizino ekologikoa eta enpleoa bultzatzera eta lurraldeen arteko oreka lortzera” bideratzea gura dau. Hain zuzen be, GUFEn lanpostu publiko gehiago eskatu ditu; izan be, “64” lanpostu publiko kendu gura ditue. Egoitzetako ikuskaritzea indartzea be eskatu dau. Horrez gain, ingurumen politiketarako eta bardintasunerako partida gehiago eskatu ditu, eta azpiegitura handietarako gastuak murriztearen alde agertu da.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldea Foru Gobernuak aurkeztutako kontuen kontra agertu da, “ez datozalako bat pandemiaren zergaitiakaz eta ondorio ekonomikoakaz”, azaldu dau Eneritz de Madariaga bozeroaleak, covid-aren aurreko “bide eta egitura bera” jarraitzen dabelako. Diru partida gehiago eskatu ditu udalentzat, zaintza eredua eraldatzeko eta klimaren krisiari aurre egiteko, ekoizpen, energia eta mobikortasun sistemea barriro planteauz. Eta Foru Aldundiari zerga erreforma bat egiteko eskatu deutso, zorraren igoerak etorkizuna hipotekau ez daian. Hasteko, BGAEetan kenkari fiskalak ezabatu beharko litzatekezala esan dau.

Bukatzeko, Talde Berezia-PPBk ez dau osoko zuzenketa-eskerik aurkeztu, politika “errealistea, erabilgarria, neurrikoa", eta “ulermenaren eta Bizkaiagaz dogun konpromisoaren aldeko esfortzua” daukielako, Amaya Fernandezek azaldu dauenez. “Joko-zelaia zabaltzeko eta lankidetzarako denporea” dagola esan ostean, susperraldirako “baliabideak barriro esleitzeko” eskatu dau, urte honetarako fase bitan bideratuta: bata “eustekoa”, “lan-merkadua eta enpresak babesteko” neurriakaz; eta bestea “susperraldikoa”, “hazkundean eragin handiagoa” izango daben aurrekontu eta zerga arloetako neurriak sartzea beharrezkoa dalako. “Neurri ausartak preminazkoak dira”, esan dau, “lehiakortasuna irabazteko politika fiskala” , besteak beste.