Aurreko Albisteak

ERAKUNDE-ADIERAZPENA , ITP AERO ENPRESEAREN FILIALA DAN ITP AERO CASTING ENPRESEAREN EGOEREA DALA-ETA

Gernika

(Gernikan, 2021eko otsailaren 3an). Iraganean, birmoldaketek eta enpresa-itxierek gogor astindu eben Ezkerraldea, eta azkenengo hamarkadetan eraldaketa sozioekonomikoa egiteko prozesu garrantzitsuari ekin jako bertan. Horretan lagungarria izan da teknologia-oinarri handia daben sektoreetako enpresa barriak kokatzea eskualdean.

Larogeiko hamarkadearen amaieratik hona, aeronautikaren sektorea sendotasunez garatu da eta aberastasuna eta lanpostuak sortu ditu Ezkerraldean eta Bizkai osoan. ITP AERO taldeak zeregin garrantzitsua euki dau prozesu horretan, eta Barakaldon eta Sestaon ITP AERO CASTINGen fabrikak sortu ditu.

Gaur egun ekonomia-sektore guztiek jasaten daben pandemia-egoereak kalte berezia egin deutso 2020. urtean mundu osoko aeronautika-sektoreari. Egoera gatx honen aurrean, ezin gara etsipenean jausi, eta, munduan osasun- eta zientzia-arloak egiten dabilzan ahalegin handiakaz batera, arlo publikotik be bultzatu behar dira ekonomia-sektorerik kaltetuenei laguntzeko jarduketak. Osterantzean, enpresek neurri zorrotzak hartu beharko ditue eta ezin izango dira garatu eta sendotu hainbat enpresa-proiektu, epe ertainera zein luzera etorkizun-aurreikuspen onak euki arren.

Euskal aeronautikaren sektoreari laguntza publikoa emon jako beti, barrikuntza eta I+G proiektuak garatzeko eta espezializazino eta kualifikazino handiko plantillea eratzeko.

Etorkizunean aeronautikako sektore lehiakorra mantendu gura badogu Bizkaian, ondo dakigu, erronka horri aurre egiteko, sektorea aldaketa barrietara egokitu beharko dala, baina gaur egungo lanpostuei eusteko ahal dan guztia egin behar da, jakintza horri esker lortu dauelako sektoreak nazinoartean daukan maila aitagarria.

Hori dala-eta, adierazpen hau sinatzen dogun Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdiok honako hau eskatzen deutsagu Bizkaiko Foru Aldundiari:

1.- Enpleguari eusteko helburu nagusiagaz, lagundu daiala ITP AERO Taldearen eta ITP AERO CASTING enpresako langileen arteko alkarrizketa-bideak edegita mantentzen, oraingo egoerea kontuan harturik egokiena dan konponbide adostua lortzeko.

2.- Jarduketa-programa batzuk ipini daizala martxan enpresa horretako langileen jakintza espezifikoa mantendu eta aprobetxetako eta sektoreak dituan erronka barrietara egokitzeko.