Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK "MODU POSITIBOAN" BALORETAN DAU NAZINOARTEKO EKINTZAILETZA-ZENTROAN LIZITATZAILEEN ARTEAN LANKIDETZEA EGOTEA

  • Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, BNEZ-CEIB kudeetako lehiaketa edegian bigarren izan dan Impact Hubek, azkenean PwC irabazleagaz lankidetzan aritzea erabagi izana defendido dau.

(Bilbon, 2021eko zezeilaren 2an). Bizkaiko Foru Aldundiak, EH Bilduk eskatuta, Bizkaiko Ekintzailetzaren Nazinoarteko Zentroa (BNEZ-CEIB) martxan jarteari eta garapenari jagokonez zein puntutan dagon jakinarazo dau gaur. Zentroaren kudeaketea eta zuzendaritzea Price Waterhouse Coopers (PwC) enpresari esleitu jakon behin betiko “urtarrilaren 6an”, Talent Garden italiarragaz aliantzan, Kontratazino Mahaian errekurso “bereziak” aurkezteko legez ezarritako epea amaitu ostean.

Kontratua lortu gura eban Impact Hubek, ekipamenduaren kudeatzaile moduan PwC aukeratu izanaren kontra egin eban, baina azkenean proiektuagaz bat egin dau, “abenduaren 16an” errekursoa kendu ostean, Basurkok jakinarazi dauenez, eta “modu positiboan” balorau dau ekintzailetza prozesuetan Bizkaiaren nazinoarteko presentzian “aurrera egiten” eta jarduera barritzaile barriak “erakarten” lagunduko dauen lankidetza oro.

Basurkok Ekonomia Sustatzeko Batzordean egindako agerraldian azaldu dauenez, enpresa britainiarrak bere garaian aurkeztutako errekursoak “ez dau ezelango zerikusirik izan” eskaintza tekniko irabazlearen balorazino “txar” bategaz. Jakinarazo dauenez, Impact Hubek PwCren eskaintzaren bost puntu errekurridutea erabagi eban. Kontratu Errekursoen Foru Auzitegiak lau ezetsi ebazan: enpresa irabazlearen (PwC) gaikuntza faltea, kaudimena, Talent Gardeni egindako “larregizko” azpi-kontratazinoa eta “eskaintzaren aldaezintasun-printzipioa apurtzea”. Auzitegiak, barriz, Bilboko zentroak beste barneratze-nodo batzuekaz daukan “harremanari” jagokonez enpresa irabazleak xehetasun gehiago emon behar ebazala berretsi eban, eta hori egun batzuk geroago dokumentazinoa aurkeztuta frogau eban PwCk.

Impact Hubek jarritako errekursoaren barri izan ostean, EH Bilduk Ekonomia Sustatzeko diputatuaren agerraldia eskatu eban, egoerea puntu horretaraino zelan iritsi dan azaldu daian. Iker Rahonaren berbetan, enpresa biek “sei urteko” akordioa sinau dabe proiektu barritzaileak eta negozio ideak bultzatzeko, eta egoera barri horrek “zalantzak” sortzen ditu koalizino abertzalearengan.

Amaya Fernandez Talde Berezia-PPBko bozeroaleak, oraindino ez dauela lizitazio prozesuaren espediente osoa aurkeztu esan deutso Foru Aldundiari, bere taldeak eskatu eban moduan, eta horrek “prozesuan oso gauza larriak dagozala sumatzera” eroaten dauela. Basurko defendidu egin da, dana Eusko Jaurlaritzaren Kontratazino Plataforman argitaratuta dagola esanez (aktak, kontsultak, erantzunak…).

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak berretsi egin dau “gardentasun faltea” dagola lizitatzaile nagusi biak batzen dituan akordioa dala-eta, eta Aldundiak arlo horretan bete dauden “bitartekaritza mailaz” galdetu dau. Basurkok esan dau Aldundiaren egitekoa orain enpresa irabazleak baldintza-agirian jasotakoa bete daiala “exijidutea” dala, eta baita eskaintza teknikoak eta haren erespide ebaluagarriek sortutako hobekuntzak be. Ildo horretan, “lankidetza oro positiboa” dala azpimarratu dau.

Foru Gobernua babesten daben lerroetatik, Batzarretako Euskal Sozialistak taldeak esleipen prozesu “konplexuan” gaur ezagutuarazo diran barrikuntzak “puntu eta amaierea” izatea espero dau eta daborduko BNEZ-CEIB Bizkaian ekintzailetzea bultzatzeko sortutako sare horren parte izatea. Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak taldeak azpimarratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak “eskaintza onuragarrienari” esleitu deutso proiektua, eta kontratuak “oinarri sendoa” dauka, “legez ezarrita dagonera egokitu dan” prozedureari jarraituta.