BIZKAIKO EGOITZEK ZEZEILAREN BUKAERAN IZANGO DABE COVID-19AREN AURREKO "TALDEAREN IMMUNIDADEA"
- Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran jakinarazo dauenez, egoitzetako profesionalen “% 20,6k” uko egin deutso txertoa hartzeari, eta ehuneko hori “% 3ra” baino ez da iristen erabiltzaileen artean.
- Adinekoen zentroetako egoiliarren % 96k eta mendekotasun handiak dituen zentroetako erabiltzaileen % 86k txertoaren lehen dosia jaso dabe daborduko.
- Foru Gobernuak “3 milioiko” partidea gordeko dau metroaren 4. eta 5. lineetan aurrera egiteko, ahaldun nagusiak iragarri dauenez.
(Gernikan, 2021eko urtarrilaren 27an). 2021eko kontroleko lehenengo osoko bilkurea gaur egin da Gernikako Batzar Etxean, eta Foru Aldundia COVID-19ak eragin dauen osasun eta ekonomia krisiari aurre egiteko gauzatzen ari dan foru politiken inguruan zentrau da batez be. Itaunetako batean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak lurraldeko egoitza-zentroetan egiten ari dan txertaketa-prozesuaren ganeko azken datuak emon ditu. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen “% 96k” txertoaren lehen dosia jaso dau daborduko, eta helburua, zezeilaren amaieran egoitzek “taldearen immunidadea” lortzea da. Bizkaiko zentro guztiek jaso dabe lehen dosi hori, Muskizen, Zamudion eta Artxandan izan ezik, pandemiaren eragina dala eta.
Foru Aldundiko arduradunak iragarri dauenez, “aste honen amaieran” lurraldean dagozan 154 zentroetatik “86” zentrotako egoiliarrek txertoaren bigarren dosia jasoko dabe, eta prozesu hori “zezeilaren erdialdean” osatuko da. Bigarren dosi horretatik kanpo geratuko da egoiliarren “% 3”, jasoteari uko egiteagaitik (230 persona), edo alergiak edo beste gaixotasun batzuk dirala eta bateraezinak izateagaitik (95 egoiliar). Murillok txertoa hartzeari uko egin deutsien profesionalen ganeko datuak be emon ditu, eta, esan dauenez, egoitzetan behar egiten daben personen “% 20,6k” uko egin deutso txertoa hartzeari.
Aldundiaren hurrengo “kezkea” etxean dagozan eta “mendekotasun handia daukien personei” eta hareen zaintzaileei txertoa jarten hastea da. Gizarte Ekintza Sailaren menpeko zentroetan dagozanei jagokenez, erabiltzaileen “% 86k” jaso dau daborduko txertoa. “% 3k” uko egin deutso hartzeari, “25 personak”.
Batzarretako Talde Berezia-PPBk Aldundiak Bizkaian txertaketaren erritmoa bizkortzea exigidu dau; izan be, Asturiasen, esaterako, txertoaren lehenengo dosia urtarrilaren 8an emon eben. Amaya Fernandez bozeroaleak ez dala “erreserbetako garaia esan dau”, 100.000 biztanleko 546 persona kutsatu dirala kontuan hartuta.
Bestalde, EH Bilduk beste itaun batean egoitzetan profesionalen bajak beteteko edegitako lan-poltsaren ganeko datuak eskatu ditu, eta baita Aldundia lurraldeko zentroetako osasun-egoerea hobetzeko hartzen ari dan neurrien ganeko datuak be. Izaskun Duquek deitoratu egin dau Bizkaia izatea Euskadiko kutsatze-tasarik txarrena daukan lurraldea, eta egoitzetako erabiltzaileen “% 37” birusak kutsatu izana. Azken astean “18 hildako” izan dirala esan dau.
Murillo defendidu egin da, eta egindako proba eta ikuskapen kopuruaren ganeko datuak emon ditu. “Inoiz baino gehiago ari gara esku hartzen”, esan dau Murillok, eta Bizkaiko egoitzetan, egunero “330 PCR” egiten dituela azaldu dau. Pandemian zehar, “22.000 prebentzino proba eta 25.000 PCR erreaktibo” egin ditue. Ganera, martxotik “4.000 ikuskapen-jarduketa” egin dira. Halaber, Aldundiko ikuskaritza eta kontrol zerbitzuak 1.226 bisita tekniko eta 530 alkarrizketa egin ditu telefonoz, eta familiek egindako 1.560 informazino-eskariri erantzun deutse. Lan-poltsak “3.162 profesional ditu, horreetatik 20 medikuntzan lizentziadunak dira eta beste 52 OLT. 52 zentrok erabili dabe poltsea ordezkapenak egiteko.
GJH-KAZ LERROKATUTA
Bestalde, Elkarrekin Bizkaia taldeak, foru politikak Garapen Jasangarriko Helburuakaz bat etortearen ganeko itauna egin deutso Foru Aldundiari. Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, legealdiko plan “guztia” Nazio Batuen GJHkaz lerrokatuta dago, eta Bizkaiko Batzar Nagusien babesa dau. “Egiteko asko dagon” arren, 2030eko agendea bete ahal izateko emoten ari diran pausu batzuk iragarri ditu Foru Aldundiko arduradun nagusiak. Horreen artean, diru-sarrerak helburu horreekaz lerrokatzeko foru arau fiskal bat egitea nabarmendu dau, “udabarrian edo udan” onartuta egon daitekela gehituz. Proiektu “barritzailea da, ibilbide luzekoa, hamarkadetakoa”, eta “Europako administrazino bakar batek be” ez dau holangorik hasi oraindino, eta kanpoko eta barruko taldeak ari dira parte hartzen, horreen artean University College of London, “nazinoarteko erreferente bat”.
Rementeriak iragarri dauenez, Aldundiak “indar handiagoa” jarriko dau garapen jasangarriaren aldeko agendaren hainbat helburutan. Bere eretxiz, horrek garapen “inklusiboa”, eta hainbat balio jaso behar ditu, “osasuna, ongizatea, hezkuntza, ingurumena eta bardintasuna”, beste batzuen artean.
Aldundia, ganera, ebaluazino-eredu bat egiten ari da, agintaldi bakotxeko gastu-proiektuetan helburu horreek zenbateraino bete diran neurtu ahal izateko. Eredu horrek proiektu bakotxaren monitorizazinoa jasoko dau, hainbat mailatan. Horreetako batean “400 adierazle baino gehiago” sartuko dira. Ereduak hiru denpora-tarte izango ditu: “aldizkako bat, urteko beste bat eta agintaldiaren balantzea bilakatuko dan azkena”.
Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldearen ordezkariak, ereduaren “helburuagaz” bat etorri ostean, “erakunde arbitrario” bat proiektuen ebaluazinoaz arduratzea eskatu dau; izan be, bere eretxiz, gatxa da horreetako batzuk lurraldearen garapen jasangarrian sartzea, horreen artean EIC izenekoa, itsasadarraren azpiko tunela edo Supersur errepidea.
METROAREN LUZAPENA
Beste alde batetik, 4. eta 5. lineen bidez Bizkaiko metroaren hedapenean aurrera egiteko proiektuen inguruan galdetu deutso EH Bilduk Foru Gobernuari. Raul Mendez batzarkidearen arabera, Ahaldun Nagusiak Iñaki Arriola sailburuagaz urtarrilaren 13an egindako bileraren ostean, “zalantzak” dagoz proiektu bien inguruan, Galdakaoko linearen informazino-azterlana gauzatzea edo ez gauzatzea, Aperribaiko eta Bengoetxeko geralekuak desagertu diran ala ez, Usansolon Euskotrenegaz egin beharreko konexinoa desagertu dan ala ez, eta baita aurton horretarako aurrekonturik esleituko dan ala ez be.
Ahaldun nagusia ez da xehetasunetan sartu, eta proiektu horreek Europako funts barik “ezin dirala egin” esan dau, izan be, “700 milioi euroko” inbertsinoa aurreikusten da, hau da, “gure urteko aurrekontuaren erdia inguru”. Metroa luzatzeko “Europa behar dogu”. “Ez dogu espektatiba faltsurik sortu gura, ezta geltokien edo epeen ganean espekulau be”. Erabagiak “datu guztiakaz” hartuko dira. Oraingoz, Aldundiak “3 milioi euro” gordeko ditu 2021eko aurrekontuetan proiektu horreetan aurrera egiteko, baina “ia ezinezkoa izango da” lanak aurton hastea, ohartarazo dauenez.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Galderen txandan, oposizinoko taldeek gai honeen ganeko galderak egin ditue: Aurrekontu parte-hartzaileak, familia- eta lan-bizitzaren arteko orekea lortzen laguntzea, jokabide-arazoak daukiezan adinbako atzerritarrentzako egoitza-zerbitzua, ‘Euskadi Next 2021-2026’ programaren egitasmoak, Interes Gatazka eta Bateraezintasunen ganeko 5/2018 Foru Arauaren garapena, eta hainbat zergaren gaineko eskumena gure gain hartzea.
Adinbakoen zentroei jagokenez, Murillok esan dau sarea “barriro pentsau” behar dala, egoerea aldakorra dalako. Azken urte bietan “erdira” jaitsi dira Aldundiak hartzen dituan adinbakoak, “299” gaur egun. Zentro “guztiak” okupazinoaren azpitik dagozan arren, Aldundiak “eskariaren araberako plaza edo zentro barriak” jarriko ditu martxan, eta “erantzuna adinbakoen profilen arabera espezializauko dogu”, erantzun dau Gizarte Ekintzako diputatuak, adinbako gatazkatsuei erreferentzia eginez. Elkarrekin Bizkaiak foru zentroak “txikiagoak” izatea eskatu dau, kalidadeko zerbitzua emon ahal izateko.
EH Bilduri emondako erantzun batean, Aldundiak autortu dau Aldundiko kargu politikoen jokabide-gidak egiteko eta onartzeko prozesua atzeratu egin dala. Ekimen hori 2020ko urrian adostu zan, Interes Gatazka eta Bateraezintasunen ganeko 5/2018 Foru Araua bermatzeko organuan. “Garrantzitsuak dira jokabide txarrak saihesteko”, azpimarratu dau Arantza Urkaregi batzarkideak, eta “ahalik eta lasterren” egiteko eskatu dau. Ibone Bengoetxea diputatuak hauteskunde garaian izandako atzerapena eta pandemiaren eragina aitatu ditu atzerapena justifiketako, baina foru kargudunak arauan jasotako printzipioak betetera behartuta dagozala jakinarazo dau; ildo horretan, gida faltak “ez gaitu betetetik salbuesten”.
Azkenik, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak onartu dau oraindino ez dabela akordiorik lortu Espainiako Gobernuagaz zerbitzu digitalen “Google tasa” eta finantza transakzinoen “Tobin tasa” izeneko zerga barriak eskuratzeko. EH Bilduk, zerga horreen kudeaketea Aldundiek euren gain hartzeko eskatu dau.