URDULIZEK "NAGUSI INTELLIGENCE CENTER" JASOKO DU
- Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak iragarri dauenez Bizkaiko Batzar Nagusietan zentro horren kokapena aldatu egingo da proiektua bizkortzeko; izan be, Tarabusi enpresaren Zorrotzaurreko eraikinean “ezinezkoa” da proiektua “epe laburrean” egitea.
- Aldundiko arduradunak Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzan izandako Covid-19aren agerraldiaren ganeko azalpenak emon ditu. Agerraldi horrek 6 heriotza eragin ditu orain arte.
(Bilbon, 2021eko urtarrilaren 25ean). Bizkaiko Foru Aldundiak Urduliz Torrea aukeratu dau azkenean, “lehenengo fasean” Nagusi Intelligence Center zentroa bertan ezarteko. EH Bilduk eskatutako agerraldi batean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan jakitera emon dauenez, “silver economy” izenekoa bultzatzeko eta zahartzea aukera industrial bihurtzeko Aldundiaren estrategian funtsezkoa dan adinekoen adimenaren ganeko zentro hori, hasieran Escuela 42 izenekoaren ondoan egongo da, “proiektu bientzat onuragarria izan daitekelako”.
Aldundiak Telefonica Fundazinoaren eskutik martxan jarriko dauen prestakuntzarako zentroagaz “sinergiak” ezarteaz gain, Urduliz “kokaleku ona” dala azpimarratu dau Murillok, metrorako sarbidea daukalako eta ospitaletik gertu dagolako. Proiektua, ganera, “hilebete gitxi barru” abiau ahal izango da, eta hori “ezinezkoa” zan Zorrotzaurreko Tarabusi enpresaren eraikinean aurreikusita egoan jatorrizko lekuan, “ezta hurrengo urteetan be”.
EH Bilduri erantzunez, Murillok azaldu dau Mondragon Korporazinoagaz, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bilboko Udalagaz lortutako akordioek “indarrean jarraituko” dabela. Izan be, “ez deutsagu uko egiten” Nagusi Intelligence Centre etorkizunean Bizkaiko uriburuan egoteko aukereari. Urduliz “proiektuaren lehenengo fasearen” parte da, eta Aldundiak erakunde horreekaz dituan akordioei eusten deutse. Akordio horreetan, beste batzuen artean, “enpresak dinamizetako eta prestakuntzako programak martxan jarteko” ekimenak jasoten dira.
AGERRALDIA MARCELO GANGOITIN
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, abenduaren 31n koronabirusak eragindako lehenengo positiboa antzeman zanetik Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzan egindako jarduketaren errepasoa egin dau Sergio Murillok. Urtarrilaren 10ean, baheketea egin ostean, 93 erabiltzaile eta 24 behargin egozala kutsatuta ikusi zan. Agerraldiaren emaitza, “gaur egun” 6 erabiltzaile isolatuta dagozala, 6 egoiliar hil dirala eta 12 ospitalean dagozala da. Beste lau egoiliar Birjinetxen dagoz.
Oposizinoko taldeak oso kritikoak izan dira Aldundiaren lanagaz. Elkarrekin Bizkaiak uste dau Meatzaldeko zentroaren egoerea nahikoa errazoi dala enpreseagaz dagon kontratua eteteko. Aldundiari “Bizkaiko egoitzen egoeraren ikerketa orokorra” abiarazoteko eskatu deutsie, “erantzukizunak argitzeko eta arazoak antzemateko”.
“Porrot baten ostean beste bat dator”, adierazo dau Eduardo Andrade popularrak, eta Bizkaiko egoitzetan PCR proba gehiago egitea eskatu dau, egoitzetako beharginei batez be, euren lanpostura sartzean.
Bestalde, Izaskun Duque EH Bilduko ordezkariak esan dau egoitzen arazoa “estrukturala” dala, eta gaur egungo kutsatze egoerea dala eta, Marcelo Gangoitin gertatutakoa beste batzuetan “errepikau” egingo dala. Koalizino abertzaleko batzordekidea arduratuta agertu da egoiliarrei “batez beste PCR proba bi” baino ez jakezalako egin, Aldundiak garagarriletik “profesionalei 25.035 proba erreaktibo eta 22.537 prebentzino proba” egin deutsiezala kontuan hartuta, Murillok baieztu dauenez. Duquek egoitzea Aldundiak “bere esku hartzea” eskatu dau, kontratua bertan behera iztearen aurreko pausu moduan.
Diputatua, Urtezaharretik, zentroko beharginen artean positibo baten barri emon ostean zaintza-mekanismoa aktibau zan egunetik, zentroaren eguneroko nondik-norakoaren barri emonez defendidu da. Azaldu dauenez, Aldundiak 4 baheketa egin ditu (urtarrilaren 2an eta 3an, eta 10ean, 12an eta 17an), eta jarraipen “berezia” egin dau, kasuaren larritasuna dala eta; izan be, beharginen bajak estaltzeko lan-poltsea be aktibau da.
Kutsatzearen errazoiei jagokenez, Murillok ezin izan dau “erabateko ziurtasunik” emon. Egoitzak mendekotasuna daukien adinekoei babesa emoten deutsela gogoratuazo dau, eta baita musturrekoa eroateko gaiztasunak daukiezan persona askori be, eta zentroak, beste batzuetan gertatzen dan moduan, gune garbien eta zikinen artean espazio kritikoak dituala gaineratu dau. Norbera babesteko ekipoen erabilerea, eta arropa, janari eta aide girotu zirkuituak garbi eukiteko dagon gaiztasuna be aitatu ditu.
Murillok gogoratuazo dauenez, egoitzak “ez dira leku blindauak eta guztiz seguruak” COVID-19aren aurrean; izan be, bestela, ezingo litzatekez beharginek, senideek eta zerbitzu-hornitzaileek emoten dituen laguntzak emon. Aldundiak pandemia honetan martxan jarritako baliabideek “ez daukie aurrekaririk”. Irailetik “1.226 bisita tekniko” eta pandemia hasi zanetik “336 ikuskapen” egin dira. Aldundiak “330 PCR egiten ditu egunero”. Abenduaren 23an eta 24an egindako 92 probek (48 erabiltzaileei eta 44 profesionalei) be ez eben Muskizko egoitzan egun batzuk geroago zer gertatuko zan aurreikusteko balio izan. Agerraldiak eragindako atzeraldiaren ostean, Murillok uste dau aste honetan bertan berreskuratuko dala txertaketa prozesua.
LOIUKO ADINBAKOEN ZENTROA
Modu berean, Talde Berezia-PPBk Loiuko adinbakoen zentroan bizi dan egoeraz galdetu deutso diputatuari. Eduardo Andrade popularrak azaldu dauenez, “12 adinbako” alkarbizitza-arazoak sortzen eta ganerako egoiliarren garapena mugatzen ari dira. Hiru hilebetetan igesak, burrukak eta beharginen kontrako erasoak eragin dituan “mafia” hori Aldundiak sareko beste zentro batzuetara eroan ete dauen galdetu dau.
Gizarte Ekintzako diputatuak abenduaren 3an zentroko beharginakaz izandako bilera baten barri emon dau; bertan ohartuarazo ebenez, gertaera horreek segurtasun zerbitzuei eta ministerio fiskalari helduarazo jakezan, Aldundiaren betebeharrak “gainditzen” ebezalako.
Bere agerraldian, Murillok adinbakoentzako laguntza-sarea zelan egituratzen dan errepasau dau, eta azken urte bietan eskaria “erdira” murriztu dala nabarmendu dau: 2018. urtearen amaieran “599 adinbako” egozan, eta urtarrilaren 14an, barriz, “299”. Loiun be emon da joera hori, eta, une honetan, “54 adinbakori” emoten deutse babesa. Igazko azaroan “69” ziran.
Murillok azpimarratu dauenez “oso adi” egon behar da migrazino-mobimenduakaz Afrika iparraldean gertatzen dana jakiteko, baina aurreikusten danez, adinbako migratzaileen etorrerea “murriztu” egingo da Bizkaian, Bizkaiko adinbakoen babesbakotasun-egoerak “apur bat gora” egin dauen arren. Aldundiak “bere zerbitzuak errealidade horren arabera egokitzen ditu”. Une honetan, “Adinbakoen zentro guztiak baimendutako okupazinoaren azpitik dagoz”, esan dau. Diputatuak azpimarratu dauenez, Euskal Autonomia Erkidegoak Estadu osoko babes-ratio “handienak” erakusten ditu.
BELAUNALDIEN ARTEKO GETXOKO ZENTROA
Azkenik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeak atzera bota dau Talde Berezia-PPBren arauz besteko proposamen bat, Aldundiak belaunaldien arteko Getxoko egoitza barriaren hasierako proiektua birplanteau dagian, Aldundiak berak plaza gitxiagoko egoitzak egiteko bultzatzen dituan parametro barrietan sartzeko. Euzko abertzaleek eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe formulazino barri hori beharrezkotzat jo, etorkizuneko zentroan “20 persona baino gitxiagoko” bizikidetza-unidadeak egongo diralako. Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeak abstenidu egin dira.