Aurreko Albisteak

EKINTZAILETZAKO NAZINOARTEKO ZENTROA ETA ZORROTZAURREKO POLOA PROIEKTU "OSAGARRIAK" ETA "BATERAGARRIAK" DIRA

  • Ainara Basurko Ekonomi Sustapenerako foru diputatuak ekimen bien existentzia defendidu dau, Bizkaiko ekonomiari laguntzeko eta talentua erakarteko.

  • EH Bilduren eretxiz, kokalekuari jagokonez alkarrengandik gertu dagozan proiektu bien ganean “bikoiztasunaren gerizpea dago”.

(Bilbon, 2021eko urtarrilaren 21ean). Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Torreko Nazinoarteko Ekintzailetza Zentroa (NEZ) eta Zorrotzaurreko ugartean sortzen ari dan Ekintzailetza Gunea batera egotea defendidu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Proiektu biak lurraldeko ekintzailetzaren ekosistema “dinamikoaren” parte dira, “helburu bateragarriakaz” osatzen diran ekimenak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak EH Bilduren ahozko erantzun-eske bati erantzunez gaur Bizkaiko Batzarretan egin dauen agerraldian esan dauenez.

Foru Aldundiko arduradunak gogoratuazo dauenez, proiektuak, Eusko Jaurlaritzak Europako Next Generation funtsak jasotzeko aurkeztu dituan planetan sartu dira. Nazinoarteko Ekintzailetza Zentroak Bizkaia Torrean ekintzailetzarako polo bat sortzea aurreikusten dau, gure ekosistema ekintzaile “indartsua” nazinoartean edegiteko. Bilboko kasuan, Zorrotzaurren kontzentretako joera dago. Bizkaiko uriburuko Udalak sormen-industrietan oinarritutako ekonomia barri baten polo bihurtu gura dau ugartea. Holan, izan be, Digipen errealitate da daborduko, eta joan dan astetik, baita As Fabrik be. Basurkok uste dau “ona” dala lurraldearentzat Bizkaiko beste zonalde eta eskualde batzuek euren ekintzailetza proiektuak izatea.

EH Bildurentzat, barriz, Zorrotzaurreko Ekintzailetza Gunea Bizkaia Torrean egongo dan Ekintzailetzaren Nazinoarteko Zentroaren “antzeko helburuakaz” planteetan dan proiektua da. Horren ganetik “bikoiztasunaren gerizpeak planeetan dau”, esan dau Iker Rahona batzarkideak, eta ekintzailetzari lotutako zentro biak “leku bakar batean kontzentretako” aukerea proponidu dau, “kokalekuari jagokonez alkarrengandik oso gertu dagozalako”.

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarretako Ekonomi Sustapenerako Batzordean, Elkarrekin Bizkaia taldeak Aldundiaren etorkizuneko turismo-planen ganean eta horreek Garapen Jasangarrirako Helburuakaz (GJH) daukien harmoniaren ganean egindako hainbat galdera landu dira. Basurkok iragarri dauenez, “hilebete honetatik aurrera” zehazten hasiko dan 2030erako Estrategia barria Turismoaren Munduko Gutunean “inspirauta” egongo da, eta, barrikuntza moduan, Nazino Batuen 17 GJHakaz “lerrokatuko” da, “zehaztuko diran adierazleak neurtzeko sistema bat” zehaztuz. Bilbao-Bizkaia Action Group ekimenaren barruan egingo da, eta sektoreko eragile guztiek hartuko dabe parte.