Aurreko Albisteak

EZKERRALDEKO/MEATZALDEKO PARKE TEKNOLOGIKOAREN INDUSKETA LANETAN EZ DA AZTARNA ARKEOLOGIKO "ESANGURATSURIK" AZALERATU

  • Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurreratu dauenez, Abantoko Energy Intelligence Center eraiki aurreko lur-mobimenduetan ez da azken gerra karlistako Somorrostroko guduaren arrastorik aurkitu inguru horretan.

  • Bizkaiko Batzarrek ez dabe onartu, pandemiak euskeraren normalizazinoan eragindako kalteak ebaluauko dituan “kontingentzia plan bat” egiteko EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena

(Bilbon, 2020ko urtarrilaren 19an). EH Bilduk eskatuta, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak, Ezkerraldeko/Meatzaldeko Parke Teknologikoko lanetan bere saila egiten ari dan gainbegiraketaren ganeko azalpenak emon ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan. Azken gerra karlistako Somorrostroko guduaren aztarna interesgarriak aurkitu ezkero, arkeologia-txosten bat egitea be aurreikusten zan. Azpiegiturak erakundeak Foru Aldundiaren eskariz kontratautako azken txostena entregau eta egun gitxira, Foru Aldundiko arduradunak Euskera, Kultura eta Kiroletako Batzordean aurreratu dauenez, ez da gertaera historiko horren ganeko “ezer esanguratsurik agertu”.

“Aurreikuspen” bat da, azken txostena oraindino entregau barik dago eta. “Datozan egunetan” egingo da, baina, lan horren arduradunari kontsultea egin ostean, “orain arte” ez dala elementu interesgarririk agertu azaldu deutse diputatuak batzarkideei, neurri handi batean, adituek uste dabelako parke teknologikorako erreserbautako eremua burrukea gertatu zan lekutik “urrun” dagola.

Halanda be, inguruan “intereseko” aztarnak agertu ezkero, bere sailak egingo leukezan lanen errepasoa egin dau Lorea Bilbaok. Lan horreen artean materialak identifiketea, katalogetea, garbitzea, dokumentetea eta Arkeologia Museoan gordetzea egongo litzatekez, gero ebaluau ahal izateko.

Zigor Isuskiza EH Bilduko ordezkariak zalantzan jarri dau txosten horren eukia; izan be, bere ustez, ez dago argi kontrol arkeologikoko lanak indusketa lanakaz batera egin diranik.

EUSKEREA ETA PANDEMIA

Bestalde, Covid-19ak euskeraren normalizazinoan daukan inpaktuaren ganean EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat eztabaidatu dau batzordeak. Ekimenean, besteak beste, pandemiaren krisiak eragindako kalteak ebaluau eta horreei aurre egiteko “kontingentzia plan bat” egitea proponiduten zan. Kontrako 10 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP) eta aldeko 5 botogaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) proposamena baztertu egin da.

Koalizino abertzalearen ustetan, osasun krisiak eragin kaltegarriak izan ditu euskerarengan. Aldundiak martxan jarri dituan laguntza-politikak ebaluetako kontingentzia-plan hori eskatzeaz gain, beste ekintza batzuk ezartea proponidu dabe: kontratuetako hizkuntza-erespideak, euskeraz dagozan tresna informatikoak, laguntza-hitzarmenak euskerazko tokiko komunikabideakaz, eskola-kirola euskalduntzea edo enpresetan euskerearen erabilerea normalizetako ekimenak aktibetea.

EH Bilduk Elkarrekin Bizkaia taldearen babesa baino ez dau izan; izan be, koalizino abertzalearen diagnostiko baltzagaz “guztiz” bat ez datorrela onartu arren, Emilio Lobato ahaldunak uste dau egokia dala ekimenari baiezkoa emotea, “zentzuzko” neurriak jasoten ditualako.

Beste alde batetik, Eduardo Andradek esan dau ez dauela ulertzen zer esan gura dan “pandemiak euskerea zokoratu dauela” esatean. Talde Berezia-PPk uste dau erakundeak betiko moduan ari dirala euskerea lantzen, hizkuntzaren erabilerari jagokonez espero diran emaitzak ikusten ez diran arren. Argi itzi dau “ez dala bidezkoa pandemia betean funtsak euskerearen kontingentzia planak egiteko desbideratzea”.

Ekimenak Foru Gobernua eusten daben talde bien ezezkoa be jaso dau. Ana Berta Campo sozialistak ukatu egin dau Aldundia “euskereari lepoa emoten” ari danik, eta horren adibide dira ezarten ari diran baliabideak eta neurriak. Horreen artean dagoz, adibidez, Euskeraren Normalizazinorako IV. Foru Planean jasoten diran eta 2023ra arte luzatuko diran ekintzak. Aldundiak euskerearen beharrakaz daukan konpromisoa “sendoa” da.

Halaber, Mikel Bagan jeltzaleak esan dau EH Bilduk “balio-epaiketea” egin dauela, “ebidentzia barik” pandemiak euskerea kaltetu dauela esanda. Pandemia betean Aldundiak martxan jarri dituan hamar bat ekimen aitatu ditu, horreen artean Kultura Bonua, euskerazko ekitaldiak barriro programetea, erakundeen arteko harremanak indartzea, kontratazinoa normalizetako klausulak, IKTen sektorera bideratutako diru-laguntzak (200.000 euro), tokiko aldizkarientzako laguntza ekonomikoa (559.000 euro), Bizkaiko federazinoetan eta klubetan euskerearen erabilerea sustatzeko programa berezia, edo enpresetan euskerearen erabilerea sustatzeko laguntza, besteak beste.