Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO BATZORDEAK ALDUNDIAREN "EEP-OPE"-AK EGITEKO 12 EUROKO TASEA EZARTEA ONARTU DAU

· Ogasun eta Finantzetako Batzordeak argi berdea emon deutso Aldundiko aukeraketa prozesuetan parte hartzeagaitik ordaintzeari, baina Batzarretako taldeek salbuespenak adostu ahal izango ditue horretarako ahalmen ekonomikorik ez daukien personentzat.

· Batzordeak aho batez onartu dau Herri Kontuen Euskal Epaitegiko arduradun bat etortea, 2018ko ekitaldiko Lurraldeko Kontu Orokorraren fiskalizazino-txostena azaldu daian

(Bilbon, 2021eko urtarrilaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak argi berdea emon deutso Aldundiko beharginak hautatzeko etorkizuneko deialdietara aurkezten diran hautagaientzat 12 euroko tasea ezarri behar dauen Foru Arauaren proiektuari. Orain osoko bilkurak onartu beharko dau araua.

Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezkariak azaldu dauenez, ahalmen ekonomikorik ez daukien personak tasea ordaintzetik salbuesteko aukerea negozietan ari dira une honetan Batzarretako taldeak, “inor kanpoan geratu ez daiten”. Oraingoz, batzordeak atzera bota dau koalizino abertzaleak horren inguruan aurkeztu dauen zuzenketa-eske bat, ordainketatik salbuetsita egoteko hautagaiaren bizikidetza-unidadeko kide bakotxaren diru-sarrerak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatea (LGS-SMI) baino txikiagoak diranean.

Gaur egun, Foru Aldundiak ez dauka ezarrita beharginak hautatzeko prozeduretatik sortutako gastuei aurre egiteko kontraprestazino ekonomikorik. Gastu horreek guztiak aurrekontu propioagaz finantzetan dira. Testuinguru horretan, arauak tasa bat ezarri gura dau, “etorkizunean beharginak hautatzeko egingo diran prozesuen eskaintzea eta eskaria hobeto doitzeko”, orain arte prozesu horreek oso jentetsuak diralako, eta baita “hautaketa-prozesu horreen parte bat finantzetako baliabideak eskuratzeko” be.

Salbuespenei jagokenez, Foru Arauaren proiektua Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP taldeek onartu dabe batzordean, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak ez dabe salbuespen horreek ezarten dituan 4. artikulua onartu. Bertan, tasa hori ordaindu behar izateko salbuespen bi ezarten dira: % 33ko edo gehiagoko urritasun-mailea daukien personak eta familia ugarietako kideak.

HKEE-REN AGERRALDIA

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, batzordeak aho batez onartu dau Herri Kontuen Euskal Epaitegiko arduradun bat bertara etortea, 2018ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazino-txostena azaltzeko.