Aurreko Albisteak

GUFEKO ENPRESA BATZORDEAK ZENTRO OFIZIALEN KUDEAKETA PUBLIKO "ZUZENA" ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Sindikatuetako hiru ordezkari etorri dira Bizkaiko Batzarretako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordera, Batzarretako taldeen aurrean zerbitzu publikoak “kanpora ataraten eta ixten ari dirala” eta horrek Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) “zerbitzuaren kalidadean eta lan taldean dituan ondorio larriak” salatzeko.

(Bilbon, 2021eko urtarrilaren 15ean). GUFEko Enpresa Batzordea Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordera etorri da gaur, Bizkaiko egoitzen egungo panoramaren barri emoteko. Larraitz Urra Errasti, Eduardo Bringas Sánchez eta Esti Ealo Urkiaga hiru sindikatutako ordezkariek, euren eretxiz, Bizkaiko Foru Aldundia aurrera eroaten ari dan “pribatizazino” politikaren ondorioak azaldu ditue, Aldundiaren gizarte zerbitzuak banatzen diran hiru arlo nagusietan, hain zuzen be: Umeak eta Nerabeak, Urritasuna eta Adinekoak.

Sindikatuetako ordezkariek marraztu daben panoramea errepikau egiten da aitatutako hiru arloetan: zentroak eta zerbitzuak ixtea, pribatizazinoak eta plaza publikoak murriztea; hori dala eta, euren berbetan zerbitzuaren kalidadearen “degradazinoa” eta enpleoaren “prekariedadea” sortzen ari dira. Arrazoi horreek dirala eta, Bizkaiko gizarte zerbitzuen “kudeaketa publiko zuzena” defendidu dabe, eta baita sindikatuek ekarpenak egiteko aukerea be.

Umeen eta Nerabeen atalean, Aldundiak “818 plaza” ditu, eta horreetatik “% 13,5 bakarrik” kudeetan da “guztiz” publikoak diran zentroetatik. Programa batzuk, Nerabezaroa edo Emantzipazinoa, besteak beste, kudeaketa pribaduaren esku dagoz oso-osorik. Zentro publikoak “apurka-apurka” ixten ari dirala salatu dau Batzordeak, titulartasun pribadukoak edo itunpekoak hazten ari diran bitartean.

Urritasunari jagokonez, zuzeneko kudeaketa publikoa “ez da aldatu” azken urteetan, eta eskaria, barriz, “hazi eta hazi” egin da. Holan, Lurgorri zentroa ixtea eta Mundakako erdigunean plazak murriztea deitoratu dabe. Gizarte Ekintzako foru sailak “1.196 plaza” ditu. Horreetatik, “277” kudeaketa publikokoak dira, “% 23”. “292” ziran alarma-egoera deklarau aurretik.

Azkenik, bertaratutakoek adinekoentzako egoitzen kudeaketaren egoerea aztertu dabe. Guztira dagozan “10.748” plazetatik, “% 2,66” GUFEko beharginek kudeetan ditue, hau da, “266” plaza, Bizkaian dagozan 154 egoitzen arteko “2tan”. Sindikatuek estadistika horretatik kanpo itzi ditue Azpiegituren kudeaketan sartzen diran “1.865” lanpostuak; izan be, “% 70 eta % 80 artean” itundutako plazak dira. Gaur egun, eguneko zentroen “% 100ek” kudeaketa pribadua daukie. Adinekoen arloan, GUFEko beharginekn ordezkariek salatu dabenez, egoitza publikoetako ohe kopuruak “murrizten jarraitzen dau”, eta baita zerbitzuaren kalidadeak be, enpresa pribaduen “irabaziak hazten ari diran” bitartean.

Batzarretako Taldeek zerbitzuaren kalidadea bermatzeko proponiduten dituen ratioen ganean itaundu deutsee Enpresa Batzordeko hiru kideei, eta baita itxaron-zerrenden bilakaeraren, sistemaren bakotasunen eta Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuaren funtzionamentuaren ganean be.

Araudiak ezarten dituan ratioei jagokenez, ez dabe bat bera be proponidu. Sindikatuek “malguak” izan daitezala eskatu dabe, arretea jasoten daben personen arabera; izan be, “ez da gauza bera” zerbitzua “euren burua ondo defendiduteko gai diran adinekoei edo mendekotasun handia daukienei” emotea. Holan, unean uneko egoerak be kontuan hartzearen alde agertu dira. Pandemiak iraun bitartean, “ezinezkoa da beharrezko prebentzinozko neurriei eustea” zentroetan. “Denporea” behar da protokolo horreek aplikau ahal izateko.

Modu berean, beharginen ordezkariek uste dabe Foru Gobernuak “hirugarren adinekoen” politiketan daukan estrategiaren helburua “publikoa dan guztia ezabatzea” dala, “apurka-apurka”. Halanda be zerbitzu “guztien” kudeaketa publikoaren alde agertu dira, ez bakarrik personen zaintzeagaz zerikusia daukienena, baita “sukaldekoa, garbitegikoa edo garbiketakoa” be. Euren berbetan, pandemiak argi itzi dau zerbitzu sozialak “publikotik” kudeatu beharko litzatekezala.