Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK PANDEMIA GARAIAN BASURDE-UXALDIAK DEFENDIDU DITU HORREEN HEDAPENA KONTROLETAKO NEURRI MODUAN

  • Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da, eta espezie horren ehiza kontrolauak, animaliek nekazaritzako ustiapenetan eragiten dituen kalteak saihesteko aukerea emoten dauela, bideko segurtasuna hobetzen dauela eta gaixotasunak zabaltzea prebeniduten dauela esan dau.

  • Elkarrekin Bizkaiak, bere aldetik, esan dau arrazoi horreek ez dirala LABIren neurriak “saltetako” “derrigorrezko” zergaitiak.

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak ez dau onartu txakurrak solte ibili ahal izatea Aldundiaren esku dagozan aisiarako guneetan.

(Bilbon, 2021eko urtarrilaren 13an). Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak urriaren 30eko 3850/2020 Foru Aginduaren onarpena defendidu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Agindu horren bidez, alarma egoera deklaratzearen ondorioz basurdeaa-uxaldiak egiteko ezohiko neurriak ezarten ziran. Asteburu horretan bertan hasi ziran uxaldiak.

Aldundiak “derrigorrezko arrazoi” bat egoala argudiatu eban, “ganetik” egoan eta pandemiaren ondorioz herritarren mugimenduak mugatu ebazan Lehendakariaren araudia “saltetako”, Elkarrekin Bizkaiak taldeak esan dauenez. Talde horrek itauna egin deutso gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuari, Aldundiak agindu hori zergaitik onartu eban argitu daian.

Foru arduradunak defendidu dauenez, LABIren araudiak, “derrigorrezko arrazoiengaitik” basurdeak hilteko aukerea emoten eban, Unzuetaren berbetan, “espezie horrek lurraldean daukan larregizko populazinoa kontroletako beharrarengaitik, nekazaritzako ustiategietan eragindako kalteengaitik, bideko segurtasunerako arriskuarengaitik eta txarrien izurria edo beste zoonosi batzuk izateko arriskuarengaitik”.

Eusko Jaurlaritzagaz “adostu” dan erabagi horri esker, alarma egoerea deklarau zanetik Bizkaian “809 basurde gitxiago” dago. Neurri horren helburua ohiko ehiza-aldiei “eustea” zan, uxaldi gehiago onartu behar barik. 2020an, uxaldiek “1.440” basurde ataratea ahalbidetu dabe, “85” batez beste asteburu bakotxean. Baimena emoteko, irizpide hau hartu zan kontuan: koadrilek osasun prebentzinoko neurri sanitario “guztiak” betetea, hau da, “6 ehiztari gehienez, 1,5 metroko segurtasuneko tartea, musturrekoa, foru-akreditazinoa, lekuaren seinaleztapena eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari jakinarazotea”.

Xabier Benito talde moreko batzarkideak Bizkaiko koadrila guztiei (32) baimena emon izana deitoratu dau, horretarako “legearen kontrako” foru esparru juridikoa ezarri dala esanez. Ehiztariei “barra librea” emon jake, administrazinoaren aurreko auzi-errekursoa saihesteko “ezkutuan” argitaratu zan foru agindu baten bitartez. “Sailaren kudeaketan beste lardaskeria bat”, deitoratu dau.

Halanda be, Batzarretako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Berezia-PP taldeek bat egin dabe Aldundiak hartutako erabagiagaz, “Bizkaia osoan zabaldutako arazoa dan” espezie baten “populazinoa kontroletako estrategia” baten parte dalako, Unzuetaren berbetan.

Modu berean, batzordean, diputatuak Elkarrekin Bizkaia taldeak Getxon azaroaren 20an Gobela ibaian atzemandako isurketaren ganeko ahozko erantzun-eske bati erantzun deutso. Isurketa horrek arrain arantzadun “asko hiltea” eragin eban. Arriskuan dagon espezie babestua da. Unzuetak argitu dauenez, bere sailak, abenduaren 4an arrazoi horrengaitik zehapeneko espedientea edegitea proponidu eban, eta arrain horren “zaurgarritasuna” Fiskaltzari helduarazo eutsan.

EZEZKOA ALDUNDIAREN ESKU DAGOZAN AISIARAKO GUNEETAN TXAKURRAK SOLTE IBILTEARI

Azkenik, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak baztertu egin dau, Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeetan dituan aisialdirako 72 eremuetan personak eta solte dagozan txakurrak “batera” egotea ahalbidetuko dauen sistema bat ezarteko azterlan bat egin behar izatea. Ekimena atzera bota dabe, kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 3gaz (Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP) eta 3 abstentziogaz (EH Bildu).

Eduardo Andrade popularra, foru aisialdiko eremuen erabilera arautzen dauen Foru Aldundiaren abenduaren 26ko 174/2017 Foru Dekretua egokitzearen alde agertu da; izan be, dekretu horren 7. artikuluan debeku hau ezarten da: “Txakurrakaz edo konpainiako beste animalia batzuekaz ibiltea edo egotea, lotuta egon barik”. Espazioen mugaketa fisikoa defendidu dau, eta baita seinaleztapen barria be, alkarbizitza errazteko edo txakurrak solte ibili daitekezan erabilera mistoko parkeak egokitzeko. Kritikau dauenez, arauak “600 eta 6.000 euro arteko” zigorrak ezarten deutsez araua beteten ez daben jaubeei, baina, dakigunez, momentuz ez dago “horren ondoriozko zehapenik”.

Proposamena egin dauen taldeak Elkarrekin Bizkaia taldearen babesa jaso dau, Popularrek, talde moreak aurkeztutako zuzenketa bi onartu ostean. Zuzenketa horreetan, eremuak mapeetea eskatzen zan, lurraldearen araberako banaketa orekatuagaz eta toki erakundeei kontsultetako beharragaz.

Talde bien ekimena bertan behera geratu da, Foru Gobernua eusten daben talde biak kontra agertu diralako. Jesus Maria Ortiz sozialistak esan dau eskumena udalen esku dagola, eta erakunde horreek euren parkeetan gune bereziak jarri dituela animaliak solte ibili daitezan.

Bestalde, Celia Gomez jeltzaleak esan dau kolektibo baten interes “partikularraren” ganetik “interes orokorra defendidu” eta gune horreek erabilten dituen “personen segurtasuna lehenetsi” behar dala. “Txakur arraza batzuek personei eraso egin deikiee, umeei batez be, eta horrek ondorio larriak euki daikez”, esan dau. Foru dekretuak “zuhurtziaren” printzipioa ezarten dau. Espazio horreek “eremu zabalak dira, batzuetan ibilgailuentzako sarbide bakoak, eta horrek atzerapenak eragin daikez larrialdi zerbitzuetan, jazoeraren bat gertatu ezkero”. Espazio horreek hiriguneetan egokitzearen alde agertu da.

Iratxe Arriola EH Bilduko ordezkariak esan dau arlo horreek “askoz errazago” kudeetan dirala udalerrietan. “Landa eremuetan solte dagozan txakurrek arazo asko sortzen ditue. Ganaduari eraso egiten deutsie”, esan dau. Hori dala eta, gaia “sakonago” planteetea eskatu dau.