Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK ANIZTASUN FUNTZIONALA DAUKIEN PERSONENTZAKO EHUN PLAZA SORTUKO DITU LEGEALDI HONETAN

  • Gallartako eta Mundakako zentroetan aldaketak ari dira sartzen, kolektibo horren epe laburreko beharrei erantzuteko.

  • GUFEk “ia milioi bat euro gehiago” izango ditu 2021eko aurrekontuetan, beharginen profilak “kualifikazino handiagoko” profiletara egokitzeko.

  • EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek esan dabenez, adinekoen sarearen “ahultzea” penagarria da.

  • Batzar Nagusietako taldeek ez dabe Gizarte Zerbitzuetako Legea beteteagaz erlazionautako akordiorik lortu.

(Bilbon, 2021eko urtarrilaren 12an). Gizarte Ekintzako batzordeak edegi ditu 2021eko urte honetako eztabaidak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak agerraldia egin dau, EH Bilduko eta Elkarrekin Bizkaiko batzarkideek eskatuta, Gallartako eta Mundakako adinekoen egoitza-zentroetan desgaitasuna daukien personei plazak eskeintzeko orduan gertatzen ari diran aldaketen barri emoteko. Bere berbaldian, Foru Aldundiko arduradunak gogoratuazo dau Aldundiak legegintzaldi honetan kolektibo horrentzat 100 plaza publiko sortu gura dituala, horreetatik “11” aurton.

EH Bilduk adierazo dauenez Lurgorriko eguneko zentroaren itxiera justifikau ostean, Aldundiak “beste aldaketa batzuk” egin ditu egoitzen sarean. Covidaren lehenengo olatuan, aniztasun funtzionala eukien personak Mundakako eta Gallartako egoitzetara eroan ebezan Birjinetxetik, martxotik aurrera Covid-19an positibo emon eben egoiliarrak hartu ebazan zentrotik. Erabiltzaileen profilari eta beharginei jagokenez zentro horreetan aldaketarik egingo ete dan, eta asistentzia-sareko beste zentro batzuetan beste aldaketarik egingo ete dan galdetu deutso Koalizino abertzaleak Murillori. Elkarrekin Bizkaia taldeak be Murilloren agerraldia eskatu eban, Gallartako zentroaren erabiltzaileen profil-aldaketea dala eta.

Murillok argi itzi dau adinekoen egungo plazek Busturialdeko eta Meatzaldeko “egungo eta etorkizuneko beharrak” beteten dituela. Lehenengoak “465” plaza ditu baimenduta, eta 2019. urtearen bukaeran horreetatik “275” egozan okupauta. Gizarte Zerbitzuen Mapak erakusten dauenez Busturialdeak etorkizunean “164 plaza” beharko ditu. Meatzaldearen kasuan, gaur egun “baimendutako 484 plaza” dagoz, eta horreetatik "358" okupauta. Mapak erakusten dauenez, eskualde horrentzat kopuru egokiena “188koa” da. Beraz, epe laburrean eskaria "beteta" dago. “Gizarte Zerbitzuen Mapak Bizkairako proiektetan dauanagaz alderatuta, adineko personentzako behar dan plaza kopuruaren bikotxa baino gehiago dago baimenduta.”

Eskualde horreetako adinekoen plazen murrizketa hori bat dator desgaitasuna daukien personentzako plaza gehiago izateko beharragaz; izan be, eskualde bietako bakotxean kolektibo horreei zuzendutako “11” baino ez dagoz. “Zifra txikiak dira eta handitu egin behar doguz”, esan dau Murillok, eta legegintzaldi honetan “3 edo 4 zentro” sortzea jarri dau helburu moduan, unidade txikiagoakaz eta ehun plaza ingurugaz guztira.

Gallartako eta Mundakako zentro biak GUFEren esku dagoz eta “halan jarraituko dabe”. “881” personako lantalde batean Foru Institutuan egongo dan aldaketa bakarra, lanpostuen zerrendan “17 aldaketa” egingo dirala izango da. Aldaketa horreek “ia milioi bat euro gehiago” eskatuko deutsaz Aldundiari 2021eko Aurrekontuetan, zentro barriek “kualifikazino handiagoko” beharginak behar dituelako. “Ez dogu GUFEko kategoriak kentzeko asmorik”.

EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren eretxiz, aldaketa horreek Covid-19ak eragindako “inprobisazinoaren” eta Bizkaiko adinekoen sare publikoaren “ahultzearen” ondorio dira.

GIZARTE ZERBITZUEN LEGEA

Batzordea, Gizarte Zerbitzuen sare “publikoaren” defentsaren inguruan EH Bilduk egindako Arauz Besteko Proposamenaren eztabaideagaz amaitu da. Ekimenak Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten zuzenketa-eskeak eukazan, alde batetik, eta Elkarrekin Bizkaiarenak, bestetik. Azkenean ez da onartu, kontrako 9 boto eta aldeko 5 jaso ditualako.

Jatorrizko ekimenean, Aldundiak “arreta artikulauko eta erantzukizun publikoko sare publiko bat” bermatzea, bertan pribatizazino politikak baztertzea eta Zerbitzuari lotutako Prestazino Ekonomikoaren Funtzinoa mugatzea planteetan eban EH Bilduk.

EH Bilduk hasieran proponidutako hiru puntuei puntu bi gehitu ostean, talde moreak Arauz Besteko Proposamena babestu dau. Laugarren puntuan, behin betiko testuak Gizarte Zerbitzuen ganeko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen hainbat artikulu (9 a, 9 m, 16.2 d eta 60.2) beteteko eskatzen eutsan Foru Aldundiari. Ganera, ikuskapen eta kontrol lanak indartzea planteetan zan.

Foru Gobernua eusten daben talde biak ekimenaren kontra agertu dira. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek koalizino abertzalearen dokumentuaren aurreko osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dabe. Talde horreen proposamenak sistema hori bermatzeko konbitea egiten eutsan Aldundiari, aurreikusitako prestazinoakaz batera, “Gizarte Zerbitzuen ganeko Legeak agintzen dauen moduan”, hau da, “erantzukizun eta titulartasun publikoko arreta-sare publiko artikulaua, titulartasun publiko eta pribadu itunduko prestazinoz, zerbitzuz eta ekipamenduz osatutakoa.” Modu berean, zerbitzu pertsonalei lotutako banakako prestazinoak erabilteko eskatzen jakon Foru Gobernuari, “erabilgarritasuna aldi baterako bermatu ezin dan bitartean, eskuragarri ez egoteagaitik, edo eskura dagozan aukerak personek gura dituenak ez izateagaitik”.

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Gizarte Zerbitzuen Legea “osorik” betetea eskatu dabe, izan be, euren eretxiz, Bizkaiko sarea “pribatizazino prozesua” jasaten ari da eten barik. Jeltzaleentzat eta sozialistentzat zerbitzuak lege hori eta bere tresnak beteta emoten ari dira. Legea onartzeak ekarri eban “adostasuna” azpimarratu dabe, eta hobekuntzak ebaluazino prozesua amaitu ostean proponiduteko eskatu deutsie oposizinoari.