Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU ALDUNDIKO EEP-OPE-AK ATZERATZEA, PANDEMIA DELA ETA

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek abala emon deutsie Aldundiari, aukeraketa probak egiteko, segurtasun eta osasun neurriak beteten ari dira eta.

  • Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk zalantzan jarri dabe “unea egokia danik” aukeraketa prozesuakaz jarraitzeko, Covid-19ak ez dauelako partaidetza osoa bermatzen.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 30ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek urteko azkenengo saioa egin dabe gaur, Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordea eginez. Bertan, Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat eztabaidatu da, Aldundiak “hasi barik dagozan aukeraketa prozesuak” atzeratu daizan, pandemiaren bilakaerea neurtzen daben adierazleek “hautagai guztiek aukeraketa probatan parte hartu ahal izateko berme gehiago” emon arte. Ekimena ez da onartu, kontrako 9 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) eta aldeko 5 (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) izan ditualako. Talde Berezia-PPk batzordean daukan ordezkari bakarra abstenidu egin da.

Proposamena egin dauen taldeak probak aldi baterako bertan behera iztea eta “Osasun adierazleek posible egiten dabenean” egitea eskatu dau, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azkenengo deialdietan egin daben moduan. “Egungo osasun egoerak ez dau hori egitea gomendatzen”, esan eban Eusko Jaurlaritzak 1.148 lanpostuko deialdi bat bertan behera itzi ostean, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak gogoratuazo dauenez; izan be, Aldundiak lan-eskaintza publikoakaz jarraitzeko hartutako erabagiagaz, Covid 19ak kaltetutako persona osasuntsu bat, hautaketa prozesu batetik kanpo geratu daike, ezin izan dauelako proba batera joan. Bere taldeak bat egin dau, foru erakundeari urtarrilaren 16ko suhiltzaile eta gidari probak bertan behera iztea egokia dala bideratu deutsien Aldundiko ordezkari sindikalakaz.

Talde morearen proposamenak Foru Gobernua eusten daben talde bien ezetza jaso dau. Pandemiaren egoerak “gorabeherak ditu, eta, OMEk esan dauenez, halan jarraituko dau datozan urteetan”; beraz, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeak bat etorri dira Aldundiak probakaz jarraitzeko hartutako erabagiagaz. Oposizinoa prestetan denpora luzea daroen hautagaientzat “bidebakoa” litzateke Estadu osotik etorri daitekezan personen parte hartzeari edegitako deialdi bat atzeratzea. Beste alde batetik, Aldundiak beste azterketa batzuetan martxan jarritako “prebentzino neurriak eta protokoloak zalantzan ez jarteko” eskatu dau Juan Otermin sozialistak. “Mila persona baino gehiagok” parte hartu eben azkenengoetan, ez zan “aparteko gorabeherarik” izan. Halanda be, prozesu bakotxeko epaimahaiek esan beharko dabe “azken berbea, hainbat aldagai kontuan izanda”.

Modu berean, Unai Lerma jeltzaleak Foru Gobernuak hautaketa prozesuakaz jarraitzeko daukan jarrerea defendidu dau, beti be arriskuen prebentzinorako mekanismoak (tarteak, maskarak, gelak…) beteten badira. Bere eretxiz, Covid-19a dala eta berrogeialdian egoteagaitik azterketara joan ezin ahal izatea “ez da diskriminatzailea”, beste persona batzuek beste gaixotasun edo lesino batzuk izateagaitik be eragozpenak izan daikiezalako, eta ez da deialdi handi bat atzeratzeko “errazoia”.

Talde moreak EH Bilduren babesa baino ez dau jaso. Bea Ilardia bozeroaleak aitortu dauenez, erabagia “ez da erraza”, baina pandemiaren bilakaerak “persona guztien parte-hartzea bermatzea gatxago” egiten dauela azpimarratu dau.

Beste alde batetik, PP abstenidu egin da, eta uste dau deialdi bat egiteko “lehenengo erespidea, eta bakarra” “osasun publikoa eta segurtasuna” dirala, eta ez jagokela Bizkaiko Batzarrei gai horreek baloretea. Amaya Fernandez bozeroalearen berbetan, Aldundiak personen segurtasuna eta osasuna eta hautagaien eskubidea eta prozesuaren segurtasun juridikoa bermatzea uztartu behar ditu. COVID-19agaitik gaixorik dagozan personei jagokenez, umedun dagozan emakumeentzat egiten dan atzerapenaren moduko bereizketa bat egiteko aukera aitatu dau, holan “hirugarren bide bat” planteauz.

HERRITARREN PARTAIDETZARAKO 2020-2023 PLAN BARRIA

Beste alde batetik, Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, Elkarrekin Bizkaiak eskatuta, 2020-2023ko Herritarren Partaidetzarako Foru Planaren laburpen bat aurkeztu dau gaur. Bertan, “ia 600 persona eta eragile” aritu dira alkarlanean, eretxiak eta proposamenak emonez. “Azkenengo” helburua parte-hartzea, konponbide, adostasun eta lankidetza barriak ekarriko dituan tresna dinamizatzailea izatea da, gure lurraldearen garapen jasangarrian aurrera egiteko.

Planak jarduketarako lau ildo zehazten ditu, eta horreen inguruan “14 ekintza” antolatzen dira, honeek, beste batzuen artean: eztabaidan oinarritutako demokraziaren elementu barriak apurka-apurka sartzea; udalen eta mankomunidadeen esku tresna teknologiko barriak jartea udal mailan parte-hartzea eta gobernu edegia bultzatzeko; edo Bizkaiko Foru Aldundiaren Partaidetzaren Ataria eguneratzea eta hobetzea.

Bengoetxeak azaldu dauenez, hainbat ekintza daborduko martxan jarri dira, Covid-19ak informazinoa batzea “baldintzatu” dauen arren, webgunea eguneratzea, egutegi arauemoile bat egitea, edegita dagozan prozesuetan espazio bat aktibetea, “Newsletter” bat sortzea, beharginak prestetea, lurraldeko udalakaz lehenengo bilera bat egitea BiscayTIKen bitartez, eta “izaera jarraitzailea” daukien beste ekintza batzuk.

Tresna horrek parte-hartzearen arloan aurrerapausuak ekarri daikezala adierazi dabe batzarkideek. Dana dala, Israel Escalantek (Elkarrekin Bizkaia) komuniketako beste bide batzuk erabilteko eskatu dau –ez Internet bakarrik–, eta baita espazio fisikoak be, biztanleriaren segmentu guztien parte-hartzea bermatzeko, adinekoena, batez be. Bizkaiko herritarren parte-hartzea hobetu daitekela uste dau; izan be, galdeketek erakusten dabenez, “% 96k” dino ez dauela inoiz parte hartu Aldundiaren parte-hartze prozesu batean.

Beste alde batetik, Amaya Fernandezek (PP) zalantzan jarri dau Aldundiaren eredu parte-hartzailea gero politika publikoetan apliketan ete dan. Herritar guztiek parte hartzeko aukera bardinak dituela uste dau, eta horregaitik, herritarrek parte hartzeko formula barriak arautzeko eta “kalidadeko” alkarrizketea bultzatzeko eskatu dau. Eredu hori Bizkaiko Batzar Nagusietara eztabaidarako ekarri ez izana kritikau dau.

EH Bildutik, Bea Ilardia bozeroaleak, herritarrek “erabagiak hartzeko aukerea izatea” eskatu dau, eta ez proposamenak egiteko aukerea bakarrik, “ahalduntzea, garrantzitsuak sentidutea” beharrezkoa dalako. Hori dala eta, herritarrek erabagiak hartzeko ahalmena izango ete daben itaundu dau, eta aurrekontuetan herritarrek aukeratutako proiektuak sartzeko eskatu dau.

Modu berean, Juan Oterminek (PSE-EE) uste dau “logikoa” dala pandemia betean parte-hartzea elementu telematikoetara “mugatuta” egotea, eta Aldundiak eta parte hartu daben 600 eragileek plan “indartsua eta ondo diseinaua” aurkezteko egin daben ahalegina aitortu eta txalotu dau. Bertan, nabarmendutekoa da parte-hartze prozesuak errazago ulertzeko “irakurketa errazaren” alde egin dan apustua.

Unai Lermaren (EAJ-PNV) ustez, herritarren parte-hartze prozesua “etenik bako hobekuntza” prozesuan dago, eta garrantzitsutzat jo dau planaren hiru jarduketa eremuetan aurrera egitea: “parte-hartzearen kultura hobetzea, parte-hartze prozesuak sistematizetea eta parte-hartze horren emaitzak balioztatzea”. Ganera, uste dau garrantzitsua dala mezua sinplifiketea eta “izaera mugatzaileagaz funtzionau daiken” araudi bat ez ezartea.

ALKARTASUNA CHIAPASEKO KOMUNIDADE INDIGENAKAZ

Beste alde batetik, aldeko 14 botogaz eta PPren kontrako botoagaz, Bizkaiko Batzarrek talde paramilitarrek mehatxatutako Chiapaseko komunidade indigenen aurreko alkartasuna jasoten dauen arauz besteko proposamena onartu dabe. Bizkaiko Batzarrak komunidade horreen “giza eskubideak defendidutearen eta errespetetearen alde” agertu dira, “gobernu federalak, estadukoak eta udalekoak komunidade indigenen kontrako indarkeriagaz daukien konplizidadea gaitzetsiz”. Modu berean, Aldundiaren eta Chiapasen arteko “lankidetzarako lerroei eustea eta indartzea” eskatu dabe.