Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, BBK Gizarte Ekintza babestuko dauen banku fundazino bihurtzea onartu dabe

Gernika

Gernikan, 2014ko maiatzaren 27an.

Gaur martitzenean, maiatzaren 27an, Gernikan egin dan Batzar Nagusietako osoko bilkureak, BBK banku fundazino bihurtzea onartu dau, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Socialistas Vascos (PSE-EE) batzarkide-taldeek alkarregaz aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat onartu ostean. Proposamen horren bitartez BBKren gobernu organuei egin beharrekoak egin dagiezala eskatzen jake banku fundazino bihurtzeari ekiteko, aitatutako araudian aurreikusitako epeen eta baldintzen arabera. Ganera, talde biek, proposamen horretan eskaria egiten deutsee Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bilboko Udalari, etapa barri horretan BBKren Gizarte Ekintzaren jarraipena defendidu daien. Proposamenak aurrera egin dau berau aurkeztu daben taldeen eta eurakaz bat egin dauen PP-ren aldeko botoagaz, eta EH Bilduk kontrako botoa emon dau.

EH Bilduk bere arauz besteko proposamena defendidu dau, Foru Aldundiari eskatuz ez dagiala onartu Kutxabank-en “pribatizazinoa” eta BBKren Gizarte Ekintzaren defentsa irmoa egin daiala, Aldundiak parte hartzen dauen gobernu organuetan. Holan, Irune Soto bozeroaleak galderea egin deutse EAJ-PNV eta PSE-EE taldeei, onartutako arauz besteko proposamenean gauzatu dan euren akordioaren helburua “ez ete dan erakundea banku pribadu bihurtzea, haren kontrola euren eskuetan hartzeko eta zuzendaritzan, euren interesakaz bat datozan pertsonak jarteko”.

PSE-EE-ko Mikel Torres batzarkidearen eretxiz, Euskadiko aurrezki kutxetako aldaketek “ez daukie atzera bueltarik”, eta Kutxei eta Banku Fundazinoei buruzko 26/2013 Legeak behartutakoak dira, eta “gu lege horren kontra agertu ginan Espainiako parlamentuan” esan dau. PP-ko Gonzalo Zorrilla batzarkidearentzat, “lege hori ezinbestekoa da ekonomia berreskuratzeko”. Ganera, kritikau egin dau EH Bilduk “ebasteaz, iruzurraz edo pelotazoez berba egitea, inolako frogarik aurkeztu barik”.

Jon Andoni Atutxa EAJ-PNV-ko ordezkariak, EH Bilduk Kutxabankegaz erlazionautako guztian “gizartean alarmea” sortu gura dauela esan dau, eta legeagaz bat datorren banku fundazino bihurtzea defendidu dau, baina “beti bere sustraiak eta erabagiteko gunea Euskadin gordez, eta finantza muskulua indartzeko apustua eginez, enpresen eta familien mesederako”.

Ganera, koalizino abertzaleak beste mozino bat be aurkeztu dau, aurreko Osoko Batzarretik eratorritako Itaun baten ondorenezkoa, eta bertan, Bizkaiko Batzar Nagusiak KutxaBanken akzinoak hiru kutxen jabegoan mantentzearen alde agertzea, eta bere presidenteari, Mario Fernández jaunari, zein dan akzinoak saltzearen inguruan daukien proposamena “lehenbailehen” argitu daiala eskatzen deutso.

EH Bilduren ekimen biak baztertu egin dira, batzarretako ganerako taldeek kontrako botoa emon dabelako.


POLITIKA FISKALA

Saio berean, Batzar Nagusiek, Foru Aldundiari zerga iruzurraren aurka burruka egiteko neurri barriak sustau daizala eskatzea onartu dabe, PSE-EE taldeak aurkeztutako proposamen bigaz bat etorriz. Holan, sozialistek, Lan Ikuskaritzagaz lankidetza-esparrua bultzatzea eskatu dabe, Iñaki Egaña bozeroalearen berbetan, “iruzurraren kontrako burrukea” bultzatzeko, eta “Bizkaiko ogasunak giza baliabide eta baliabide material gehiago jarri daizala, kontrol lan hori indartzeko”. EAJ-PNV proposamenaren alde agertu da. Josu Arteta bozeroaleak adierazo dauenez, “Foru Aldundia ikuskapenaren eta iruzur fiskalaren jazarpenaren arloan egiten ari dan beharra bikaina izaten ari da”. Joseba Gezuraga EH Bilduko ordezkariak adierazo dauenez, ostera, Bizkaiko erakundeak, “Gipuzkoako ogasunak hartu dituan neurrien atzetik joatea baino ez dau egiten”.

Saioan José María Iruarrizaga Ogasun Diputatuak hartu dau parte. EH Bilduko bozeroaleari gogoratu deutso ikuskapen fiskalari buruzko alkarren arteko planak “Euskadiko hiru ogasunek adostu eta sinatu dituela” eta “Bizkaiko presino fiskala Gipuzkoakoa baino handiagoa dala”.

Eztabaidaren ostean, PSE-EE taldeak aurkeztutako proposamena onartu egin da, batzarretako talde guztien aldeko botoagaz.

Balio Erantsiaren ganeko Zergak (BEZ) bete dau gaur Gernikako Batzarretxean egin dan lan saioaren beste parte bat. Euzko Abertzaleak taldeak Ekonomi Itunaren erreformea defendidu dau, zeharkako zerga guztiak –horreen artean BEZ dago– foru araudiko itunpeko tributu izan daitezan.

EAJ-PNV-ren proposamena PSE-EE-ren beste bategaz batera aurkeztu da. Sozialisten proposamenean, eskaria egiten zan Batzar Nagusiek, ule-apaindegien sektorean BEZ zergea gitxitzea eskatu deioen Estaduko Gobernuari, irailean %8tik %21era aldatu zalako. Hori dala eta, “igaz Estaduan 8.000 ule-apaindegi inguru itxi ziran”, Alexia Castelo PSE-EE-ko bozeroaleak adierazo dauenez.

EAJ-PNV-ren eretxiz, BEZ zergearen murrizketea ez da ule-apaindegietara mugatu behar, jardueraren beste sektore batzuetara be zabaldu behar da. Asier Vega EH Bilduko bozeroaleak be antzekoa esan dau, eta adierazo dau eztabaidak “ez dauela ezertarako balio” eta “erabateko soberania fiskalaren” alde agertu da. Azkenean proposamen biak onartu dira, EAJ-PNV-k aurkeztu dauena eta ule-apaindegientzat BEZ zergea gitxitzea eskatzen eban PSE-EE-rena.


ERREKALDEKO SAIHESBIDEA

Batzar Nagusietako osoko bilkureak, oposizinoko taldeek -EH Bildu, PSE-EE eta PP- aurkeztutako arauz besteko proposamen bana eztabaidatu ditue, Errekaldeko saihesbidea egitea bultzatzeko. Azpiegitura horrek, auzoa zeharkatzen daben A-8ko zubibideak lurreratzea ekarriko leuke, bertako biztanleek aspalditik behin eta barriro eskatu daben moduan.

Aurkeztutako proposamenen artean PP-rena baino ez da onartu. Proposamen horrek eskaerea egiten deutso Foru Aldundiari, proiektuaren idazketagaz segiduan hasi daiten. “Uste dogu heldu dala beharrean hasteko unea”, esan dau Jesús Isasi PP-ko bozeroaleak, bere proposamena defendidu dauenean.

Sozialistek aurkeztutako ekimenean, eskaria egiten jakon Foru Gobernuari, saihesbide hori “segiduan” egiteko hartu beharreko neurriak “hartu daizan”, holan A-8ko zubibideak lurreratu ahal izateko. Socialistas Vascos taldeko Joaquín Colmenero batzarkidearen eretxiz, “Errekalde auzoak denpora asko daroa bertako biztanleen buru gainean jarritako munstroa jasaten. Zubibideak arazo asko eragin ditu, heriotzea eragin daben istripuak, besteak beste, eta berehalako konponbidea behar dau”.

EH Bilduk be proposamena aurkeztu dau. Ekimen horretan, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra erabiltea proponidu dau, San Mames eta Miribilla arteko zubibideak kentzeko, obrak egiten diran bitartean. “Gaur egun ez dagoala Errekaldeko saihesbiderako eraikuntza proiekturik” gogoratu ostean, Asier Torre bozeroaleak bere proposamena “errealistea eta koherentziazko ariketea” dala defendidu dau, eta “ez dauela horrenbesteko konpromisorik jarten kutxa publikoen ganean”.

Nerea Ahedo EAJ-PNV-ko bozeroalea harrituta agertu da, “oposizinoko talde guztiak batera Errekaldeko saihesbidearen aldeko ardura erakusten hasi dirala ikustean, orain denpora gitxi egindako aurrekontuen azkeneko eztabaidan batak be inolako interesik erakutsi ez eban arren”. Oso kritiko agertu da EH Bilduren proposamenaren aurrean, bere eretxiz “Juan de Garai kaletik Bilbora dagoan sarbidea itxiko leukelako, 34.000 ibilgailu egunean, mobikortasunari egiten jakozan beste kalte larri batzuez gain”.

Aurkeztutako proposamenen artean onartu dan bakarra PP-k aurkeztutakoa izan da, EAJ-PNV taldearen aldeko botoagaz. PSE-EE eta EH Bildu taldeek aurkeztutakoak ez ditu onartu Batzarretako gehiengoak.

Bide azpiegituren arlo horretan bertan, Batzarretako osoko bilkureak atzera bota dau PP-k aurkeztutako arauzko proposamen bat. Proposamen horretan, udalerrien esku dagozan errepideetan Abiadurea Murrizteko Konkorrak eta Arriskuaz Ohartarazoteko Bandak jarri ahal izateko Aldundiaren araudia aldatzea eskatzen zan. Popularren proposamenean arauaren aldaketea eskatzen zan, Udalek, udal titulartasuneko bideetan trafikoa “nasaitzeko” balio daben elementu horreek jarri aurretik Herri Lan Sailaren txostena eskatu behar izan daien. EAJ-PNV proposamenaren kontra agertu da, “udalek arlo horretan daukien autonomia” aldarrikatuz.


TURISMO POLITIKAK

Osoko bilkureak atzera bota dau Bizkairako politika turistiko barriak bultzatzeko Aldundiari egindako eskaerea jasoten eban mozinoa EH Bildu taldeak aurkeztutakoa. Mozino berean, landa turismoa eta kostaldekoa bultzatzeko plan bat aurkeztu daiala be eskatzen jakon Aldundiari, eta baita Eusko Jaurlaritzagaz alkarlanean aritu daitela “Basque Country” markea bultzatzen.

Irene Edesa EAJ-PNV-ko bozeroalearen eretxiz, proponidutako neurri gehienak “Turismoaren Industria Sustatzeko 2011-2015 planean dagoz aurreikusita”. Bere berbetan, plan hori frutuak emoten hasi da, zifra positiboak eragin ditu, adibidez, Bizkaian igarotako gau kopurua “%20” igotzea. “Bizkaiak Euskadi bisitetan dauen turismoaren %48a erakarten dauela” gogoratu eta gero, bozeroale jeltzaleak, denpora gitxi barru egingo diran ekitaldiek turismoaren arloan piztu dituen itxaropen bikainak gogoratu ditu, Makina-Erremintaren Biurtekoak, Saskibaloiko Munduko Txapelketeak edo BBK Live jaialdiak, beste batzuen artean.

PSE-EE taldea abstenidu egin da, EH Bilduk baztertu egin dauelako Bizkaiko turismoa sustatzeko orduan “Espainia markea” kontuan izatea eskatzen eban mozinoa.


MARTIAREN 22KO MADRILGO GERTAKARIAK

PP eta PSE-EE taldeek, martiaren 22an, “Duintasunaren martxak” izenekoak zirala eta, Madrilen gertatu ziran kale indarkeria ekintzak gaitzesteko testuak eroan ditue Batzarretara.

“Jardunaldi haretan materialetan eta pertsonengan eragindako kalte ugariak” gogoratu ostean, Esther Martínez bozeroale popularrak, “Estaduko segurtasun gorputzen eta indarren aldeko adierazpena” eskatu dau.

“Duintasunaren martxek” egun haretan “2 milioi pertsona inguru” alkartu ebezala gogoratu eta, bere eretxiz “erradikal talde txiki batek” eragindako indarkeria ekintzak gaitzetsi, ostean, Iñaki Egaña bozeroale sozialistak “PP-k, Herritarren Segurtasunerako Legearen bitartez, bilerak eta manifestazinoak egiteko eskubidea murrizteko egiten dituan ahaleginak” kritikau ditu.

EAJ-PNV eta EH Bildu taldeek gai horri buruzko eztabaidan parte ez hartzea erabagi ostean, eskari biak baztertu egin dira. PP-k aurkeztutakoa EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz, eta PSE-EE-k aurkeztutakoa batzarretako beste hiru taldeen kontrako botoakaz.


ENERGIA PLANA

Sozialistek Energia Plan bat sortzea eskatu dabe gaur Gernikan, Udalen “eretxia” jasoko dauen eta “energia barriztagarrien sustapenari arreta berezia eskiniko deutsan” Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien arteko “akordioaren” bitartez. EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa eske bi ebazan arauz besteko proposamena ez da onartu, batzarretako EAJ-PNV eta PP taldeek kontrako botoa emon dabelako.


CARLOS URQUIJO

Gernikan egin dan Batzar Nagusietako osoko bilkureak, EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat onartu dau, Bizkaiko udal eta erakunde guztiek hizkuntz politika komuna bultzatu daien, eta Carlos Urquijok, Gobernuak Euskadin daukan ordezkariak, Lurraldeko udal askoren kontra auzi errekurtsoak aurkezteko hartu dauen erabagiaren kontra agertu da.

Proposamena Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak defendidu dau. Sotok esan dau “Carlos Urquijok bere konplexu guztiak agerian itxi dituala. Sorgin ehizea egin gura dau”. Bere eretxiz, Espainiako gobernuaren ordezkariaren jarrerea “irain onartuezina da” eta bere helburua “udalak susmopean jartea eta euskeraz bizitzeko daukagun eskubidea posible egingo daben hizkuntz politikak boikoteetea da”.

Lorea Bilbao EAJ-PNV-ko bozeroaleak be bat egin dau kritika horreekaz, eta gobernuaren ordezkaria “herrialde honetako hizkuntza ofizialetako baten zentzunbako jazarpena egiten ari dala” esan dau.

Arturo Aldecoa PP-ko ordezkariak kritikau egin dau EAJ-PNV, EH Bilduk Urquijoren kontra aurkeztutako ekimenaren alde agertzea. Aldecoaren berbetan, “proposamen horren ostean elementu nahastailea dago, botereak berezita dituan zuzenbideko estadu modernoak esan nahi dauena ez ulertzea”. “Batzar honeek auzi-errekurtsoak jarteko eskubideari legitimidadea kenduko deutso? Zuzenbide estadua apurtu egingo dogu?” galdetu dau PP-ko ordezkariak. Ganera, Carlos Urquijok egiten daben beharra defendidu dau.

Proposamena EH Bildu eta EAJ-PNV taldeen aldeko botoakaz onartu da, proposamena aurkeztu dauen taldeak, EAJ-PNV-k ekimenari aurkeztutako lau zuzenketa eskeak onartu ostean. PP eta PSE-EE taldeek kontra bozkatu dabe. Jeltzaleen zuzenketa eskeen artean eranskin bat egoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek “Eusko Legebiltzarrak joan dan 2014ko martxoaren 28an onartu eban Lege Proposamenaren puntu guztiak bere egin daiezan. Lege hori, kontratu publikoen karatuletan eta administrazino klausula berezietan hizkuntz eskakizunak ezarteari buruzkoa da”.


GIZATEK

Bizkaiko Batzar Nagusiek Socialistas Vascos taldearen arauz besteko beste proposamen bat onartu dabe aho batez, Aldundiaren Gizarte Ekintza sailak hartu beharreko neurriak hartu daizan, mendekotasuna edo urritasuna daukien pertsonei informazinoa, orientazinoa eta laguntzea emoteko foru zerbitzuaren, Gizateken, partidak urtebetez haraindikoak izan daitezan, urtekitaldia amaitzeak ez daian laguntzak gauzatzea eragotzi.

Bere esku hartzean, Zuriñe Argatxa EAJ-PNV-ko bozeroaleak azpimarratu dauenez, 2013an, Gizatek zerbitzuak aholkularitzea emon eutsen 899 pertsonari, eta 1.155 pertsonarentzako diru-laguntzak onartu ebazan. Hasera batean laguntzok milioi bat euroko aurrekontua eukien eta ostean beste milioi erdi euro jaso ebezan laguntza, urritasuna daukien pertsonen etxebizitzetarako laguntzako artikuluak eta gailuak erostera eta etxebizitza horreetan obrak eta barrikuntzak egitera egon dira zuzenduta, batez be.