Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK "GERNIKAKO ARBOLA" LANDUTA DAUKAN ADAR BAT JASO DABE DOHAINTZAN

Juan Antonio Alaña Ulibarri artisauak 2007an eskuz egindako musika-tresnea emon deutso Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariari, Gernikako Batzar Etxean erakusgai egon daiten.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 29an). Juan Antonio Alaña Ulibarrik 2007an berak eskuz egin eban adar bat emon deutse Bizkaiko Batzar Nagusiei. Adarrak hainbat taila ditu, horreen artean Gernikako Arbolea daukan haretx hosto bat eta Jose Maria Iparragirreren “Gernikako Arbolaren” letrea. Batzarretako Mahaiak dohaintza onartu dau, eta Ana Otadui Biteri lehendakariak hartu dau piezea, Gernikako Batzar Etxean erakusteko, egileak gura eban moduan.

Jose Antonio Alaña Ulibarri eta bere adarra Deiadar Mendien Eguneko edizio gehienetako protagonista izan dira 2004an martxan jarri zanetik. Aiarako artisaua izan zan, baita be, Gernikako Arbolaren ondoan urriaren 2an Batzarretarako egin zan deiaren protagonistea. Tradizinoak ezarten dauen moduan, bost mende geroago bost deiadar entzun ziran Batzarretako egoitzan, pandemia dala eta aurton egin ezin izan dan mendiko martxa klasikoaren ordez.

Alaña oso ezaguna da adarrak lantzeko eta grabetako daukan zaletasuna dala eta, eta azken urteetan, baita adarrak joten ditualako be. Aidezko musika-tresna horretan espezializau da. Bere baserrian, berak landu eta serigrafiatu dituan berrehun adar baino gehiagoz osatutako bilduma handia dauka.

Batzar Nagusien bileren aurretik deiadarrak jotzeko tradizinoaren jatorria eta mendeetan zehar izan dauen bilakaerea, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterrietako Museoak “Antonio de Trueba (1819-1889). Bizkaiko Kronista” erakusketaren inguruan egin daben azkenengo argitalpenean jasoten da. Erakusketa hori maiatzaren 2ra arte dago Enkarterrietako Museoan. Galdameseko egile eta kronista bera izan zan Batzarretako saioetarako dei hori gaur egun bost deiadar mendi moduan ezagutzen diran tontorretara eroan ebana: Gorbeiara, Ganekogortara, Oizera, Sollubera eta Kolitzara.