BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK AMAIEREA EMON DEUTSIE IPARRAGIRREREN GITARREA BARRIZTETAKO PROZESUARI
· Gernikako Batzarretxeko kultur ondare aberatsaren barruan dagon euskal bardo unibersalenaren musika-tresnea gaur entzun da barriro Gernikan, “Gernikako Arbolaren” notakaz.
(Bilbon, 2020ko abenduaren 28an). Jose Maria Iparragirre (1820-1881) euskal bardo unibersalena jaio zaneko 200. urteurrenagaz bat etorrita, Bizkaiko Batzar Nagusiek “Gernikako Arbola” abestiaren letraren egilearen gitarrea barriztetea erabagi eben. Orain denpora gitxi amaitu dan, eta musika-tresnaren jatorrizko ezaugarriak errespetau dituan konponketa prozesu zorrotzaren ostean, barriro be ohiko lekuan egongo da, kristalezko kutxa baten barruan, Gernikako Batzarretxeko Beirategiaren Aretoan.
Barriztautako gitarrea gaur aurkeztu dau Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak Gernikako Arbolaren ondoan. Beragaz egon dira Lorea Bilbao Ibarra Kulturako foru diputatua, Jon Luqui Albisua Urretxuko alkatea eta Laura Vicario Galarza, haretxaren ondoan barriro entzun dan egurrezko musika-tresna zaharra barrizteteaz arduratu dan luthierra. Iparragirreren paperean sartutako antzezle batek eta Silvia Gutiérrez gitarra-joleak “Gernikako Arbola” kanta ezaguna interpretau dabe barriro.
Barriztetako beharra Laura Vicario luthier bilbotarrak egin dau, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eskatuta. Ana Otaduik, Bizkaiko Batzarretako egoitza historikora heldu arte gitarrak egin eban ibilbidea azaldu dau. Euskal bardoa Urretxun, bere jaioterrian, hil ostean, azkenengo uneak Iparragirregaz pasau ebazan Zumarragako Castañeda jaunak hartu eban gitarrea legadu moduan. Horren ostean, Zubiria jaunaren esku itzi eban usufruktuan, eta harek, hil zanean, Pedro de Egaña jaunaren esku itzi eban, eta azken horrek Bizkaiko Aldundiari emon eutsan, “Gernikako Arbola zortzikoa sortu ebanetik Iparragirregaz apurtuezinezko loturea eukan” haretxa egoan lekuan gordetako. Otaduik esan dauenez, gaur egun, kanta hori, “gure eskubide historikoen, euskal askatasunen eta Bakea lortzeko gogoaren sinboloa da. Ganera, oso ideologia desbardinetako personak hunkitzeko gaitasuna daukan kantua da”.
Harizko musika-tresnak barriztetako orduan espezialista horrek kontu berezia izan dau Iparragirreren gitarrari lustrea aterateko orduan, izan be, denporea eta koleoptero espezie batzuk (karkomak) dirala eta kaltetuta egoan XVIII. gizaldiko egurra eukan. Gitarrea orain egoera ezin hobean dago, eta bere hariak “finduta” dagoz, egunen batean barriro soinua egin daian.
Musika-tresnak, Progreso Argentino gitarra lantegiko Salvador Ramírez Andaluziako gitarra-egilearen sinadurea dauka barruan. Bere bizitzaren parte handia Buenos Airesen bizi izan zan, eta Gipuzkoako bardoa be bertara joan zan erbestera, XVIII. gizaldiaren erdialdean. Halanda be, Iparragirreren lan ezagunena, “Gernikako Arbola”, 1853an Madrilera itzuli ostean idatzi eta interpretau eban.
Barriztatu aurretik, Laura Vicariok bere lana egiteko emon beharreko pausuak azaldu ebazan Gernikan egindako jardunaldi batean. Gitarrea garbitu egin da kanpotik eta barrutik, eta horren ostean konpondu egin da, gitarrea egin zan garaian erabilten ziran kola naturalak erabiliz. Ezpurutasunak, arrastoak eta arrakalak kendu ostean, gitarrea bertan egindako erretxina naturalakaz bernizau da. Barriztetako prozesuan, musika-tresnak karkomaren aurreko tratamentua jaso dau, eta gitarrak eukazan sei harien ordez XIX. gizaldiko musika-tresnetarako beste batzuk jarri jakoz; nota altuetako hariak tripazkoak eta lauak, eta nota bajuetako hariak sedazkoak, zidarragaz txapautako kobrean entortxauta.
Momentuz, urte luzez Urretxuko bardoagaz batera bidaiatu eban egurrezko musika-tresna ezaguna ezin da ikusi, izan be, pandemia dala eta, Gernikako Batzarretxearen barrukaldea itxita dago jentearentzat. Dana dala, Gernikako arbolea, Iparragirreren abesti ezaguna inspirau eban haretxaren ondorengoa, dagon kanpoaldea zabalik dago.