Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK 300 MILIOIKO ZORPETZE GEHIGARRIA ONARTU DAU URTE HONETARAKO

  • Batzar Nagusiek 2020ko Aurrekontuak 1.528,5 milioi euroko zorpetze-mugeagaz ixtea erabagi dabe, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoaren aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren abstentzinoagaz, pandemia dala eta izandako diru-sarrera txikiagoei erantzuteko.

  • Osokoak, osasun krisia dala eta kalte gehien jasan daben zergadunei eta Bizkaiko jarduera ekonomikoari laguntzeko zerga arloko hainbat neurri be berretsi ditu, eta baita urte honetarako ezarri ziran neurri asko 2021eko ekitaldirako luzatzea be.

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Bilbao Bizkaia turismo-estrategia barria diseinetako eskatu deutsie Foru Gobernuari.

(Gernikan, 2020ko abenduaren 23an). Gernikako Batzar Etxeak urteko azkenengo osokoa jaso dau gaur, eta bertan sei ekimen eztabaidatu dira. Aldundiak aurkeztu dauen lehenengoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko argi berdea emon deutsie 2020ko lurraldeko kontuen foru arauaren bigarren aldaketa garrantzitsuari. Kasu honetan, zorpetzea 298.552.000 euro handitzea erabagi da. Artikulu horrek, 2020ko abenduaren 31n Aldundiaren zor bizia 1.528.552.000 eurotik gorakoa ez bada Aldundiari zorpetzeko eragiketa barriak egiteko baimena emoten deutson foru araua aldatzen dau.

Zorra kopuru horretan handitzea posible da Gobernu zentralak 2020. eta 2021. urteetarako zerga arauak bertan behera itzi ebazalako, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak irailaren 30ean egin eban bileran lortutako akordioaren ostean heldu da. Bertan Euskadiko BPGaren % 0,9ko erreferentziazko indizea ezarri zan Foru Aldundietarako 2020an eta % 0,8koa 2021ean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu dauenez. Horren ostean, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, urriaren 15ean alkartuta, Lurralde Historiko bakotxaren defizitaren zenbatekoa erabagi eban. 2020rako, Bizkaiari, aitatu diran ia 300 milioi euro horreek jagokoz. Horreek dira gaur Gernikan, kontrako boto barik, onartu diranak. Foru araua aldeko 35 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP) eta 16 abstentzinogaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) onartu da.

Zuzenketa-eske baten bitartez, talde moreak zorpetze-mugea, “102 milioi eurotan” handitu gura eban. Proposamena ez da onartu, ganerako taldeak kontra agertu diralako, EH Bildu abstenidu egin dan arren. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak igoera hori justifiketako adierazo dauenez, beharrezkoa da “askoz be politika hedakorragoak” martxan jartea, egoeraren larritasuna ikusita “baliabide gehiago” izan behar doguzalako “udalek egin dituen aparteko gastuen finantzaketan laguntzeko”; jeltzaleek eta sozialistek uste dabenez, laguntza hori, Udalkutxa Funtsaren kopuruen itzulerea atzeratzeko lortu dan akordioaren bitartez gauzatzen da. Zorraren zenbatekoari jagokonez, Foru Gobernua eusten daben taldeek esan dabenez “ez da kapritxoz erabagitakoa”, ganerako administrazinoakaz adostutako kalkuluaren barruan dago.

EH Bilduk, bere aldetik, abstenidu egingo dala azaldu dau, ez dagolako ados “zenbatekoagaz eta xedeagaz”. Arantza Urkaregi batzarkideak, zuzenketa-eske baten bitartez, zorpetze horren “parte” bat udalakaz partekatzea eskatu dau, diru-bilketaren jatsierea nabarmenagoa dalako toki administrazinoan. Bere berbetan, udalen jatsierea “% 16,5ekoa” da, eta Bizkaiak jasango dauena, “% 15ekoa”.

COVID-19AREN AURREKO NEURRIAK BATZEN DITUAN PREMINAZKO DEKRETUA

Ildo berean, Aldundiak osasun krisia dala eta kalte gehien jasan daben zergadunei eta Bizkaiko jarduera ekonomikoari laguntzeko eta jarduerea bultzatzeko zerga arloko hainbat neurri aurkeztu ditu, Batzarretan berresteko, eta baita urte honetarako ezarri ziran neurri asko 2021eko ekitaldirako luzatzeko proposamena be. Neurri horreek, Batzarretako talde guztien aldeko botoakaz, abstenidu egin dan EH Bildurenakaz izan ezik, onartu dan abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu Arauemoilean jasoten dira. Foru Dekretu horrek, PFEZ ordaintzetik salbuetsita egongo diran errentak arautzen ditu, eta zergak ordaintzeko epeen malgutzea eta kenkari fiskalak ezarten ditu, Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu dauenez.

PFEZn, adibidez, ordaintzetik salbuetsita dagoz egoera zaurgarrian dagozan personei etxebizitzarako emondako laguntzak, COVID-19aren eragin ekonomikoari erantzuteko familiei zuzendutako laguntzak, eta familia eta lana bateragarri egiteko emondakoak. Horrez gain, tokiko kontsumoa sustatzeko programetako bonuen bitartez lortutako laguntzak eta langile autonomoentzako aparteko bestelako laguntzak salbuetsita dagoz. Modu berean, Errentaren ganeko Zergea aitortzeko betebeharra ezarten dauen mugea 12.000 eurotik 14.000 izatera igon dau dekretuak.

Ohiko etxebizitzaren eta hori barriztetako obren tratamentuari jagokonez, luzatu egin dira ohiko etxebizitzea erosteko etxebizitza-kontuetan gordetako zenbatekoak erabilteko epeak. Eta tokiko merkataritzarentzat % 10eko kenkaria egongo da tresna digitalak sartzera zuzendutako kopuruetan. Ganera, jarduera ekonomikoak egiten dituen personak salbuetsita egongo dira 2020ko laugarren hiruhilekoari jagokon PFEZaren zatikako ordainketatik. Ordainketa hori 2021eko urtarrilean egingo da. Eta mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertiduteagaitik ezarri dan aparteko kenkaria 2021. urtera luzatuko da.

Beste alde batetik, Soziedadeen ganeko Zergan handitu egin da enpleoa sortzeagaitiko kenkaria. 2021ean, kontratu bakotxeko kenkariaren zenbatekoa langilearen soldataren % 25 izango da, orain arte moduan, baina egindako kontratu bakotxeko kenkariaren gehieneko zenbatekoa 5.000 eurotik 7.500 eurora igoko da.

Ganera, 2021era luzatuko dira Soziedadeen ganeko Zergan tributuen tratamentu jakin batzuetarako ezarritako aparteko neurriak, amortizazinorako askatasunaren epeak luzatzekoak eta ibilgetuko elementuetarako amortizazinoa bizkortzekoak; aparteko irabaziak barriro inbertidutekoak; ekintzailetza sustatzeko eta ekoizpen-jarduerea indartzeko erreserba berezikoak; eta ikerketa eta garapen proiektuetan edo barrikuntza teknologikoan parte hartzekoak.

Onartu dan testuak (ikusi erantsitako dokumentua) 2021era luzatzen dau mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertiduteagaitiko aparteko kenkaria. Modu berean, 2021ean berriro negozietan edo sinatzen diran finantza-errentamenduko kontratuei jagokezan gastuen kenkariak lortzeko baldintzak malgutu egingo dira.

BILBAO BIZKAIA TURISMO-ESTRATEGIA BARRIA

Foru Gobernuak aurkeztu eta osoko bilkurak onartu dituan araudi barriak eztabaidatu ostean, oposizinoko taldeen hiru mozinoak eta eguneko gai-zerrendan sartu dan arauz besteko proposamen bat aztertzeko txandea iritsi da. Turismoaren, metroa Galdakaora eta Errekaldera luzatzearen eta pandemiaren eragin ekonomikoaren eta sozialaren inguruko gaiak izan dira.

Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeek, azken talde horren mozino bat aldatzeko sinau daben zuzenketa-eske transakzional bat onartu dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek, Aldundiak, egungo osasun krisi egoerara egokituko dan “Bilbao Bizkaia turismo-estrategia barria” diseinau daian. Proposamenean “barruko turismoa indartzea” eskatzen da, sektoreagaz “adostasun zabala” lortuz, hainbat alderdi azpimarratuz, gertutasuna, jasangarritasuna eta enpresen eta marketin-kanpainen digitalizazinoa, adibidez. Ganera, sektorearen profesionalizazinoan eta laneko baldintzen hobekuntzan aurrera egiteko eskatzen jako Foru Gobernuari.

Bestalde, Bizkaiko Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe Aldundiari, Galdakaorako eta Errekalderako metroaren lineak gauzatzeko kronograma bat aurkeztea eskatzen eutsan EH Bilduren mozino bat. Kronograma horretan, eraikuntza proiektua egiteko, obrak hasteko eta martxan jarteko aurreikusitako datak jasoko litzatekez. Hori dala eta, hainbat urteko aurrekontu partida bat sortu beharko litzateke Eusko Jaurlaritzagaz lankidetzan.

EH Bilduk onartu ez dauen osoko zuzenketa-eskearen bitartez, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek uste dabe Aldundiak metroaren 4. eta 5. lineen aurrean daukan “konpromisoa” erakutsi dauela, eta horretan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzagaz “ahalik eta lankidetza maila handienari eusteko” eskatzen eban testua planteau dabe, linea barrien eraikuntzaren finantzaketan “laguntzeko” eta garapen barrietan egungo trenbide azpiegiturei “lehentasuna” emoteko. Oposizinoko taldeak “eukirik bako” dokumentuaren kontra agertu dira, hor ez dalako “benetako” konpromisorik jasoten, “daturik, datarik eta aurrekonturik ez dagolako”, EH Bilduko Raul Mendezek kritikau dauenez.

Ganera, osoko bilkurak atzera bota dau Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen eta EH Bilduren babesa baino jaso ez dauen mozino bat, krisi honetan arazoak dituen herritarren biziraupenerako gitxieneko diru-sarrerak bermatuko dituen neurri fiskalen ganeko azterlan bat egiteko, eta gizarte zerbitzuak “indartzeko mekanismoak” ezarteko, “arreta-ratioak, beharginen plazak eta 2021erako aurrekontua” handituz, beste eskari batzuen artean.

Kasu honetan be, jeltzaleek eta sozialistek ezezkoa emon deutsie ekimenari; izan be, osoko zuzenketa-eske bat aurkeztu dabe, Diru-Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemea sistema autonomo moduan “indartzea” planteauz, Bizitzeko Gitxieneko Diru-sarrerea sistema horretan guztiz txertatuz, eta diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko legea aldatzea sustatuz. Beste puntu bitan, bere eskuetan dagozan gizarte zerbitzuak “indartzeko mekanismoak” eskatu deutsiez Aldundiari, eta Zaintzaileen Estatutuko neurriei barriro be bultzadea emotea.

Azkenik, osoko bilkurak atzera bota dau Talde Bereziak-PPk aurkeztutako arauz besteko proposamen bat, Foru Aldundiak Bizkaiko ostalaritzaren sektoreari laguntzeko plan bat bultzatu daian. Plan horrek “Itzuli behar ez diran zuzeneko laguntzak” eta “zerga arloko hobariak eta salbuespenak” jasoko leukez, “0 diru-sarrera, 0 zerga” oinarri hartuta.

Batzarretako taldeek ez dabe gai horren inguruko akordiorik lortu, bakotxak bere jarrerea defendidu dauelako, jatorrizko testuari egindako zuzenketen bitartez. Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk sektorearentzako zuzeneko laguntzak ezartearen alde egin daben bitartean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek “laguntzeko zerga arloko neurri barriak” aztertzea proponidu dabe.

Lotutako artxiboak: