Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LAU HILABETEZ LUZATUKO DABE ENKARTERRIETAKO MUSEOAN DAGON ANTONIO DE TRUEBAREN GANEKO ERAKUSKETEA

Bilbao

  • Enkarterrietako Museoak (Sopuerta), Antonio de Truebaren, Galdameseko kronista, historialari eta idazlearen, ganean inoiz egin dan erakusketa handiena jasoko dau, jaio zaneko 200. urteurrenean.

  • Egilearen kultur kontakizuna jatorrizko 100 pieza baino gehiagoren bitartez eregiten da, liburuen, dokumentuen, elementu etnografikoen, margolanen edo ilustrazinoen artean.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 22an) Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Abellanedan dagoen Enkarterrietako Museoak lau hilabetez luzatuko dabe orain arte Antonio de Truebaren bizitzaren eta lanaren inguruan egin dan atzera begirako garrantzitsuena. Antonio de Trueba XIX. mendeko euskal eskubideen eta foruen defentsaren erreferenteetako bat izan zen. “Antonio Trueba (1819-1889). Bizkaiko Kronista” erakusketa handia gaurtik aurrera egongo da zabalik Enkarterrietako museoan. Batzar Nagusietako, Foru Artxibategiko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Museoko piezak eta bildumazale partikularren artikuluak ditu. Erakusketa maiatzaren 2ra arte egongo da zabalik Enkarterrietako museoan.

Enkarterriko idazlearen ganeko erakusketea ehun pieza baino gehiagok osatzen dabe, horreen artean liburuak, jatorrizko dokumentuak, artelanak, ilustrazinoak, Truebaren garaikide izan ziran intelektualek idatzitako testuak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Enkarterrietako Museoaren bitartez urteetan eskuratu dituen hainbat pieza interesgarri dagoz.

Enkarterrietako Museoak katalogo publiko-pribadu hori jasoteko egokitu dau bere erdiko nabea. Bertan, Enkarterritik datozan familietako dokumentazinoa be jasoten da (XVIII. eta XIX. mendeko eskolako koadernuak, negozioetako liburuak, erlijinozko elementuak, litografiak…), eta baita oso pieza etnografiko garrantzitsuak be, Ingalaterratik ekarri zan eta 1882an eregita dagon zerratzeko makinea, Granada errotako (Ortuella) errodete bat, edo enborrakaz egindako zepoak (erlauntzak) eztia lortzeko. Horri guztiari, XIX. mendeko gerrateetan Bizkaiko Tertzioak erabili eban eta 1860koa dan aldare eroangarri handia, eta baita garai berean egurrean landutako Bizkaiko armarria be. Pieza azpimarragarrietako bat Aurelio Arteta margolari ezagunak egin eban Truebaren erretratua da, Foru Jauregitik Erakusketarako beren beregi ekarritakoa.

Kultur ondare garrantzitsu hori guztia antzeztutako giroan prestau da, Enkarterriko egilearen bizitzea eta lana egituratzen daben lau gunetan. “BERE LANA” izenekoan Truebaren lan handiak erakusten dira, eta baita artxibozain eta kronista moduan egin eban beharraren ganean berba egiten daben dokumentuak be. “BERE GAIAK” atalean, Enkarterriko idazleak ezagutu eta landu ebazan lekuak, pertsonaiak eta gaiak erakusten dituen lanak dagoz. “BERE PENTSAMENDUA” izeneko hirugarren aretoan, bere gogoetak eta izaerea gogoratuazoten dira. Eta, bukatzeko, “BERE GARAIA” izeneko aretoan, bere bizitzagaz erlazionautako guztia jasoten da, gerra karlistak eta Bizkaiko Foruakaz eta Batzar Nagusiakaz izan eban loturea, besteak beste.

Lotutako estekak: