Aurreko Albisteak

MURUETA GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKOAK DITUEN BIZKAIKO UDALERRIEN ZERRENDAN SARTUKO DA

Busturialdeko udalerriak jasoko dau denporaldi honetako oinordeko ofizial baten lehenengo landaketea.

(Muruetan, 2020ko abenduaren 21ean). Muruetako udalerri txikiak Gernikako Arbolaren oinordeko bat dauka gaurtik aurrera. Euskaldunontzat karga sinboliko handia daukan leinuaren oinordekoa landatzeko ekitaldia udalerriko Sagatza zelaian izan da, eta bertan egon dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Julen Karrion Lamikiz Muruetako alkatea. Gernikako Batzar Etxearen buru dan haretxaren oinordekoa den alea, Muruetaren desanexinoa lortzeko herritarren artean egin zan kontsultatik 34 urte beteten diran egunean emon dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek. Aurten bertan jarri da martxan desanexinoa gertau zanetik Udaletxea jasoko dauen hirugarren eraikina.

Pandemiak asko baldintzatu dau denporaldi honetan oinordekoak landatzeko agendea. “Urte gogorra eta konplexua ari da izaten, baina laster hobetuko dala uste dogu, Gernikako arbolaren oinordeko honek egingo dauen moduan. Hazi, loratu eta herri honetan bizi zareen guztioi gerizpea emongo deutsue”, adierazo dau Otaduik baikor, herriko alkatearen, zinegotzien eta landaketaren ekitaldia ikusteko bertan alkartu diran herritar guztien aurrean.

Holan, Murueta, Gernikako arbolaren oinordeko bat daukien herrien mundu mailako sarean sartu da, “bost kontinenteetan bananduta dagozan ia bostehun oinordeko”, Batzar Nagusietako Lehendakariak adierazo dauenez, alkateari, “Foruen tradizino demokratikoa, euskal herritarron lege zaharrak eta askatasunak” irudikatzen dituan 3 metroko haretx gaztearen benetakotasunaren ziurtagiria emon aurretik.