ALDUNDIAK 15 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU 2021EAN, COVID-19A DELA ETA BIZKAIBUSEKO USTIAPENEAN IZANDAKO DEFIZITARI AURRE EGITERA
- Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasuneko foru diputatuak, bere sailak 2021erako erabilgarri izango dituen 167,4 milioi euroen nondik norakoa azaldu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan aurrekontuak azaltzeko azkenengo saioan.
- 12 milioi euro gehiago bideratuko dira BGPra, Metro Bilbaoren ustiapen defizita finantzetako eta lur azpiko trenbidearen 1. eta 2. lineak hobetzeko.
- Ibone Bengoetxeak zuzentzen dauen sailak, bere aldetik, 70,7 milioi euro kudeatuko ditu, % 10,1 gehiago, gobernu digital inklusibo eredua sendotzeko erronkari aurre egiteko
(Bilbon, 2020ko abenduaren 18an). Ogasun eta Finantzetako batzordeak, 2021eko Bizkaiko Aurrekontu proiektua azaltzeko azkenengo saio biak jaso ditu gaur. Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailak eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko Sailak, digitu biko igoerak izango ditue euren aurrekontu erabilgarrian –% 10,1ekoa eta % 20,3koa, hurrenez hurren– sail horreetako arduradun nagusiek Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu dabenez.
Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak edegi dau jardunaldia, 70.797.000 eurokoa izango dan bere sailaren aurrekontuaren xehetasuna emoteko. 2020ko aurrekontuak baino 6,5 milioi gehiago izango dira. Aldundiko ganerako sailen euskarri izango diran kontuak dira, eta “eraldaketa digitalari erantzutea” bilatzen dabe. “Aurrekontu horren helburua, gizarte aurreratuei jagoken gobernu inklusiboa eta gertukoa, herritarrengana zuzendua, finkatzea da”, esan dau.
Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako saileko hamabost programek gobernu digitala sendotzen, herritarrakaz izan beharreko gertutasuna bermatzen, lurraldearen kohesinoa bermatzen, munduaren aurrean zabalik egongo dan Bizkaiaren aldeko apustua egiten, eraginkortasunean eta jasangarritasunean aurrera egiten eta kalidadeko enpleo publikoa bermatzen lagunduko dabe.
Aurrekontuaren % 53 Bizkairako gobernu digital inklusiboa lortzeko trantsizinoa bizkortzera zuzenduko da. Ehuneko hori Herritarren Arretea eta Zerbitzu Digitalak, Estrategia Digitala eta Planen Jarraipena, Aldundiko Informatika Plana eta Gobernu Ona eta Gardentasuna programetan kontzentrauko da, alderdi teknologikoagotik trantsizino horri balioa emoten deutsien Lantik, Zugaztel eta BiscayTIC soziedade publikoen laguntzeagaz.
Igon egiten diran partiden artean Aldundiko Informatika Plana (7,8 milioi, % 42 gehiago) eta administrazinoaren digitalizazinoa sendotzera eta herritarren arretea hobetzera zuzendutako programea (27 milioi euro) azpimarratu behar dira. Kopuru hori, herritarrei, Foru Aldundiak eskaintzen dituan zerbitzuetara eta eukietara sartzeko gura daben kanala modu librean hautatzeko aukerea emongo deutsen kanal anitzeko sare integratua ezarteko planak eta proiektuak bultzatzera, zuzentzera eta gainbegiratzera zuzenduko da.
Lurraldeko udalerriei emongo jaken laguntzari eta euskarriari jagokenez, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako sailak 6,5 milioi euro bideratuko ditu Udalen modernizazino teknologikoa bultzatzeaz arduratzen dan BiscayTIK Fundazinora.
Diru-sarreren atalean, sailak 15,4 milioi euro jasotea aurreikusten dau, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarkiak jartetik, su-hiltzaileen zerbitzutik, proben tasetatik, ikastaroetarako eta mintegietarako matrikuletatik, etab.
15 MILIOI GEHIAGO BIZKAIBUSERAKO ETA BESTE 12 METRO BILBAORAKO
Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak, bere aldetik, % 20,3ko hazkunde garrantzitsua erakusten dauen, eta beharginen gastuak kontuan izan barik 167.395.000 eurora helduko dan, aurrekontua aurkeztu dau. Bere berbetan, kopuru horri esker, Bizkaibusek jasoten dauen zenbatekoa handitu egingo da, “Covidak itzi deuskun zuloa ordaintzeko”. “Igoera horren aurrean pozik ez dagon diputatu bakarra naz”.
Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, 2021ean bere sailak gauzatuko dituan jarduketak “bidaiarien eta merkantzien garraio sistemea hobetzera eta eraginkorrago egitera eta mobikortasun jasangarrirantz aurrera egitera” egongo dira bideratuta, “Bizkaian garraio publikoaren erabilerea bultzatuz, gizartearen ikuspegitik arduratsua, ekonomiaren aldetik bideragarria, teknologiaren ikuspegitik aurreratua izango dan eta ingurumenaren aurrean konpromisoa erakutsiko dauen eredu seguruan eta kalidadekoan oinarrituta. Mobikortasun eredu integraua eta erabiltzailearengana zuzendua.”
Bizkaibus zerbitzuak, “Bizkaia osoa egituratzen dauen garraiobide bakarrak”, eroango dau aurrekontuaren zati nagusia: 109,3 milioi, hau da, 17 milioi gehiago, prezioen berrikuspena (milioi 2) eta, batez be, pandemia dala eta bidaien jatsierak ekarri dauen diru-sarreren “zuloa” tapetako (15 milioi).
Horrez gain, Aldundiak Metro Bilbaoren ustiapeneko defizitaren parte bati egin beharko deutso aurre. Bizkaiko Garraio Partzuergoan (BGP) sartuko dan partidea, 2020ko 40 milioietatik 2021eko 52 milioietara igongo da, hamabi milioi gehiago, “zerbitzuaren defizita eta zorraren interesak eta trenbide metropolitarreko 1. eta 2. lineatan egin behar diran inbertsinoak finantzetako”. Hazkunde hori BGPk onetsi dauen azkenengo Ekonomia eta Finantza Planean oinarritzen da. Plan horretan Covid-19aren pandemiaren eragina hartu da kontuan.
Ganera, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko sailak bizikletaren erabilerea bultzatzeko partida barriak jasoten ditu. Publizidade kanpaina bat jarriko da martxan, eta “lau proiektu pilotu” izango dituan azterlana egingo da, medio horren eta beste garraiobide batzuen arteko intermodalidadea hobetzeko. Ganera, bizikleten burpilak puzteko eta bizikletak garbitzeko instalazinoak eregiteko partidak be egongo dira.
Bere azalpenean Gómez Viarrek beste zifra eta proiektu batzuk be itzi ditu. Aparkabisa soziedade publikoari egingo jakon ekarpenak 1,2 milioi eurokoa izaten jarraituko dau. Beste 900.000 euro Bilboko Geltoki Intermodal barriko dartsenen alokairua ordaintzeko erabiliko dira, eta 600.000 euro lurralde osoan 53 markesina barri instaletako. Beharginen gastuak, euren aldetik, % 7,75 igongo dira, 5,15 miliotik 5,55 milioira, eta zehapenen eta isunen bitartez 500.000 euro jasotea aurreikusten da.
ZUZENKETA-ESKEAK AURKEZTEKO EPEA
Aurrekontuak azaltzeko bost jardunaldiak eta datorren eguaztenean, hilaren 23an, herritarrek alegazinoak aurkezteko daukien epea bukatu ostean, 2021eko kontuak onartzeko Batzarretako tramiteak urtarrilaren 4an jarraituko dau, zuzenketa-eskeak aurkezteko epea edegita. Batzarretako taldeek urtarrilaren 23ra arte aurkeztu ahal izango ditue arau proiektuaren aurreko zuzenketa-eskeak. Egon ezkero, osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko osokoa zezeilaren 3an izango litzateke.