ALDUNDIAK 20 MILIOI EURO GEHIAGOGAZ INDARTUKO DAU GIZARTE EKINTZAKO AURREKONTUA, ADINEKOEI, ADINBAKOEI ETA URRITASUNA DAUKIEN PERSONEI EMOTEN JAKEN ARRETEA HOBETZEKO
- Sergio Murillok zuzentzen dauen sailak 585 milioi euro kudeatuko ditu, % 3,6 gehiago.
- Ekonomia Sustatzeko sailaren aurrekontua % 17,2 murriztuko da, 2021ean BECeri eta automobilgintzako AIC zentroari ekarpen txikiagoa egingo jakelako, batez be
(Bilbon, 2020ko abenduaren 17an). 2021eko Bizkaiko Aurrekontuen proiektuaren ganeko informazinoa emoteko Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egin dan hirugarren jardunaldira Ekonomia Sustatzeko Saileko eta Gizarte Ekintzako Saileko arduradunak etorri dira. Sergio Murillok zuzentzen dauen sailak 585 milioi euro kudeatuko ditu –Aldundiaren kudeaketa propioko aurrekontuaren 100 eurotik 43–, lurraldeak adinekoei, babes bako adinbakoei eta urritasuna daukien personei arretea emoteko lurraldeak dituan beharrei erantzuteko, Covid 19ak baldintzatuko dauen beste urte batean. Ainara Basurkok zuzentzen dauen saila, barriz, aurrekontu txikiagoa izango dauen hiruetako bat izango da (Ogasuna eta Finantzakaz eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalagaz batera), bere aurrekontua % 17,2 txikiagoa izango da eta.
Ogasun eta Finantzetako batzordearen lehenengo saioa Ekonomia Sustatzeko sailaren aurrekontua zehaztera egon da zuzenduta. 2021ean 64.998.000 euro izango ditu. Ainara Basurko sail horretako diputatuak azaldu dauenez, bere sailaren kontuek “Bizkaiko eraldaketa prozesuan aurrera egiteko” eta lurralde “barritzailea, talentuduna, erakargarria, konektautakoa eta orekatua” lortzeko balioko dabe. Aurrekontuak “foku bikotxa” sartuko dau. Alde batetik, legealdiko erreferentziazko esparru estrategikoari eustea eta, bestetik, “epe laburrean”, pandemiak kaltetutako sektoreetako jarduketak indartzea, “Bizkaiko 5.000 ETE eta mikroETEtara” helduko dan Suspertze Plana martxan jarriz.
Basurkok adierazo dauenez, aurrekontua txikiagoa izateak ez dau eraginik izango Bizkaiko ekonomiaren alde egingo dan beharrean, erabilgarri dagon diru-kopuruaren murrizketaren zati nagusia euskal erakundeek BECen zorra amortizetako egingo daben ekarpen txikiagoaren (2020an ekarpena 17,5 milioikoa izan da) eta automobilgintzako AIC zentroa finantzetako epeak luzatzearen ondorioz etorriko dalako. Alderantziz, Basurkok azpimarratu dauenez, ekintzailetzara eta enpresetara zuzendutako aurrekontua “% 6 handiagoa” izango da, eta datorren urtean “26 milioi euro” aurreikusten dira “itzuli behar ez diran diru-laguntzetarako”.
Sailak dituan programa nagusi bietako bakotxak –Ekonomiaren Sustapena eta Barrikuntza eta Lehiakortasuna– 25 milioi euro inguru jasoko ditu. Barrikuntzaren eta Lehiakortasunaren atalean dagoz sailak izango dituan barrikuntzetako batzuk. Diputatuak aurreratu dauenez, hiru proiektu “barri” sartuko dira berraktibazino adimentsua garatzeko; planen, proiektuen, beharginen kontratazinoaren eta aholkularitzaren bitartez enpresen digitalizazinoa eta jasangarritasuna bultzatzeko; eta zentro teknologikoei zuzendutako hirugarren proiektua, ETEei ezagutza transferitzeko. Barrikuntzen artean, Basurkok honeek be aitatu ditu: enpresaren “jarraipeneko zerbitzua”, enpresen arteko “aliantzak eta batasunak” sustatzeko; “trokelgintzaren balioztatzea” AICgaz lankidetzan; eta, azkenik, “teknologiakoa ez dan” barrikuntza bultzatzea.
9.179.000 euro jasoko dituan Kanpo Sustapenerako eta Turismorako programari jagokonez, ia herena turismoari zuzenean emongo jakozan laguntzetara zuzenduko dau. Ganera, 1,5 milioi Bilbao Bizkaia 2030 turismo estrategia barria ezarteko bideratuko dira. Bukatzeko, Eskualde Garapenerako atalak ia 4 milioi euro jasoko ditu. Bertan, Bizkaiko merkataritzea eta artisautzea “suspertzeko bonu barriak” jasoten dira 2021erako.
585 MILIOI GIZARTE EKINTZARAKO
Ogasun eta Finantzetako batzordearen hurrengo saioan, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak, 585 milioi eurokoak, % 3,5 gehiago, izango diran bere saileko aurrekontuak aurkeztu ditu. Kopuru hori Foru Aldundiak sailetarako erabilgarri daukan aurrekontu osoaren % 43 da, aurtengoa baino 20,1 milioi euro gehiago, “adinekoei, urritasuna daukien personei eta babes bako adinbakoei emoten jaken arretea indartzeko, zaintzaileak ahaztu barik”.
Sergio Murillok adierazo dauenez, Gizarte Ekintza Saileko 2021eko aurrekontuak erronka hirukotxari erantzun behar deutso: “egunero milaka personaren beharrei erantzuteko sarea izatea, pandemiari erantzutea eta gizarteak etorkizunean izango dituan erronketarako eraldatzea”. Erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuetako zentroen sareak “115.000 persona baino gehiago” hartuko ditu Bizkaian.
Diputatuak azpimarratu dauenez, 10,2 milioi eurogaz, Aldundiak zainketa eredu barrirako trantsizinoari ekingo deutso. Eredu horrek “personan zentrautako arretatik erantzungo deutso biztanleriaren zahartzeari, gizarte, teknologia eta antolakuntza arloetako barrikuntzea erabilita”.
Horrez gain, 2021. urteak azpiegitura barriak ekarriko ditu: eskualde mailako erreferentziazko lehenengo zentroa eta belaunaldien arteko lehenengo zentroa (3,2 milioi) edo lehenengo 6 etxeTIC zentroak (4,8 milioi), eta baita Nagusi Intelligence Center (1,9 milioi) izenekoa be.
Gastuaren moltso nagusiak beste urteetakoen antzekoak izango dira. Sailaren aurrekontuaren herena adinekoen zainketara bideratuko da: 201,5 milioi euro. 75 milioi urritasuna daukien personengana zuzenduko dira; 55,6 milioi umeei arretea emoteko. 126,4 milioi jasoko dituan GUFEk adinekoen 12 zentro kudeatuko ditu zuzenean, 2020an baino bat gehiago, Mundakako Arreta Zentroa finkau eta gero. Horrez gain, Aldundiak 105,5 milioi euro bideratuko ditu mendekotasunerako prestazinoetara eta diru-laguntzetara. Eta, bukatzeko, Balorazino eta Orientazino Zerbitzuak ia 8 milioi izango ditu.