2021EAN ENPLEGURA, BARDINTASUNERA ETA GIZARTE INKLUSINORA BALIABIDE GEHIAGO BIDERATZEA PLANTEAU DAU ALDUNDIAK, AZPIEGITURA HIDRAULIKOETARAKO PARTIDAK MURRIZTUKO DITUAN BITARTEAN
- Bizkaiko Batzar Nagusiek 2021eko Aurrekontu proiektua azaltzeko beste jardunaldi bat egin dabe, Iraunkortasun eta Ingurune Natural eta Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailen kontuakaz.
(Bilbon, 2020ko abenduaren 16an). Iraunkortasun eta Ingurune Natural eta Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailen 2021eko aurrekontu proiektua zehaztasunez azaltzeko txandea izan da gaur. Elena Unzuetak zuzentzen dauen sailak aurrekontu txikiagoa eukiko dau datorren urtean, 62,6 milioi euro erabilgarri, hain zuzen be. Teresa Laespadak, barriz, bere sailak erabili daiken kopurua % 8,8 handiagoa dala ikusiko dau, 65,5 milioira heltzeko, datorren urteko konpromiso eta erronka garrantzitsuei aurre egiteko, horreen artean “behar gehien daukienak babestea” eta koronabirusaren krisia dala eta galdutako enpleoa berreskuratzeko beste eragile aktibo bat izateko.
Hasteko, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak, Ogasun eta Finantzetako batzordearen lehenengo saioan, bere saileko kontuak azaldu eta zehaztu ditu. Guztira, 84.598.815 euro izango ditu, beharginen atala kontuan izanda. Kopuru erabilgarria 62.660.000 eurokoa izango da, aurtengo aurrekontua baino % 15,19 gitxiago. Dana dala, “benetako” kopuru erabilgarria kontuan izaten badogu, murrizketea % 1,73koa da.
“Kapital transferentzietara” zuzendutako kopurua da jatsiera hori neurri handian azaltzen dauen atala, eragiketa horreek erdia baino gehiago murriztu diralako. 2020ko aurrekontuetan jasotako 18,9 milioi euroetatik, datorren urteko 9 milioietara bajauko da, neurri handian, uraren hornidureagaz eta tratamentuagaz erlazionauta inbertsinoak egiteko Ur Partzuergoari egindako ekarpen txikia dala eta –milioi bat baino ez–. Unzuetaren sailak, barriz, bere horretan eutsiko deutso, eta % 4,54 handituko dau, “benetako” inbertsinoetara zuzendutako atala, 12.558.000 euroetara helduz.
Egitekoen banaketak oso antzera jarraituko dau sail horrek jasoten dituan gastuaren bloke handi bien artean, hau da, lehen sektorearen eta ingurumenaren babesaren artean. Arlo horreetako bakotxak 28 milioi eurotik gorako kopurua kontzentretan dau. Beste alde batetik, Zerbitzu Orokorrek eta Aldundiko Plan Informatikoak beste 5,6 milioi euro hartuko ditue. Eta sailaren esku dagozan Garbiker eta Basalan foru soziedadeek 41,9 eta 8,3 milioi euroko aurrekontua eukiko dabe, hurrenez hurren. “Aurrekontua orekatzen ahalegindu gara, Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailaren eskumenen barruan dagozan Bizkaiko ekonomiako azpi-sektoreei eusteko eta aktibetako beharrari egokituz”, azaldu dau Unzuetak.
Lehen sektoreari emoten jakozan laguntzen artean, azpimarragarriak dira, jasoko daben kopurua dala eta, PAC izenekoaren barruan dagozan Bermerako Europako Funtsak finantzautakoak (7,7 milioi euro), basoko laguntza plana (3,8 milioi) ustiapenak modernizetako eta gazteak sektorean sartzeko diru-laguntzak (3,6 milioi euro), konpensazinorako laguntzak (2,5 milioi) eta nekazaritza-ingurumena eta klima eta nekazaritza ekologiko neurriak (1,6 milioi).
Ingurumenaren arloan, datorren ekitaldian ekarpen garrantzitsua egingo jake Babestutako Espazio Naturalak babesteko jarduketei (3,4 milioi), Parke Naturalak mantentzeko eta dinamizetakoei (1,72 milioi), aisialdirako guneen kontserbazinoari eta mantentze-lanei (2,2 milioi euro), hondartzetako programari (5,5 milioi) edo ingurumen arloko azpiegituretan egiten diran inbertsinoei (4,9 milioi).
“Lehentasunak” dirala eta desagertu egingo diran partiden artean, Unzuetak Udaletara zuzendutako energia eraginkortasunerako laguntzak, Unesco katedrea, klimaren aldaketaren kontrako burrukarako ekintza espezifikoak eta aurtengo aurrekontuetan aurreikusita egozan beste batzuk aitatu ditu, herritarren artean bosgarren edukiontziaren erabilerea bultzatzea, adibidez.
ENPLEOAREN SUSTAPENA
Beste alde batetik, Ogasun eta Finantzetako batzordearen eguneko bigarren saioan, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko foru diputatuak zehaztu dauenez, 65.517.000 euro izango ditu erabilgarri bere politika publikoak gauzatzeko, hau da, aurton baino % 8,8 gehiago.
Hazkunde nagusia izango dauen programea Enpleoa eta Ekintzailetzea izango da, bere kreditua % 11,41 handituko dalako, 23.440.978 eurora ailegau arte. Bertan, 2021eko barrikuntzetako bat jasoko da, egoitzetako sektoreko beharginei zuzendutako prestakuntza programa barria, hain zuzen be.
Sail horretako aurrekontuko beste bloke garrantzitsu bat Gizarte Inklusinoko ekintzetara egongo da zuzenduta. Atal horrek milioi bat gehiago inguru eukiko ditu, 26.770.959 euro, hain zuzen be. Aldundiak gizarte arloan dituan lehentasunak eta “inor atzean ez izteko” apustua argi eta garbi erakusten dituan argazkia.
Aurrekontuaren ganerakoa Emakumea eta Familia (7.586.375 euro) eta Gizonen eta Emakumeen arteko Bardintasuna (3.118.168) programen artean banatuko da. Laespadak azpimarratu dauenez, azken horretan Aldundiak “sendotu” egingo dau bardintasunerako politiken gastua, aurrekontu osoaren “% 1,2” horretara bideratuko dauelako (2015ean % 0,5 zan, eta Foru Arauak % 1 izatea eskatzen dau), Bardintasunerako VI. Foru Plana egiten jarraituko dan urtean.
Eta, bukatzeko, Laespadarentzat “barri ona” da Foru Gobernuak 1.409.000 euro bideratzea Lankidetzara eta Garapenera, Aldundi osoaren kudeaketa propiorako aurrekontuaren “% 0,51”. Alkartasunezko ekintza horreek “gehien indartzen dituan euskal administrazinoa gara”, esan dau.