Aurrezki kutxak banku fundazino bihurtzea eztabaidatuko dabe Gernikan Batzarkide-Taldeek

Baina hori ez da izango gai horren inguruko ekimen bakarra. EH Bildu batzarkide-taldeak bere jarrerea defendatuko dau, hain zuzen be eskatzeko Foru Aldundiari ez dagiala onartu Kutxabank-en “pribatizazinoa” eta BBKren Gizarte Ekintzaren defentsa irmoa egin dagiala. Ganera, batzarkide-talde abertzaleak beste Mozino bat aurkeztuta dauka, aurreko Osoko Batzarretik eratorritako Itaun baten ondorenezkoa, eta bertan gura da Bizkaiko Batzar Nagusiak KutxaBanken akzioak hiru kutxen jabegoan mantentzearen alde agertzea eta bere lehendakariari, Mario Fernández jaunari, eskatzea lehenbailehen argitu dagiala zein dan akzinoak saltzearen inguruan daukien proposamena.
ZERGA IRUZURRA ETA BEZ
Beste alde batetik, zerga iruzurraren aurkako neurri barriak jartea aldeztuko dau PSE-EEk. Zehatzago esanda, sozialistek eskatuko deutsie Aldundiari zerga iruzurraren aurkako burrukarako lankidetza-esparrua sustatu dagiala Lan Ikuskaritzagaz, eta zerga ikuskaritzarako giza baliabide eta baliabide material gehiago jarri dagizala, zerga iruzurraren aurkako burrukaren eragin-kortasuna eta emaitzak hobatzeko.
Gai horri jagokonez, Osoko Batzarraren azkenaldera PPren ekimen bat gauzatuko da, eta horren bitartez eskatu egiten jako Aldundiari argitu dagiala zertan hobetzen dauen zerga iruzurraren aurkako burrukea argitara emoteak zeintzuk izango diran modu berezian aztertuko diran kolektiboak.
Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruz be eztabaidatuko da Osoko Batzar horretan. Jeltzaleek Ekonomi Itunaren erreformea aldeztuko dabe zeharkako zerga guztiak —horreen artean BEZ dago— araudi autonomoko itunpeko tributu izan daitezan. Sozialistek, barriz, araudi aldaketea aldeztuko dabe, Batzar Nagusiek eskatu deien Estaduko Gobernuari ileapaindegien sektorean BEZ gitxitzea, irailean %8tik %21era aldatu zanez, Estaduan 8.000 ileapaindegi inguru iztea ekarri dauelako.
ERREKALDEKO SAIHESBIDEA ETA BADENAK JARTEKO ARAUDI-ALDAKETAK
Azpiegituren arloan, badirudi oposizinoko taldeak — EH Bildu, PSE-EE eta PP— prest dagozala Errekaldeko saihesbidea egitea bultzatzeko. Arauz Besteko Proposamen bana aurkeztu dabe horren inguruan; popularrek eskatzen deustie Aldundiari hasi dagiala Erre-kaldeko saihesbide barriaren proiektuaren idazkerea; sozialistek, bestalde, behar izan daitezan neurriak hartu dagizala Errekaldeko saihesbidea berehala eregiteko, Errekalde auzoa zeharkatzen dauen A-8ko zubibidea eratsi ahal izateko; eta EH Bilduk, Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea aukerako bide moduan erabili daitela eskatzen dau Errekaldeko zubibidea erasteari ekin ahal izateko.
Edozelan be, Osoko Batzarraren hasieran PPk aurkeztutako Arau Proposamen baten inguruan erabagiko da, alderdi horrek Abiadura Murrizteko Konkorrak eta Arriskuaz Ohartarazteko Bandak jartzeko Aldundiaren araudia aldatu gura dau-eta. Popularrek eskatu egiten deutsie Aldundiari araua aldatu dagiala eta errepideetan badenak jarri aurretik Herri Lan Sailaren txosten loteslea eskatzera derrigortzea Udalak, inolako baimenik emon aurretik.
TURISMO ETA HIZKUNTZA POLITIKA BARRIAK
Beste alde batetik, EH Bildu taldeak Bizkairako politika turistiko eta hizkuntza politika barriak bultzatzeko eskatuko deutso Aldundiari. Batzarkide-Talde horrek gura dau Aldundiak landa turismoa eta kostaldekoa bultzatzeko plan bat aurkeztu dagiala, Bizkaiko eskualdeakaz alkarlanean egindakoa, eta Eusko Jaurlaritzari lagundu deiola “Basque Country” markea bultzatzen. Euskereari jagokonez, eskatzen dabe Bizkaiko udal eta instituzino guztiek “geure hizkuntza-politika bateratua” sustatzea. Ildo horretatik, nahi dabe Espainiako Gobernuko ordezkari dan Carlos Urquijok Bizkaiko hainbat udali auzi-errekurtsoak inposatzeko hartutako erabagiaren aurka agertzea Batzar Nagusiak.
GIZATEK, PLAN ENERGETIKOA ETA MARTIAREN 22AN MADRILEN IZANDAKO ISTILUAK
Beste ekimen baten bitartez, sozialistek Aldundiaren Gizarte Ekintzako Sailari eskatzen deutsie behar izan daitezan neurriak hartu dagizala Gizatek zerbitzuaren partidak urte betez haraindikoak izan daitezan, urtekitaldia amaitzeak ez dagian eragotzi laguntzak gauzatzea. Batzarkide-Talde berberak, bestalde, eskatu egiten deutso Foru Aldundiari egin beharrekoak egiten hasi daitela, Eusko Jaurlaritzagaz eta gainontzeko foru aldundiakaz — udalak be aintzat hartuta horretarako— Plan Energetikoa izango danaren akordioaren alde lan egiteko.
PP eta PSE alderdiek ekimen bana daroe Osoko Batzarrera, Madrilen maiatzaren 22an izandako istiluak eta indarkeria-ekintzak arbuiatzeko.
IBARZAHARRA ETA OKA IBAIRA EGINDAKO ISURKETAK
Osoko Batzarraren amaieran oposizinoak egindako ahozko erantzun-eskeak gauzatuko dira. Aldundiak erantzun egin beharko dau ea Ibarzaharreko administrazino kontseiluaren Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek eskatuko ete daben Juan Cruz Nieves alboko gerenteak orain artean jasotako diru kopuruen itzulketea eta, bestalde, Oka ibaian egondako isurketak dirala-ta ea Autzaganeko tunelaren eraikuntzaren ardura daben enpresen aurka zigor espedienterik ireki ete dauen Aldundiak.