PRADALESEK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN ZEHAZTU DAUENEZ, AZPIEGITURETAKO INBERTSINO PUBLIKOA % 31 HANDITUKO DA 2021EAN
- Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako sailaren aurrekontu proiektuak “209,8 milioi euro” sartuko ditu inbertsino publikoan.
- Sail horretako kontuetan, “24,6 milioiko” inbertsinoa jasoko dauen “bizikletako mobikortasunaren” eta errepideko barrikuntzarako estrategian emon beharreko pausuen aldeko apustua azpimarratu behar da.
- 2021. urtea izango da Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarrean diru gehien inbertiduko dan urtea: 77,3 milioi euro.
(Bilbon, 2020ko abenduaren 15ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordeak 2021eko Bizkaiko Aurrekontuak azaltzeko bigarren jardunaldia egin dau gaur. Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, “igaz baino % 31 handiagoa izango dan 209,8 milioi euroko inbertsinoaren bitartez” koronabirusak sortutako krisi ekonomikoari “aurre egitea” bilatzen daben kontu “hedakorrak” aurkeztu ditu. Aldundiko arduradunak zehaztu dauenez, bere sailak, beharginen atala kontuan izan barik, 238.335.000 euro izango ditu, hau da, % 20,3ko igoerea izango dau. Holan, adierazo dauenez, bere sailak egindako inbertsinoari esker Bizkaian “1.476 lanpostu sortu edo kontserbau” ahal izango dira.
Bizikletako mobikortasunari emongo jakon “oso bultzada indartsua” da aurrekontuaren alderdi garrantzitsuenetakoa, Aldundiak “24,6 milioi euro” bideratuko ditualako horren plangintzara eta garapenera. Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako sailaren beste ardatz garrantzitsu bat errepideko barrikuntzarako estrategiak izango dauen hedapena izango da. 2021ean kontroleko zentroen interoperabilitatean, errepide sarearen digitalizazinoan eta sentsorizazinoan, ibilgailuaren eta azpiegituraren arteko komunikazinoan edo material barrien erabileran aurrera egiteko inbertsinoak aurreikusten dira.
2021ean 91,5 milioi zuzenduko dira errepideen kudeaketara. Atal horretan nabarmentzekoak dira Aldundiaren esku dagozan errepide sareko 1.300 kilometroen kontserbazinorako eta mantentze-lanetarako 53,9 milioiak.
Beste partida garrantzitsu bat Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarra eta AP-68 autopistea lotzeko obratara bideratuko diran 77,3 milioi euroak izango dira. 2021. urtea izango da azpiegitura horri emongo jakon behin betiko bultzadaren urtea, egikaritze epealdi guztian jasoko dauen “inbertsino handienagaz”. Horrez gain, Aldundiak 47 milioi euro gordeko ditu Gerediaga-Elorrio errepidea ordaintzen jarraitzeko.
Horrez gain, Interbiaken bitartez, 4 milioi euroko aurrekontua zuzenduko da itsasadarraren azpiko tunela eregiteko proiektua idazteko, 12,7 milioi Bidesarea planeko beste jarduketa batzuetarako eta 4,4 milioi euro eskatuko dituan errepideen digitalizazinorako.
Beste alde batetik, 2021ean azpiegituren garapenera bideratuko diran 16,3 milioi euroetatik, Pradalesek Ezkerraldeko/Meatzaldeko Teknologia Parkerako sarbideen obratan egingo dan 4,9 milioi euroko inbertsinoa eta Arrontegiko gurutzagunearen inguruko obratara (Kukularrako bigarren fasea eta Plaiabarriko jarduketea, beste batzuen artean) zuzenduko diran 8,2 milioiak nabarmendu ditu.
2021ean, Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako sailak 7,3 milioi euro zuzenduko ditu Azpiegiturak erakundera, errepidekoak ez diran azpiegituretarako. Horreen artean azpiegitura digitalak azpimarratu behar dira, 5 milioi euroko partideagaz, Bizkaian banda zabalaren bigarren fasea zabaltzeko. Beste alde batetik, 7,5 milioi ordainlekuetako bonuen sistemara bideratuko dira.
Batzarretako taldeei erantzuteko txandan, Ekintzailetzako Zentrora bideratzen ez diran Bizkaia Torreko solairuak alokatzeko aurrekontuan aurreikusten diran “800.000 euroak” aitatu ditu Pradalesek. Eta bitxikerien artean azpimarratzekoa da Aldundiak “3,9 milioi euro” gastauko dituala errepideak gauez argitzeko, eta “700.000 euro” desjabetzeetan bakarrik.