Aurreko Albisteak

BIZKAIKO OGASUNAK "6,1 MILIOIRA" ARTE IGOKO DAU ZUGAZTELEN AURREKONTUA, ZERGADUNARI ARRETEA EMOTEKO EREDU BARRIA GARATZEKO

  • Ogasun eta Finantzetako eta Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuek euren sailen 2021erako kontuak zehaztu ditue Bizkaiko Batzar Nagusietan; 134 milioikoak eta 49,7 milioikoak izango dira, hurrenez hurren.

  • Bihar jarraituko dabe informazino batzordeek, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko sailaren kontuakaz (12:30ean).

(Bilbon, 2020ko abenduaren 14an). Joan dan eguaztenean erregistrau zan 2021eko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua Bizkaiko Batzarretan, eta gaur informazino batzordeak egiten hasi dira, Ogasun eta Finantzetako eta Euskera, Kultura eta Kiroletako sailen kontuak zehaztuz. José María Iruarrizagak zuzentzen dauen sailak 134 euroko aurrekontua izango dau, eta Lorea Bilbaok zuzentzen dauenak 49,7 milioi, Ogasun eta Finantzetako batzordearen saio bitan biek baieztu dabenez.

Lehenengo, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak 2021eko Aurrekontu Proiektuaren azalpen orokorra egin dau, diru-sarreren ataletik hasita. Diru-sarrerek “% 6ko” murrizketea izango dabe, pandemia dala eta diru gitxiago jasoko dalako, 7.970.809.757 euro, hain zuzen be. Kopuru horretatik, Aldundiak “1.802 milioi euro” erreserbauko ditu kudeaketa propiorako, 2020an baino “75,2 milioi gehiago”, lau trantsizino handiri aurre egiteko: gizarte-osasun arlokoari, mobikortasun jasangarriari, trantsizino digitalari eta energiari jagokonari. Gizarte Ekintzako Sailak diru guztiaren % 43 eroango dau.

Ogasun eta Finantzetako sailak 134 euroko aurrekontua izango dau, 2020an baino milioi bat inguru gitxiago. Kopuru horren “% 83” beharginen gastuak eta behar informatikoak beteteko erabiliko da, eta ganerako % 17 funtzionamentuko gastuetarako.

Barrikuntzen artean, Iruarrizagak azpimarratu dauenez, datorren urtean Zugaztelek ia bikoiztu egingo dau bere aurrekontua, “6,1 milioira” ailegau arte, 2021eko lehenengo seihilekoan amaituta egongo dan zergadunaren arretarako eredu barria gauzatzeko; eta komunikazinoaren eta publizidadearen arloan beste “200.000 euro” gehituko dira, herritarrei Batuz sistemaren ganeko informazinoa emoteko. 2021ean amaituko dira 140 eta 240 ereduetarako, eta BEZ aitorpenerako eta Errenta Aitorpenen eguneratzeetarako sistema horren garapen informatikoak. Horrez gain, Soziedadeen zergari jagokozanak osatuz joango dira, 2022an osatzeko.

EUSKERA, KULTURA ETA KIROLA

Euskera, Kultura eta Kiroletako Sailak, bere aldetik, 49.731.000 euroko aurrekontua izango dau 2021erako. Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean izan dauen agerraldian Lorea Bilbao Ibarra foru diputatuak adierazo dauen moduan, “Covid-19aren ondorioz jasaten ari garan egoera gaitza kontuan izanda egindako aurrekontuak dira”. Horreen bitartez, bere sailak “estrategikoa dana indartu gura dau, eta sistema egonkorragoa bermatu”. Lorea Bilbaok azaldu dauenez, sailaren ardatzak “gizarte elebidunagoa bultzatzea, talentua sustatzea, gizarteak kulturaren arloan daukan dinamismoari eustea eta kirola bultzatzea” izango dira. Horretarako, 7.427.000 euro bideratuko dira euskerara, 31.374.000 kulturara, 8.128.000 euro kirolera eta 2.802.000 euro zerbitzu orokorretara.

2021ean Sailak “ahalegin berezia” egingo dau koronabirusak eragindako kalteak arintzen laguntzeko. Holan, 2020an martxan jarritako neurri barri eta egokitzapen batzuekaz jarraituko da 2021ean: udal antzokien programazinoari laguntzeko egokitutako deialdiari eutsiko jako, 505.000 euroko partideagaz; 230.000 euro izango dituan ESKENA GARATU deialdiaren bigarren edizinoa argitaratuko da; arte eszenikoen sustapenera 100.000 euro bideratuko dira; eta 112.000 euro ikus-entzunezko arteen bultzadara.

Covid-a dala eta atzeratu zan ekitaldietako bat Getxon egin behar zan Munduko Sokatira Txapelketea izan zan, eta Aldundiak hartutako konpromisoari eutsiko deutso, 150.000 euro bideratuz 2021ean egiteko. Jarduketa hori eta beste batzuk, 2021ean pandemiak izaten dauen bilakaerak baldintzatuko ditu.

Ganera, Kulturako Zuzendaritza Nagusia hainbat proiektutan ari da beharrean, Bizkaia Europako ondarearen lurralde izan daiten, eta 1.374.000 euro bideratuko ditu horretara. Beste batzuen artean, OMAko basoa, kobazuloetako artea, industria ondarea ezagutuazoteko proiektua, Euskal Museoaren edo La Encartada moda izenekoaren barriztapena bultzatzeko.