Aurreko Albisteak

GARRAIOK ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIA SUSTATZEKO SAILAK BERE AURREKONTUAREN % 71 ERABILI DAU

Bilbao

  • Miguel Ángel Gómez Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako diputatuak adierazo dauenez, irailaren 30ean bere sailak 96,7 milioi euro eukazan gastauta.

  • Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian aurreratu dauenez, 55 markesina barri instalauko dira 2022ra arte, eta horren kostua 1.050.000 eurokoa izango da.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 11n). Miguel Ángel Gómez Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako diputatuak gaur adierazo dauenez, irailaren 30era arte bere sailak 96.796.285 euro gastau ditu, hau da, urte osorako aurreikusitako aurrekontuaren % 71,44.

Miguel Ángel Gómezek Batzarretako EH Bildu taldeak eskatuta egindako agerraldian emon dau datu hori. Eskaera horretan, irailaren 30ean Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailaren 2020ko Aurrekontuek eukien betete mailaren ganeko informazinoa eskatzen zan.

Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako diputatuak adierazo dauenez, bere sailaren azken aurrekontua 135.4980.000 eurokoa da, COVID-19aren pandemia dela eta 3.600.000 euroko murrizketea jaso ostean.

Miguel Ángel Gómezek bere saileko programa bakotxeko gastuaren aurrekontua eta betete mailea banakatu ditu. Holan, “Garraio Administrazino Orokorra” programak, aurreikusitako 16.000 euroetatik 12.666 ordaindu ditu; “Bidaiarien Garraioa” programak 58.020.061 gauzatu ditu, aurrekontuetan jasoten diran 94.150.000 euroetatik; “Mobikortasun Jasangarria” programak 17.947 euro gastau ditu, aurrekontuetan jasotako 750.000etatik; “Garraio Azpiegitura” programak 38.486.570 euroko balioa duten gastuak egin ditu, aurrekontuetan jasoten diran 42.466.120 euroetatik; “Administrazino Orokorra” programak 110.110 euro erabili ditu aurreikusitako 403.000 euroetatik; eta “Aldundiko Informatika Plana” programak 148.932 gastatu ditu, aurrekontuetan jasoten diran 1.312.880 euroetatik.

Raúl Méndez Batzordeko EH Bildu taldeko bozeroaleak eta Eva Carbonero Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak, markesinak hobetzeko atalean inbertsinorik ez egotearen ganean galdetu deutsie diputatuari. Miguel Ángel Gómezek esan dauenez, 2020rako aurreikusita egozan 350.000 euroak 2021ean gastauko dira, lehiaketea esleituta dagolako baina oraindino eskaria ez dalako jaso. “2020, 2021 eta 2022 epealdian 55 markesina barri instaletea dago aurreikusita”, aurreratu dau Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako diputatuak.

IDAZKARIAREN AUKERAKETA

Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Batzordeko kideek Alberto López batzordekidea (Euskal Sozialistak) aukeratu dabe batzordeko idazkari.