Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU EGOILIARRENTZAKO GUNE PUBLIKO "ESKLUSIBOAK" SORTZEKO AUKEREA

  • Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek neurri “inklusiboen” aldeko apustua egiten dabe, gune komunak seinaleztetea, adibidez.

  • Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek Nafarroako eta Gipuzkoako udalerri batzuen eredua jarraitzea eskatu dabe, adinekoen osasunari laguntzen deutsolako eta kutsatzeko arriskua saihesten dauelako.

  • Talde Berezia-PPren eretxiz, neurri hori “baztertzailea” izan daiteke, egoitzetan bizi ez diran beste adineko batzuen aurrean.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 10ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako batzordeak ez dau onartu gaur, kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 5egaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bategaz (Talde Berezia-PP), Bizkaiko egoitzen inguruan gune “seguruak” ezarteko aukerea, COVID-19aren pandemiak irauten dauen bitartean. Elkarrekin Bizkaiak planteau dauen ekimenak, Udalakaz batera, “egoitzen inguruan beharrezkoak diran udal gune mugatuak egokitzea” eskatzen eutsan Aldundiari, “egoiliarrek modu seguruan urtetako eta sozializetako aukerea izan daien, une oro agintari eskumendunek aholkatutako osasun arloko neurriak gordez”.

Talde moreak onartu dituan zuzenketa-eske biren bitartez, EH Bilduk gune horreen egokitasuna eta non egon leikezan aztertzea, eta neurri hori Bizkaian gauzatzeko beharrezkoak diran inbertsinoak Aldundiak “diruz-laguntzea” eskatu dau.

Foru gobernua eusten daben Batzarretako taldeak bat etorri dira “gaiaren maminagaz, baina ez ikuspegiagaz”. Ana Berta Campo sozialistak azaldu dauenez, neurri hori kontuan hartzea “beste isolamendu modu bat izango litzateke eta ez leuke egoiliarren arazoa konponduko”. Gune horreek udalerriei eskatzen deutsiezanak egoitzak eurak izan behar dirala esan dau, edo, bestela, Eudelen bitartez adostutako neurriak ezarri.

Modu berean, José Antonio Lamborena jeltzaleak, izatekotan, “egoitzetako titularrek” kontuan hartu beharreko neurria izango litzatekela esan dau, baina, bere eretxiz, “azkenengo aukerea” izan beharko litzateke. Bere taldeak neurri “inklusiboen” alde egiten dau, aisialdirako guneak seinaleztetea, adibidez, “segurtasunezko tarteak errespetau daitezan”, izan be, “ez dogu persona horreek gehiago isolatu gura, estigmatizazinorako arriskua egon leike eta”.

Halanda be, Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk gogoratuazo daben moduan, Nafarroako eta Gipuzkoako udalerri batzuetan planteau dan neurria, kanpotik egiten dituen txangoetan egoiliarren segurtasuna hobetzeko eta “beste herritar batzuekaz ez kurutzatzeko” “konponbidea” izan leike. Héctor Fernández talde moreko batzordekideak txango horreen garrantzia azpimarratu dau, “funtsezkoak diralako euren osasun fisiko, afektibo eta psikologikorako”. Fernándezek gaineratu dauenez, gastuak “oso txikiak” izango litzatekez Aldundiarentzat. “Kolektibo horrek pandemian oso modu larrian jasan dituan murrizketak arintzeko” neurria izango litzateke, gehitu dau EH Bilduko Izaskun Duquek.

Talde Berezia (PP), bere aldetik, ez da ekimenaren kontra agertu, baina abstenidu aurretik, Amaya Fernández bozeroaleak “neurri diskriminatzailea izan eta bazterketea sortu daikela” adierazo dau. Kutsadurak kanpoan gertau daitekezala zalantzan jarri eta gero, uste dau euren etxeetan bizi diran adinekoek gune horreek erabilteko “eskubide berbera” euki beharko leukiela, eta gehiago oraindino “gure udalerrietan holango leku gitxi dagozala” kontuan izanda. Bere ustez, gaiak “gogoeta sakonagoa” eskatzen dau.

ANBULANTZIETAKO BEHARGINEN KEXAK

Azaroaren 25ean anbulantzietako behargin batzuek jakinarazo ebenez, egoitza batzuk erabiltzaileak eraikin barrura eroateko eskatzen ari ziran “ezelango osasun edo prebentzino neurri barik, eta eurei jagokezanak baino betebehar gehiago eskatuz”, azaldu dau gaur Elkarrekin Bizkaia taldeak, Gizarte Ekintzako diputatuari egindako ahozko erantzun-eske baten bitartez.

Aldundiak arlo horretan eskumenik ez daukan arren, osasun arloko zerbitzuaren eskumenak Eusko Jaurlaritzaren esku dagozalako, Sergio Murillok autortu dau kexa horreek egon badagozala, eta erabiltzailearentzat “kalterik ez egotea zaintzeko” eta, beharrezkoa bada, egoiliarra logelaraino eroateko “behar diran neurriak” jarteko eskatu deutse egoitzei, pandemiaren aurretik anbulantzietako beharginek beti egiten eben moduan, gogoratuazo dauenez. Ganera, gertakari horreek Eusko Jaurlaritzari jakinarazoteko eskatu deutse egoitzei.