Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK 1,7 MILIOIREN TRUKE ESLEITU DAU LA AVANZADA EGOKITZEKO PROIEKTUAREN IDAZKETEA

  • Sener ingeniaritza-enpresak 24 hilebeteko epea izango dau proiektua entregetako.

  • Imanol Pradalesek jakinarazo dauenez, bere sailaren aurrekontuaren betete mailea “% 76koa” izan zan urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan, hau da, “aurreikusitako erritmoan” doa.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 9an). Talde Berezia-PPk eskatuta, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako diputatuak BI-637 errepideko La Avanzadako tunela egokitzeko eraikuntza proiektuaren idazketea esleitu dala iragarri dau Bizkaiko Batzar Nagusietan. Lehiaketea Sener ingeniaritza-enpresak irabazi dau, “1.698.477 euroren” truke, eta 24 hilebetetako egikaritze epeagaz.

Aldundiaren hasierako asmoa, une honetan Getxotik gertuen dagon lekuan, egungo galeriaren eta Dendiarenako eta Etxebarrietako biribilguneen artean aide zabalean doazan 300 metroak estaltzea da, eta baita beste larogeita hamar metro be sarrerako aho bakotxean. Horrez gain, obraz baliauta, lur-azpiko igarobidea tunelen ganeko arautegira egokituko litzateke, Pradalesek adierazo dauenez.

Dokumentazino hori guztia eskuetan, eta hasierako planteamentua bideragarria bada eta aurretiazko baldintza guztiak beteten baditu, oraindino obrak egikaritzeko proiektua esleitu beharko litzateke. Hori dala eta, makinak ez litzatekez inguru horretan 2023. urtea baino lehen hasiko beharrean, edo holan salatu dau, behintzat, Eduardo Andrade popularrak. Bere berbetan, obrak “2024ra edo 2025era” be atzeratu daitekez. Talde Bereziko ordezkariak, “egunero 130.000 ibilgailu” jasoten dituan errepide hori “ez ahaztea” eskatu deutso Aldundiari.

AURREKONTUAREN BETETE MAILEA

Beste alde batetik, diputatua, EH Bilduk eskatuta, Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako batzordera etorri da irailaren 30ean aurrekontuaren betetea zenbatekoa zan azaltzeko. Pradalesek esan dauenez, bere sailaren batez besteko betetea “% 76koa” izan da, hau da, urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan aurreikusi daiteken erritmoan doaz. “150.868.329 euro” izan dira.

Betete mailea ez da bardina izan Pradalesek zuzentzen dauen saileko programa guztietan. Programa batzuk batez besteko horren ganetik egon dira, Barrikuntza, Ustiapena eta Desjabetzeak (% 95) edo Aldundiko Informatika Plana (% 88), adibidez, baina beste batzuk ez dira ehuneko horretara ailegetan, Azpiegituren Garapena eta Bideko Segurtasuna (% 74), Errepide Sarearen Kudeaketea (% 61), Administrazino Orokorra (% 48) eta Errepidekoak ez diran Azpiegiturak (% 16), besteak beste.

AZTARNA ARKEOLOGIKOAK ARRONTEGIN

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak Kukularrako errepideko lanen inguruan hartu behar diran neurrien ganean galdetu deutso Aldundiari, “Tun tun” gailurrean (Arrontegi) agertu diran aztarna arkeologikoak dirala eta. “Lurren mobimenduak eta proiektuan aurreikusten dan bazterbideen zabaltzeak” lehenengo gerra karlistako Lutxanako guduagaz erlazionautako leku horretan eragin zuzenik izango ez daben arren, obraren egikaritzeak “zalantzak sortzen deuskuz”, esan dau Eva María Carbonero batzordekideak.

Pradalesek azaldu dauenez, une honetan egiten ari diran lanak ez dagoz gune horren eraginpeko gunean, itsasadarraren beste aldean baino. Dana dala, proiektuaren beste fase batean, errepide sareko lotune garrantzitsu hori hobetzeko lanen barruan Arrontegi mendiko hurrengo gunean beharrean hasi aurretik, bere sailak “aurretiazko txosten arkeologikoa” eskatuko deutso Kulturako foru sailari, inguruko ondarea eta aitatutako gunean izan daiken eragina baloretako. Carbonerok, 80ko hamarkadan Arrontegiko zubia eregi zanean izandako “itsutasun” bera ez izatea eskatu dau, une haretan “gerra karlistako gotorleku bat deuseztatu zalako”.