Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO ERAKUSKETA ARETOAK "ZURE BEGIAK BESTEARENAK DIRA - TU REFLEJO ES EL MISMO" ERAKUSKETEA JASOKO DAU

  • EHUko Arte Ederretako Fakultadeko Pintura Masterreko Leire Lacunza Miranda eta Ibon Landa Amutxategik alkarren artean egindako erakusketa honetan, sorkuntzarako hainbat teknikatan sakontzen dabe, 12 artelanen bitartez, euren ardurak eta bizipenak erakusteko, bakotxa bestearen lanean sartzeko ahaleginean.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 9an). Leire Lacunza Miranda eta Ibon Landa Amutxategi dira Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan egingo dan “Zure begiak bestearenak dira - Tu reflejo es el mismo” izenburu iradokitzailea daukan erakusketa-proposamen barriaren sortzaileak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultadeko Pintura Masterreko kide diran artista biek 12 artelan erakutsiko ditue, eta horreetan hainbat teknikatan murgilduko dira lankidetzan arituz, bakotxa bestearen lanean sartuta ikusleei euren ardurak erakustearen berezitasunagaz.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Mahaiko kideek lagunduta, artista biakaz batera aurkeztu dau abendu osoan zabalik egongo dan erakusketea. “Beste behin Batzar Nagusiek Euskal Unibersidade Publikoko promozino barriko ikasleen erakusketea jasoko dabe. Bertan, materialtasunaren eta formaren aurreko ardurea nabarmena dan alkarrizketa artistikorako esanahia ikusten dogu”, azaldu dau Otaduik.

Hainbat teknika erabiliz, pinturan oinarrituta egiten deutsee aurre ardurei Leioako Arte Ederretako Fakultadeko Pintura Masterrean jasotako jakituria guztia indarrean jarriz. Ibonek tinta txinatarra eta kola zuria erabilten ditu batez be. Leirek, barriz, zinta, azetatoa, kuterra eta ordenagailua, batez be. Erakusketak ezusteko bat be gordetan dau, izan be, erakusketaren katalogoaren bitartez berbaldi paraleloa asmau dabe. Bertan, erakusten diran lanen nahasketak erakusketaren beste dimentsino bat islatzen dau. Izan be, paperean, ez dakigu noiz hasten dan baten eta bestearen maisutasuna. Truke prozesua da, bakotxak bestearen lanagaz olgau daian, erakusketaren izenburuak (Zure begiak bestearenak dira) idea horregaz daukan loturak erakusten dauen moduan.

Erakusketea, Bizkaian prestautako talentu barriek egiten daben lana Bizkaiko Batzarrek hainbat urtetan EHUko Arte Ederretako Fakultadeagaz daukien akordioaren barruan dago. Batzar Nagusiek uriaren erdian dagon espazioa lagatzen dabe, artisten lana Bizkaiko ikusleengana errazago heldu daiten. Erakusketea abenduaren 28era arte egongo da zabalik uriaren erdian dagon Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura. Sarrera librea izango da.

Lotutako artxiboak: