Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN ERREGISTRAU DAU 2021EKO AURREKONTUEN PROIEKTUA

  • Hilebete bi eta erdi inguru iraungo dauen tramitazino prozesua edegi da.
  • Arlo bakotxeko arduradunek Ogasun eta Finantzetako batzordean azalduko ditue euren kontuak datorren astean.
  • Herritarrek abenduaren 23ra arte aurkeztu ahal izango ditue euren alegazinoak, Batzar Nagusietako webguneko “Herritarren Atariaren” bitartez.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 9an). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, 2021eko Lurraldeko Aurrekontuen Proiektua jaso dau José María Iruarrizaga Artaraz Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuaren eskutik, Bizkaiko Batzarretako tramitazinoari hasierea emoteko. Kontu publikoak euskarri elektronikoan entretegearen eta erregistretearen irudiagaz, zezeilaren bukaerara arte luzatu daiteken prozedurea hasi da.

Batzar Nagusietako Mahaiak proiektu arauemoilea onartu ostean, foru diputatuek euren sailen kontuak azaldu beharko ditue informazino batzordeetan. Ogasun eta Finantzetako batzordean egingo diran saio horreek bost egun iraungo ditue –abenduaren 14tik 18ra–. Saio horreetan, sail bakotxeko arduradunek kudeaketa propioko 1.358,8 milioi euroak zelan eta nora bideratuko diran zehaztuko dabe.

HERRITARREN ALEGAZINOAK

Aurrekontuak herritarren partaidetzara zabalik egongo dira, araudiak jasoten dauen moduan. Bizkaiko Batzar Nagusiek “jjggbizkaia.eus” webguneko “Herritarren Atarian” jarriko dabe dokumentua, bizkaitar guztiek proiektuen aurreko ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketak aurkeztu ahal izan daiezan. Epea bihartik, abenduaren 10etik, hilaren 23ra arte egon da zabalik.

Aurrekontuen eztabaidaren prozesua zezeila bukatu aurretik amaitzeko dago antolatuta, aurreikuspenak beteten badira. Diputatuen agerraldien eta dokumentua herritarren alegazinoen aurrean zabaldu ostean, Mahaiak Batzarretako bost taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP) euren zuzenketa-eskeak aurkezteko epea edegi beharko dau. Aurrekontuek 7.970,8 milioi euroko zenbateko osoa daukie, eta horreetatik 1.358,8 milioi dira sailek erabili daikiena.

Urtarrilaren 4tik 22ra bitartean jatorrizko testuaren aurreko zuzenketa-eskeak aurkeztu eta gero, Bizkaiko Batzarrek aztertu egingo ditue, lehenengo osoko saioa deitu aurretik. Aurreikuspenak betetan badira, osoko hori zezeilaren 3an izango da, lehenengo osotasuneko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko horren ostean zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira, halangorik egon ezkero. Eta Batzarretako izapidea hilebete horren bukaeran amaituko litzateke, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertzeko.