Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ALDUNDIAREN 2020KO ZOR BIZIA IA 300 EUROTAN HANDITZEA ONARTU DABE

  • Ogasun eta Finantzetako Batzordeak urte honetako zorpetzeko mugea 1.528 milioi eurotan ezartea adostu dau.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 4an). Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko aurrekontuen proiektua aurkeztu dauen egun berean, Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak argi berdea emon deutso lurraldeko 2020ko kontuen ganeko foru arauaren bigarren aldaketa garrantzitsuari. Bertan, Foru Gobernuak lurraldearen zorpetzea 298.552.000 euro handitzea planteau dau, urte honetarako bakarrik. Osokoak onartu beharko dauen aldaketak arauaren 31. artikulua aldatzeko aukerea emoten dau. Artikulu horrek zorpetzeko eragiketak egiteko baimena emoten deutso Aldundiari, Aldundiaren zor bizia, 2020ko abenduaren 31n, 1.528.552.000 eurotik gorakoa ez bada.

Zorra kopuru horretan handitzea posible da Gobernu zentralak 2020. eta 2021. urteetarako zerga arauak bertan behera itzi ebazalako, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak irailaren 30ean egin eban bileran lortutako akordioaren ostean heldu da. Bertan Euskadiko BPGaren % 0,9ko erreferentziazko indizea ezarri zan Foru Aldundietarako 2020an eta % 0,8koa 2021ean. Horren ostean, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, urriaren 15ean alkartuta, Lurralde Historiko bakotxaren defizitaren zenbatekoa erabagi eban. 2020rako, Bizkaiari, aitatu diran ia 300 milioi euro horreek jagokoz.

Arauaren testu barria aldeko 10 botogaz (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Mistoa-PP), 3 abstentzinogaz (EH Bildu) eta kontrako boto 2gaz (Elkarrekin Bizkaia) onartu da. Talde moreak zorraren tope barria sartu gura eban, zuzenketa-eske baten bitartez, 100 milioi euro baino gehiago handituz, “400.552.000 eurora arte” hain zuzen be. Ganerako taldeak proposamen horren kontra agertu dira, abstenidu egin dan EH Bildu izan ezik. Xabier Benito batzordekideak, igoera hori justifiketako orduan, esan dau beharrezkoa dala “pandemia dala eta udalek egin dituen aparteko gastuen finantzaketan laguntzea”; jeltzaleek eta sozialistek azaldu dabenez, laguntza hori, Udalkutxa Funtsaren kopuruen itzulerea atzeratzeko lortu dan akordioaren bitartez gauzatzen da.

Beste alde batetik, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak, bere sailaren Aurrekontuek irailaren 30ean eukien betete mailaren barri emon dau. Bizkaiko Ogasunaren arduradunak baieztu dauenez, “orokorrean, une honetan 52 milioiko kreditua daukan” eta urtearen lehenengo bederatzi hilebeteetan “49 milioira” heldu zan bere sailaren aurrekontuaren betete mailak erakusten dauenez, ekitaldiaren bukaeran zenbateko osoaren “% 95era edo % 96ra” helduko gara. Iruarrizagak laburbildu dauenez, bere sailaren aurrekontuaren “% 60” beharginen gastuetara zuzentzen da, “% 25” informatikara eta ganerako “% 15” funtzionamendurako gastuak izango litzatekez.