Aurreko Albisteak

Deiadar-mendien Eguna ekainaren 15ean ospatuko da Ganekogortan

Bilbon, 2014ko ekainaren 3ean.

10 urte dira Batzar Nagusiek ekitaldi hau egiten hasi ziranetik. Gernikan egiten ziran batzarretara deitzeko antxina erabilten zan erea gogoratu eta deiadarra joko da datorren domekan, ekainaren 15ean, Ganekogortatik, Deiadar-Mendien XI. edizinora batuko diran mendizale guztien aurrean. Ganekogortaren tontorrak 999 metroko garaiera dauka eta udalerriz Alonsotegi da. Deiadar mendietako bat da, Gorbeia, Kolitza, Sollube eta Oiz mendiakaz batera, eta aurten hortxe egingo da urtean behin egiten dan ospakizuna.

Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zala-ta 2004. urtean hasitako ohitureari eutsi eta Bizkaiko Batzar Nagusiek aurton be “Deiadar-Mendien igoerea” antolatu dabe, Bizkaiko bost mendi-talderen laguntzaz: Balmaseda Mendi Taldea, Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Igoerea Bilboko El Fango Kiroldegiaren aparkalekutik abiatuko da goizeko 8:00etan, eguerdiko 12:00etan deiadarra joteko Ganekogortaren tontorrean, 9 kilometroko igoerea egin ondoren. Ibilbidean zehar zerbait jan eta edateko modua izango da Tarin iturriaren inguruan eta Pagasarriko zelaian.

Bizkaiko antxinako ohitureari eutsi eta beren beregi ekitaldiotarako egindako adarra joko da. Adar hori urterik urte deiadar mendietako baten joten da, eta aurtengoan Ganekogortaren tontorrean entzungo da adarrotsa. Hori eta gero, mendizaleek Pagasarrin prestatutako jai-ingurura jeitsiko dira, musikea, euskal dantzak eta jan-edateko zerbaitez gozatzeko. Bilboko Gailurra medizale-taldeak dauka aurten antolaketearen ardurea, eta Lemoako Ganzabal mendizale-taldeari emongo deutso txandea antolatzen hasi daiten 2015. urtean Gorbeiara egin beharreko igoerea. Horretara, bada, deiadar-mendietarako igoeren hirugarren zikloa hasiko da.

Hamar urteotan Deiadar-Mendien ekitaldia ibilbide klasiko bihurtu da Bizkaiko mendizaleentzat eta euskal tradizinoen zaleentzat. Eguraldi txarra izan zan arren, ihaz ehundaka pertsona batu ziran Oiz mendian, Bizkaiko Batzar Nagusien deiari erantzunez, antxina Gernikara, Aretxaren gereizpera, bizkaitarren arazoez eztabaidatu eta erabagitzeko joaten ziran bizkaitarren ordezkariei egiten jaken deikerea gogoratzeko.