BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DABE BEHARREZKO IKUSTEN GIZARTE ZERBITZUEN GANEKO INFORMAZINO KANPAINA BATEAN FORU BALIABIDEAK GASTETEA
- Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordeak ez dau onartu Elkarrekin Bizkaiak, Gizarteratzearen inguruan eskaintzen diran zerbitzuen ganeko informazinoa herritarrei emoteko aurkeztu dauen arauz besteko proposamena.
- Teresa Laespada foru diputatuak adierazo dauenez, ez da bere saileko “euro bakar bat be gastau barik itziko”, eta urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan sailaren aurrekontuaren betete mailea “%71,8koa” izan zala esan dau.
(Bilbon, 2020ko abenduaren 3an). Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur Aldundiak bere gain hartu behar dauenik “Gizarteratzearen arlo espezifikoan emoten diran zerbitzuen, eskakizunen eta prestazinoen ganeko informazino eta sentsibilizazino kanpainea diseinetatik, ezartetik eta zabaltzetik” etorriko litzateken gastua, Elkarrekin Bizkaia taldeak arauz besteko proposamen batean eskatu dauen moduan. Ekimena ez da onartu, kontrako 9 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 5 boto (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bat (Talde Berezia-PP) jaso ditualako.
Talde morearen idea, Aldundiko funtsakaz ordainduko litzateken kanpainak mezu “argiak eta irisgarriak” izatea eta leku publikoetara ailegetea zan, gizarteratze arloan eskumenak dituen beste erakunde batzuekaz modu “koordinauan”, Bizkaiko toki administrazinoakaz, batez be. “Izan be, informazinorik ez emoteak, gizarte zerbitzuak karidadeko zerbitzu bilakatzen ditu”, adierazo dau Israel Escalantek (Elkarrekin Bizkaia). Esan dauenez, herritarrek informazino hori eskuratzeko eta zerbitzu horreek kalidadeko parametroakaz betetea “eskatzeko eskubidea daukie”.
Amaya Fernández (Talde Berezia-PP) informazino kanpainak egitearen alde agertu da, herritarrei administrazino publiko bakotxaren eskumenen mailea “ulertzea kostetan” jakelako. Hori bai, abstenidu baino lehen, informazino kanpainea “ganerako administrazinoakaz ados jarrita” eta “baliabideak optimizauz” egitea eskatu dau.
Euskal Sozialistak taldetik, Juan Otermin bozeroaleak, 2018ko martian proponidu eben eta arrazoi “berberengaitik” baztertu zan ekimen “bardin bardina” aurkeztu izana aurpegiratu deutso talde moreari. Egungo arautegia kontuan izanda, gizarteratze arloko koordinazinoa eta sentsibilizazinoa Eusko Jaurlaritzari jagoko, eta gizarte zerbitzuetara “sartzeko atea” Udalak dira, gogoratuazo dauenez. Eskumenen esparru hori kontuan izanda, Aldundiari gizarte arloko bazterketa handiko esku-hartze “espezializaua” jagoko. Elena Coria jeltzaleak be gauza bera esan dau. Bere berbetan, une honetan “garrantzitsuagoa da” baliabideak “alboan egote profesionalera” bideratzea “hori badalako Aldundiaren eskumena”, Udalek, Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak eta Hirugarren Sektoreko erakundeek daborduko egiten dituen informazino kanpainak egitea baino.
“Gizarte zerbitzuak ezagutzea herritarren eskubidea da”, EH Bilduko Arantza Urkaregiren eretxiz, eta horregaz bat etorrita, Elkarrekin Bizkaiaren ekimenaren alde agertu da. Holan, koalizino abertzaleko batzordekideak esan dau eskumenen ildoak marraztea proposamenari ezetz esateko atxakia baino ez dala. Iraganean, Aldundiak “hainbat marketin kanpaina” egin ditu, “Laguntza bai, kontrola ere bai” goiburua eukana, adibidez. Bere berbetan, kanpaina harek, zelanbaiteko gizarte laguntza jasoten eben personak “estigmatizau” egin ebazan.
ETXERIK BAKO PERSONA GEHIAGO
Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordean, mobikortasuna mugatuta eta “etxeratze agindua” indarrean egon dan epealdian etxe barik egon diran personen egoerearen ganeko ahozko erantzun-eske bi landu dira. Elkarrekin Bizkaiak, etxerik bako personen egoerea testuinguru barri horretara egokitzeko Bizkaian indarrean jarri diran baliabideen eta Aldundiak Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia (2018- 2021) prestetako orduan Aldundiak izan dauen partaidetzaren ganean galdetu deutso Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako diputatuari.
Laespadak barriro adierazo dauenez, “etxerik bako personen” egoera larriak udalen esku dagoz, indarrean dagon arautegia kontuan izanda. Aldundia “bigarren lerroan” ari da beharrean, esku-hartze “osagarriakaz”, “ostatua emoteko” esku-hartze “intentsiboaren” bitartez. Pandemian zehar, Aldundiak Derioko Hotelean laguntasun sozioedukatiborako programea indartu dau kolektibo horrentzat, eta beste baliabide berezi batzuk be edegi dira.
Euskal Estrategiaren garapenari jagokonez, Aldundiak ganerako administrazino guztiakaz batera hartzen dauela bertan parte esan dau Laespadak, etxerik bako personen arazoa “konpontzea ez dalako erraza”. Etxebizitzarik ez eukitea “gizarte bazterketara eroaten daben 51 adierazleetatik bat baino ez da”. Eskumenak oso banatuta dagoz administrazinoen artean, eta estrategia horrek bide hori modu “koordinauan” egiteko balio dau, “etxerik bako persona kopurua gero eta handiagoa dala jabetuta”.
AURREKONTUAREN BETETE MAILEA
Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Sailaren betete mailea “%71,8koa” izan zan irailaren 30ean, hau da, “47.287.000 euro”. Horrek esan gura dau egun horretan, aurreko urteko epealdi berean baino “%7,8” gehiago mobilizau dala. Urtearen bukaeran “%100era gerturatuko gara, zalantza barik”, azaldu dau Teresa Laespadak EH Bilduk eskatutako agerraldian. Bertan, irailaren 30ean programa bakotxaren betete mailea zein zan jakitea eskatzen eban. Diputatuak onartu dau covid-19ak “oso-osorik” eragin dauela bere sailean, eta urte honetan dirua-biltzeko dagozan aurreikuspenak, argi eta garbi beherantz begiratzen dabenak, “gastuan zuhurrak eta eraginkorragoak izatera” behartu dituela, herritarren beharrei erantzuteko.
Arantza Urkaregi EH Bildu taldeak batzordean daukan bozeroaleak esan dauenez, Bardintasunerako Foru Arauaren garapenerako gastuak behera egin dau, eta Azpiegiturei jagokezanek, barriz, “1,5 milioi euro” gehiago jaso ditue. “Emoten dau sail honek beste lehentasun batzuk dituala”. Laespadak erantzun deutsonez, bere sailean ez da “ezelango murrizketarik” egon, aurrekontua “2.133.000 eurotan” handitu da, eta horreetatik “1,5 milioi” enpleo programak indartzera bideratu dira.