ALDUNDIAK "AHAL DAN LEHENENGO MINUTUTIK" ZABALDUKO DAU ESKOLAKO KIROLA
- Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak, azaroaren 7tik aurrera eskolako kirol jarduerea ixtera behartu eban Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren betetea azaltzera etorri da Bizkaiko Batzar Nagusietara.
- Oposizinoko taldeek eskolako kirola barriro aktibetako eskatu dabe.
(Bilbon, 2020ko abenduaren 2an). Azaroaren 7tik aurrera Bizkaiko eskolako kirola bertan behera izteko erabagia tratau da gaur Batzar Nagusietako batzordean. Bizkaiko Foru Aldundiak, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarri ebazan neurriakaz bat etorrita, “bestelakorik adierazo arte” eten eban Eskola Kirola programea lurralde osoan. Egun horretan sartu zan indarrean prebentzinozko neurri espezifikoak ezarten ebazan Lehendakariaren dekretua. Horreen artean “ezin zala ezelango entrenamenturik edo lehiaketarik egin” egoan. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako diputatua Batzarretara etorri da bere sailak dekretu hori “derrigorrez” bete behar izan dauela azaltzeko, eta “ahal dan lehenengo minututik” jarduera hori zabaltzeko konpromisoa erakutsi dau, umeen garapenerako daukan garrantzia kontuan izanda.
Gaia EH Bilduk, murrizketa hori azaltzeko Bilbaoren presentzia eskatu dauen Batzarretako taldeak, zabaldu dau. Zigor Isuskiza batzordekideak, eskolako kirola bertan behera izteko “zein datutan” oinarritu dan argitzeko eskatu deutso Aldundiari, izan be, bere esanetan, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak interpretazino “desbardinak” euki leikez. Gogoratuazo dauenez, etete horrek Bizkaiko 6 eta 16 urte arteko 45.000 ume ingururengan dauka eragina. Hogeta hamar kirol modalitate baino gehiagotan aritzen dira, eta 700 erakunde dagoz inplikauta, federazinoen, taldeen, ikastetxeen eta udalen artean.
Euskera, Kultura eta Kiroletako diputatuak azaldu dauenez, Aldundiaren erabagia Eusko Jaurlaritzaren dekretua bete behar izatean oinarritzen da. “Gehiago edo gitxiago gustauta be, ez geneukan beste urtenbiderik. Dekretua bete egin behar zan”. Lorea Bilbaok esan dauenez, badakie zelango kaltea eragiten dauen erabagi horrek erakunde horreetan guztietan eta umeen garapenean, baina “lehentasuna” personen osasuna zaintzea zan. “Ez egoan bestelango interpretazino posiblerik”, adierazo dau Bilbaok, eta “ahal dan lehenengo minututik” eskolako kirola aktibetako konpromisoa erakutsi dau.
Eskolako kirola guztiz ixteko neurri horrek desadostasunak sortu ditu Batzarretako taldeen artean. Eduardo Andraderen (Talde Berezia-PP) eretxiz, Aldundiak ez eban jarduera hori itxi behar. Bat dator kirol federazinoek adierazotako eretxiagaz. “Covid-19ra egokitzeko prest dagozala” esan dabe.
Emilio Lobato (Elkarrekin Bizkaia) bat etorri da EH Bildugaz, Aldundiak LABIn “bere jarrerea” defendidu behar dauela esatean, baina diputatuak esan dauenez hori holan egiten da. “Gauza errazera joan dira. Mahaian erabagiten dana modu administratiboan berrestera mugatu dira”, esan dau Lobatok, eta eskolako kirolak umeen garapen fisikoan eta psikikoan daukan garrantzia “modu serioan hartzeko” eskatu dau, “eskolako ohiko jarduereagaz hori gertatu izan balitz, astakeria irudituko jakun”.
Foru Gobernua eusten daben Batzarretako taldeetatik bat etorri dira hartutako erabagiagaz. Ana Berta Campo sozialistak azpimarratu dauenez, erabagi “gatxa” zan arren, une haretan jasaten ari ginan pandemia egoerak derrigorrez hartzera behartu eban. “Urtarriletik aurrera” eskolako kirola barriro zabaltzeko aukerea egongo dala uste dau.
TURISMOKO GIDARIAK
Horren ostean, Batzar Nagusietako Euskera, Kultura eta Kiroletako batzordeak, Bizkaiko bisita gidau kulturalen eta turistikoen erregularizazinoaren ganeko arauz besteko proposamen bat landu dau. Elkarrekin Bizkaia taldeko Emilio Lobatok sektorearen erregularizazinoa defendidu dau, liberalizazinoa “laneko prekarietatea, intrusismo profesionala eta zerga arloko irregulartasunak” sustatzen ari dalako. Horretan oinarrituta, hiru gauza eskatu ditu: beharginen eta inplikauta dagozan erakundeen arteko alkarrizketarako mahai bat sortzea, diagnostiko bat egiteko; neurriak ezartea Bizkaian kultur ondare moduan katalogauta dagozan lekuetara egindako bisitak gidari kultural eta profesionalek egin daiezan; eta Eusko Jaurlaritzak beste espazio batzuetara bisita gidau kulturalak eta turistikoak egiteko eskumenak arautu daizala.
Arauz besteko proposamena ez da onartu, kontrako 9 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 5 boto (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bat jaso ditualako. Foru Gobernua eusten daben talde biek azaldu dabenez, ezezko botoa emon dabe euskal erakundeek gai horreek daborduko landu dituelako edo lantzen ari diralako, eta horreetako batzuk Euskadiko turismoaren ganeko 13/2016 Legean agertzen diralako. Bizkaiko ondareari jagokonez, Mikel Bagan jeltzaleak defendidu dauenez, “emoten dauen zerbitzuaren kalidadea bermatuta dago”. EH Bildu, gai horren inguruko diagnostiko bat egitearen alde agertu da, eta Talde Berezia-PPk leku zabaletako eragile turistikoen ganean legeak ezartearen inguruko zalantzak agertu ditu. “Basoan ateak jartea” izango litzateke, Europako arautegiak ezarten dauenez leku publikoak “libreak” diralako.