Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU BIZKAIA "ZERGA-PARADISU BAKO" LURRALDE BILAKATZERIK

Bilbao

  • Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztu dauen eta EH Bilduren aldeko eretxia jaso dauen arauz besteko proposamenak, zerga-paradisuetan filialak daukiezan enpresak kontratetea debekatzea eskatzen eban.

  • Ganerako taldeek kritikau egin dabe zerga babesleku horreek egotea, baina, esan dabenez, une honetan indarrean dagon legeriagaz ezinezkoa da kontratazinoko prozedura batean enpresaren bat arrazoi horrengaitik baztertzea.

(Bilbon, 2020ko abenduaren 1ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak, Elkarrekin Bizkaia taldearen Arauz besteko Proposamen bat landu dau gaur. Bertan, Bizkaia “zerga-paradisu bako” lurralde izendatzea eskatzen zan. EH Bilduren aldeko eretxia jaso dauen ekimen horren bitartez, zerga-paradisuetan aritzen diran enpresa bako foru kontratazino publikoa bilatzen zan. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP kontra agertu dira. Iruzurraren kontra burrukan egiteko neurriak sartzeagaz ados egon arren, adierazo dabenez, une honetan indarrean dagon legeriagaz ezinezkoa da arrazoi horrengaitik inor kanpoan iztea. Ganera, esan dabenez, Aldundiak ez dauka horren ganeko araurik ezarteko ahalmenik.

Kontrako 10 botogaz eta aldeko 5egaz atzera bota dan ekimena Eneritz de Madariaga talde moreko bozeroaleak aurkeztu dau, eta baieztu dauenez, Intermon Oxfamen kanpaina batetik sortu da. GKE horrek uste dauenez, zerga-paradisuak “disfuntzinoak dira mundu osoan”, eta “zerga-isurbidea” dira, enpresen irabazietatik “12 bilioi euro” hartzen dituelako. De Madariagak azaldu dauenez, 2018. urteari jagokon erakunde horren txosten batek erakusten dauenez Ibexeko 35 enpresen “805 filial” egozan zerga-paradisuetan, “hareetako batzuk Euskadikoak”, eta horreen bitartez “13.000 milioi euro” desbideratu ziran. Hori dala eta, Estaduko ogasunek “3.250 milioi euro gitxiago” jaso ebezan. Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak esan dauenez, Aldundiak “kontrol handiagoa egin daike” kontratazino publikoaren bitartez.

Holan, EH Bilduko Iker Rahonak gizarte eta ingurumen arloetako klausulak erabilteko eskatu dau, zerga-paradisuakaz loturak daukiezan enpresak “ez kontratetako”. Oposizinoko lehenengo taldeak zuzenketa-eske bat sartu dau testuaren parte batean, “lehiaketa publikoetan parte hartu ahal daien zerga arloko jokabide arduratsuak daukiezan enpresei lagundu baino gehiago, enpresa guztiei zerga arloko jokabide arduratsuak izatea exijidu ahal izateko, eta hori bermatzeko beharrezkoak diran pausuak emon behar dira”, zehaztu dau Rahonak.

Talde Bereziko bozeroalearen berbetan zerga iruzurraren eta elusinoaren kontrako burrukea edo zerga-paradisu horreekaz bizitzearen deserosotasuna “ez dira eztabaidan jarten”. Holan, Amaya Fernándezek esan dauenez, Estadua da kontratazino publikoan aldaketak sartzeko eskumenak dituana, Sektore Publikoko Kontratazinorako Legearen bitartez. Lege hori “aldatu egin daike”. Dana dala, Aldundia, legez, ez dago egitura juridikoa eregiteko gaituta. “Hutsean geartzeko zergaitia izango litzateke”.

José Alberto Fernández sozialistak Bizkaian iruzur fiskalaren kontra egin dan beharra defendidu dau. “Bizkaia jardunbide horreetatik urrin geratzen da”, hori saihesteko “neurriak” aplikau diralako, “beste administrazino batzuekaz hitzarmenak sinatuz, datuak trukatzeko edo nazinoarteko zerga-ordainketea daukien enpresak aztertuz”. Ganera, eta Aldundiko kontratazinoan gizarte eta ingurumen arloetako klausulak ezarri diranez, Bizkaiak “zerga-paradisuetatik oso urrun egoteko tresnak ditu”.

Batzarretako Euzko Abertzaleak taldeak, bere aldetik, esan dau Bizkaiko kontratazino publikoak ezin dituala elusinozko jokabideen kontra burrukan egiteko “tresna hoberik izan”. Unai Lerma batzordekideak esan dauenez, bere taldea kontra agertu da zergaiti hori ez dagolako aitatutako Legearen 71. artikuluan. Artikulu horretan lehiaketa publiko baten lizitazinora aurkezteko debekuak zehazten dira, eta horreen artean dagoz “ogasun publikoaren kontrako delitua, kapital zuritzea, iruzurra, funtzionarioen-eroskeria, ustelkeria… edo zerga betebeharrak ordaintzeko orduan egunean ez egotea”. Bere egitekoaren barruan, Aldundiak “kontratazino publikoan askatasun, publizidade, gardentasun eta tratu bardintasun printzipioak beteten dirala bermatu behar dau”.

LORENT SALEH-REN BISITEA

Batzarretako gehiengoaren erabagiz onartu ez dan arauz besteko beste proposamen baten bitartez, talde moreak Sabino Arana Fundazinoari emoten jakon diru-laguntzea kentzea eskatu dau, Lorent Saleh, Venezuelako opositore eta Operación Libertad taldeko militantea konbidatzeagaitik. Persona horrek “Kolonbiako Tercera Fuerza talde neonaziaren laguntzea eskatu eban, Venezuelako Gobernuari aurre egiteko, eta herrialde horretan gizarte mailako indarkeriarako deia egin eban”, Eneritz de Madariagak esan dauenez. Talde moreko bozeroaleak adierazo dauenez, fundazino horrek Saleh-ek Gernikako Batzar Etxea bisitetea eskatu eban.

Ekimenak ez dau behar besteko aldeko botorik jaso. EH Bilduk “ultra-eskumako taldeen alde ez egotea” eskatzen eban puntuaren aldeko botoa emon dau, baina abstenidu egin da Aldundiari “Sabino Arana Fundazinoak diru-laguntza izendun moduan urtero jasoten dauen ohiko transferentzia kentzea” eskatzen eutsan puntuan.

Talde Berezia-PP, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak taldeak, euren aldetik ekimen osoaren kontra agertu dira. Gaiaren eztabaidan, Amaya Fernándezek Venezuelako testuingurua “ahaztu izana” eta Hego Amerikako herrialdean “atzerapena eta askatasunak kentzea” ekarri dauen “diktadureagaz enpatia” erakutsi izana aurpegiratu deutso talde moreari. “Guk dakigunez, Batzar Nagusiek ez dabe Saleh konbidau”, gehitu dau Fernándezek (PSE-EE). Eta Unai Lermak (EAJ-PNV), bere aldetik, ukatu egin dau Elkarrekin Bizkaia taldeak Venezuelako opositorearen ganean egin dauen deskribapena. “Saleh-ek Europako Legebiltzarraren Sajarov saria jaso dau, giza eskubideen alde egindako beharrarengaitik”. “Emoten dau ez jatzuela gustau dokumental baten bitartez Venezuelako kartzeletako egoerea salatu izana”.