EKONOMIA SUSTATZEKO SAILAK 25 MILIOI EURO INGURU BIDERATU DITU OSASUN KRISIAREN ONDORIO EKONOMIKOAK ARINTZERA
- Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak Bizkaia Aurrera Planaren lehenengo balantzea egin dau eta irailera arte bere sailak batez beste aurrekontuaren %64 bete ebala jakinarazo dau.
(Bilbon, 2020ko azaroaren 30ean). Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak, lurraldeko ekonomia suspertzeko Aldundiak preminaz prestau eban Bizkaia Aurrera Planaren balantzea egin dau gaur Batzar Nagusietan. Ekonomia Sustatzeko sailari jagokonez, talka-plan pizgarri horrek “24.902.500 euroko” inbertsinoa eskatu dau, Batzarretako EH Bildu taldeak eskatutako agerraldian Aldundiko arduradunak baieztu dauenez.
Bere esku-hartzean, Basurkok lurraldeak gaur egun bizi dauen egoera ekonomikoa, bere sailaren laguntzagaz martxan jarri diran neurriak eta Aldundiak Euskadiko hainbat eragilekaz izan dituan bilerak azaldu ditu. Bilera horreek Foru Gobernua presente dagon erakundeen arteko hiru mahaien bitartez egin dira (Lehendakariaren Mahaia, Merkataritzaren, Turismoaren eta Ostalaritzaren Mahaia eta Industriaren Mahaia). Horrez gain, esan dauenez, azkenengo hilebeteetan sektoreetako alkarteakaz, enpresakaz eta beste erakunde batzuekaz be izan ditu hartu-emon zuzenak.
Orain arte martxan jarri diran neurriei jagokenez, bere azalpenaren hasieran Basurko autonomoei eta mikro-eteei emondako “600 mikro-maileguetan” zentrau da. Mikro-mailegu horreek “6 milioi eurotik gorako” eragin ekonomikoa izan dabe. Horrez gain, Elkargiren abala eukien “81 milioiko” maileguen ordainketak atzeratu dira, eta Suspertze Adimentsurako Planaren barruan “300” enpresa sartu dira. Horreek guztiek “8 milioi euroko” eragin ekonomikoa izan dabe, “itzuli behar bako” laguntzen bitartez. Horrez gain, foru diputatuak, bere sailaren partaidetzea euki daben beherapenetarako hiru bonuak be aitatu ditu: kanpaineagaz bat egin eben “1.482 saltoki” euki ebazan Euskadi Bono Denda; 150.000 ticket saldu ebezan Euskadi Turismo bonuak; edo une honetan indarrean dagozan eta Aldundiaren “1,5 milioi euroko” inbertsinoa jasoko daben Bizkaia Bono Denda kanpainakoak. Oraindino zabalik dago kanpaina horregaz bat egiteko epea.
Horrez gain, krisiari aurre egiteko ekimenen linea horretan sartu dau Aldundiak merkataritzaren digitalizazinoari laguntzeko BBKgaz lortu dauen akordioa, edo Bizkaiko 700 ikasle teknologia barrietan trebatzeko Telefónicagaz batera antolatu dan Escuela 42 Bizkaia izenekoa. Horrez gain, Basurkok zuzentzen dauen sailaren beste apustuetako batzuk, “375 eskari” jaso dituan eta “1.150.000 euroko” aurrekontua daukan turismoaren sektoreko enpresa txikiei eta ertainei bideratutako laguntza zuzenen plana, edo sektore horretako bost alkarteri emondako laguntza zuzenak dira.
Ekimen horreez gain, diputatuak gogoratuazo dau Aldundiak hainbat neurri fiskal prestau dituala zergen ordainketak atzeratzeko eta autonomoek eta enpresek PFEZn salbuespenak izan daiezan, ekitaldi honetan eta hurrengoan, beste foru lurralde biakaz adostu eta gero.
Batzarretako Ekonomiaren Sustapenerako batzordean deskribidu diran neurriek ez ditue guztiz asebete oposizinoko taldeak. EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PPk “esfortzu handiagoa” eskatu deutsie Aldundiari. Izan be, Basurkok batzordean jakinarazo dituan datu makroekonomikoek (BPG %10,5 murriztea, langabeziak puntu bat gora egitea, industriako ekoizpenak %28,6 atzera egitea eta zergen ondoriozko diru-bilketea %12,8 murriztea) etorkizunari begira “gaiztasun handiak” erakusten ditue familientzat eta enpresentzat. Hori dala eta, ekoizpen-sarea bultzatzeko eta “ondorioak modu berezian” jasan dituen sektoreetan, merkataritzan eta ostalaritzan, krisiak daukan ondorioa arintzeko “laguntza zuzen gehiago” eskatu ditue.
AURREKONTUAREN BETETE MAILEA
Beste alde batetik, Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak bere sailaren aurrekontuaren betete mailaren barri emon dau, Batzarretako EH Bildu taldeak egin dauen eskariari erantzunez. Holan, Basurkok azaldu dauenez, urte honetako irailaren 30ean, betete maila hori “% 64koa” zan.
Horrez gain, Kontratazino Mahaiak Bizkaiko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroaren kudeaketea prozedura negoziauaren bidez esleitzeko emondako ebazpenaren aurka Impact Hub enpresak jarri dauen errekursoa dala eta Elkarrekin Bizkaia taldeak egin dauen erantzun-eskeari erantzunez, Basurkok esan dau Aldundia Kontratuetako Errekursoen Aldundiko Administrazino Epaitegiak emon behar duen ebazpenaren zain dagola, esleipen prozesuagaz jarraitu ahal izateko.
Elkarrekin Bizkaia taldeko Xabier Benitok salatu dauenez, “deigarria da” “erespide subjektiboei” jagokenez Impact Hubek eta PWC irabazleak aurkeztu dituen eskaintzen artean dagon aldea. Kontratazinoko Mahaiko teknikarien balorazinoa “baldintzen pleguan aurreikusitakora egokitu da” erantzun deutso Basurkok.